Herriko saltokiak babesteko asmoz, 2000 erosketa bono jaulkiko dituzte Udalak eta Gertu elkarteak

2021/06/03

Kanpainara atxikitu nahi duten establezimenduek ekainak 8 baino lehen egin beharko dute eskaera. Herritarrek 35 euroren truke 50 euroko balioa duten erosketa txartelak erosi ahal izango dituzte, ekainaren 9tik aurrera.

Udako zein Gabonetako ErrotaHerria kanpainen balorazioa positiboa izanik, eta herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiei beste bultzada bat emateko, bono sistema berri bat jarriko du martxan Zumaiako Udalak, Gertu merkatari elkartearekin lankidetzan. Zehazki, 35 euroren truke 50 euroko balioa duten erosketa txartelak jaulkiko dituzte. Herritarrek ekainaren 9tik aurrera erosi ahal izango dituzte bonoak, turismo bulegoan.

Kanpainara atxikitu nahi duten merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiek ekainaren 8ra arteko epea izango dute izena emateko. Horretarako, eskaera orria bete eta zumaiaelkartea@gmail.com helbidera bidali edo turismo bulegora eraman beharko dute. Gertu elkartekoak ez direnek ere parte hartu ahal izango dute bono sisteman. 

IZEN-EMATE ORRIA
>> Epea: ekainak 8
>> Info+: zumaiagertuelkartea.eus

Pandemiak herriko komertzioetan eragindako kaltea arintzeko ErrotaHerria kanpaina abiatu zuen Udalak iazko maiatzean. 150.000 euro bideratu zituen kanpainaren baitako bonoetara, eta herritarrei beharrei erantzuteaz gain, tokiko ehun ekonomikoa indartzea izan du helburu. Plan horrekin herriko establezimenduetan 450.000 eurora arteko inpaktu positiboa sortu zela kalkulatzen du Udalak.

Orain arteko ekimenek harrera oso ona eduki dutela kontutan hartuta, Udalak beste 30.000 euro bideratuko ditu kanpaina berrira. Herritarren ekarpenekin batera 100.000 euroko eragin ekonomiko zuzena eragitea aurreikusten du. 

35 euro ordainduta, 50 euroko bonoa

Kanpainaren prestaketa lanak amaituta, herritarrek ekainaren 9tik aurrera (amaitu arte) erosi ahal izango dituzte bonoak, turismo bulegoan. Bonoen prezioa 35 eurokoa izango da, eta 50 euroko balioa duen txartela eskuratuko dute herritarrek, Zumaian bertan erabiltzeko. Txartel bakoitzak 20 euroko zati bat, eta 10 euroko hiru zati edukiko ditu.

Bonoak turismo bulegoan egongo dira salgai, ekainaren 9tik aurrera

Herritar bakoitzak bono bakarra eskuratu ahal izango du; hori egiaztatzeko, bonoa eskuratzean bono bakoitzeko NANa edo identifikazio txartel bat erakutsi beharko da.

Bonoak ekainaren 9tik uztailaren 31ra bitartean erabili ahal izango dituzte, kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan.