Haurrena ere bada 'Estalapea'

2020/05/05

'Estalapea' zumaiarren topaleku eta kultur-ekitaldien zein bestelako jardueren aterpea izango da aldi honetan. Haurrei zuzendutako eskaintza berezia ere sortu dute, eta Ludotekako lagunen bideoak eta Aran Santamariaren plastika tailerrak bilduko dituzte.

COVID-19a dela-eta sortutako egoerari erantzunez, espazio berri bat sortu du Zumaiako Udalak: Estalapea. Egoera honek irauten duen bitartean, sortzaileek, hizlariek eta hainbat eragile eta elkartek Estalapea hartuko dute. Haurrek beraien txoko propioa izango dute Estalapean, horiei zuzendutako ikus-entzunezkoak bilduko dituena.

Astean zehar egunero, arratsaldeko 17:00etan, Ludotekako lagunen proposamenak jasoko dituzte Zumaiako haurrek. Oraingoz jakinarazi dutenaren arabera, haurrek beraien lagunak, gelakideak, aitona-amonak, lehengusu-lehengusinak agurtu ahal izango dituzte. Ludotekako haurrak ere zorionduko dituzte bideo bidez. Gainera, Ludotekako leihoan erakusketa  jarriko dutela aurreratu dute, "elkarrekin egon ezin bagara ere, kalera paseora ateratzen garenean elkarren lanak ikusi ditzagun".

Agurrak bidaltzeko edota erakusketarako argazkiak bidaltzeko, 669 762 222 zenbakira Whatsapp-mezua bidali edo ludoteka@zumaia.eus helbidera idatzi beharko dute haurrek.

Horrez gain, maiatzeko astearte guztietan, plastika tailerra izango da 15:30ean, Aran Santamariaren eskutik. Gaur bertan gazta-kaxekin aurpegiak egiteko proposamena egingo die Aran Santamariak herriko haurrei eta familiei.

Hemen duzue Haurren Txokoa: https://labur.eus/HaurrenTxokoa

 

Hurrengo emanaldiak:

PLASTIKA TAILERRA, ARAN SANTAMARIAREN ESKUTIK

Maiatzak 5, asteartea (15:30)

LUDOTEKA: "Erakusketa estreinatu dugu!"

Maiatzak 5, asteartea (17:00)