Haurrak eta pantailen erabilera hizpide izango dituzte larunbat honetan Zumaian, HIK HASI egitasmo pedagogikoak antolatutako jardunaldian
Euskal Herri osoko hezitzaileak elkartuko dira larunbat honetan Zumaian. Zumaian bizi diren zein Zumaian lan egiten duten hezitzaileek doan parte hartu ahal izango dute jardunaldian.
Zumaiako Udalaren babesarekin, Hik Hasi egitasmo pedagogikoak jardunaldia antolatu du larunbat honetarako. Euskal Herri osoko Haur Hezkuntzako hezitzaileak Zumaiena ikastetxean elkartuko dira, 0-6 urte bitarteko haurren pantailaren erabileraz haunsartzeko. Azaroaren 20an, 09:00etatik 14:00tara izango da jardunaldia.
Maddi Aldalur hezkuntza zinegotziak azaldu duenez punta-puntako formatzaileak izango dira Zumaian: Anna Ramis kataluniarra, Alvaro Beñaran psikomostrizista eta Amaia Arroyo Sagasta HUHEZIko aditua. Gainera, bi ikastetxetako esperientziak ezagutu ahal izango dituzte hezitzaileek.
Halaber, Aldalurrek nabarmendu du Zumaian lan egiten duten zein Zumaian bizi diren hezitzaileek doan parte hartu ahal izango dutela saioetan. Online zein presentzialki jarraitu ahal izango da jardunaldia, eta bi kasuetan beharrezkoa izango da aurrez izena ematea.
Mikel Agirrezabala Hik Hasi egitasmoko ordezkariak eskerrak eman dizkie Zumaiako Udalari zein Zumaiena ikastetxeari, “aurten ere Hik Hasirentzat eta Hezkuntza komunitatearentzat elkargune bihurtuko delako bigarren urtez; gai garrantzitsu bati buruz hausnartzeko”. Halaber, aurrez aurreko saioen garrantzian egin du azpimarra: “Euskal Herri osoko, sare desberdinetako, esperientzia anitzetako irakasleak elkartuko dira larunbatean Zumaian, erreferentzia garrantzitsu bihurtuko da herria irakasleentzat eta honen garrantzia nabarmenduko nahi dugu”.
Hik Hasik urteak daramatza Haur Hezkuntzari begira udazkeneko jardunaldiak antolatzen Bizkaian eta Gipuzkoan. Jardunaldi hauek 0-6 adin tartean lan egiten duten hezitzaileei zuzenduta egoten dira. Aurten, Bizkaian Barakaldoko BECen egingo ditugu eta Gipuzkoan, berriz, Zumaian.
Pantailak hizpide
Indartsu sartu dira pantailak azken urteetan ikasgeletan, baita 0-6ko geletara ere. Aski hausnartu ote dugu zertarako eta nola erabili behar ditugun etapa horretan? Ba al dakigu pantailen gehiegizko erabilerak edota erabilera okerrak zer-nolako eragina izan dezakeen haurren garapenean eta erlazioetan? Galdera zail horiei eta antzekoei erantzunak bilatzeko jardunaldiak egingo ditu Hik Hasik azaroaren 19an eta 20an, BECen eta Zumaian, hurrenez hurren.
Agirrezabalaren esanetan pantailen inguruko kezka ez da gaur egun sortutakoa, baina abiada handia hartu du. “Ez da gai erraza baina Hik Hasik garrantzi handia duen gai bat moduan ikusten du”. “Hezitzaile eta profesional ezberdinek beren egonezina eta beharra adierazi digute askotan, eta horretara goaz ostiralean Barakaldon eta larunbatean Zumaian. Gure helburua, gaiaren inguruko informazioa eman, hausnartu eta gogoeta sortzea izango da”.
Horretarako, punta puntako adituak ekarriko dituzte Zumaiara. Lehen hitzaldia Anna Ramis kataluiniarrak eskainiko du: Zer zentzu dute pantailek Haur Hezkuntzan?. Hezitzailea, pedagogoa eta pantailekiko mendekotasun goiztiarrean aditua da Ramis, eta 0tik 3ra, pantailarik ez? liburua idatzi eta izen bereko ekimena sortu zuen.
Bigarren hitzaldia, Alvaro Beñaran Pedagogia Terapeutikoan lizentziatua eta ASEFOPeko (Praktika Psikomotorreko Eskolen Europako Elkartea) prestatzailea eta lehendakariak eskainiko du, 0-6 urteko haurrek badituzte baliabide psikiko egokiak pantailen aurrean aritzeko eta hor jasotzen dutena kudeatzeko? Izenburupean.
Azken hitzaldia Amaia Arroyo Sagastak eskainiko du. Komunikazioan eta Hezkuntzan doktorea eta teknologia digitaletan espezializatutako Hezkuntza Bereziko irakaslea eta ikertzailea da HUHEZIn. Pantailak 0-6 adin tartean: gidaritza digitalaren beharra azalarazten hitzaldia eskainiko du.
Hitzaldien ostean bi ikastetxetako esperientziak ezagutzeko aukera izango dute hezitzaileek. Lehenik Axular Lizeoko esperientzia, Aitor Uriondo zuzendaria eta Arantza Azpirotz Haur Hezkuntzako koordinatzailearen eskutik, eta jarraian ipar Euskal Herriko hamabi ikastetxeetan egindako 10 egunez pantailarik gabe erronka azalduko du Eneko Jorajuriak
Jardunaldian zehar galderak eta hausnarketak partekatzeko aukera izango da, eta pandemia egoera kontutan hartuta, jardunaldia online jarraitzeko aukera izango da. Edonola ere, bi kasuetan beharrezkoa da izena ematea.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Abante! jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua jarri du abian Udalak 2026/02/19
- Ikusgai daude Torreagako BOE etxebizitzen zozketan parte hartzeko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak 2026/02/05
- Komentuko lorategiaren irekiera ekitaldia egingo dute otsailaren 7an 2026/01/30
- Ostiral honetan amaituko da Torreagako Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketan parte hartzeko izen-ematea 2026/01/29
Haurrak
- 0-6 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako bizipen tailerrak emango ditu otsailean Jon Urdineta psikomotrizistak 2026/01/13
- 'Kimikarin' zientzia tailerrak egingo dituzte abenduaren 30ean 2025/12/18
- Bizikleta eguna, larunbat honetan Zumaian 2025/06/04
- 3x3 saskibaloi txapelketa egingo dute maiatzaren 18an 2025/05/08
Hezkuntza
- Gaur arratsaldean egingo dute urtarrileko ohiko osoko bilkura 2026/01/29
- Herriko emakume aitzindariei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2025/12/16
- Eskola kirola, denon altxorra: eman izena! 2025/06/25
- Zumaiako 'Appa Hi!' aurkeztu dute, hitanoa praktikatzeko eta ikasteko mugikorretarako aplikazioa 2025/03/20
Herri hezitzailea
- 0-6 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako bizipen tailerrak emango ditu otsailean Jon Urdineta psikomotrizistak 2026/01/13
- 'Kimikarin' zientzia tailerrak egingo dituzte abenduaren 30ean 2025/12/18
- Herriko emakume aitzindariei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2025/12/16
- Kirol klubek, anbulategiak eta Udalak bat egin dute pantailen erabilera osasungarriaren alde 2025/10/20



