Musika emanaldiz beteko da Zumaia beste urte batez
Hastear da Zumaiako 39. Musika Jaialdia. Uztailaren 28tik abuztuaren 6ra arte musikak hartuko ditu herriko plaza, areto eta txokoak. Urtero bezala, herriko talde eta musikariek presentzia handia izango dute aurtengo jaialdian ere.
Udal ordezkariek eta jaialdian parte hartuko duten herriko musika taldeetako kideek aurkeztu dute dagoeneko Zumaiako 39. Musika Jaialdiko egitaraua. Begia 40. urteurrenean jarrita badute ere, aurtengo egitarauaren aniztasuna eta kalitatea nabarmendu dute guztiek ere. Urtero bezala, Zumaiako musikariek presentzia handia izango dute programan, baina, horiez gain bestelako goi-mailako musikarka emanaldiak ere izango ditugu herrian, tartean Donostia Ensembleren kontzertua, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan antolatuta.
Datorren ostiralean emango diote hasiera jaialdiari, eta bederatzi egunez, askotariko ekitaldiak izango dira herrian. Musika emanaldiez gain, antzerki, solasaldi eta dantzarentzat ere egin dute lekua, baita opera proiekzio baterako ere. Halaber, publiko guztiari zuzendutako emanaldiak egongo dira. Jaialdia uztailaren 20an hasiko da, Udaleku Musikaletako ikasleen emanaldiarekin (saioa Aita Mari aretoan izango da, 12:00etan). Arratsaldeko 19:00etan, berriz, Klarinete Maratoiko laukote irabazlearen kontzertuarekin irekiko dute jaialdia ofizialki, Mari kalean.
Marina Bidasoro kultur zinegotziak nabarmendu du aurtengo edizioan Lutxi Manzisidor gogoan hartu nahi dutela, pedagogia musikalaren arloan, Zumaiako Musika Eskolaren sorreran zein Musika Jaialdiaren antolaketan hasiera-hasieratik egindako lanagatik.
> Ikusi dossierra
Zumaiarrak protagonista beste urte batez
Ohitura denez, herriko talde eta musikariek presentzia handia izango dute aurtengo jaialdian ere. Marina Bidasoro zinegotziak eta Miriam Romatet teknikariak eskerrak eman dizkie guztiei, jaialdiaren antolaketan zein emanaldien prestaketak egiten duten ekarpen handiagatik.
Uztailak 29: Tiktara Banda-Ba-Da! ikuskizuna
Agertokira igotzen lehenak Zumaiako Musika Bandako kideak izango dira. Uztailaren 29an izango da haien txanda, baina ez dira bakarrik ariko: Gasteiz Big Band eta TikTararekin batera eskainiko dute Tiktara Banda-Ba-Da! ikuskizuna.
Amaia Uretak eman ditu kontzertuaren inguruko xehetasunak: duela 5 urteko emanaldi batean du abiapuntua ikuskizunak, baina kanta berriak eta "sorpresaren bat" ekarriko dituzte Zumaiara. Nagore Sanchez Musika Bandako kideak azaldu duenez, normalean egiten dutenek atetzen den proposamena prestatu dute, eta "musika dantzagarria eta dibertigarria" eramango dute Eusebio Gurrutxaga plazara. "Kontzertua eserita ikusteko aukera egongo da, baina ikusleak dantzarako prest etorri daitezen gonbidatzen ditugu", esan du. Joxe Mari Azkuek zuzenduko du kontzertua.
Uztailak 31: Bote prontoan familia-antzerkia
Esti Curiel aktorea eta Maria Zubimendi akordeonistak itsasoko mundua oinarri duen antzezlana prestatu dute. Nagusien Asterako prestatu zuten lana haur eta familientzat egokitu dute. Malena da istorioaren protagonista, kostaldeko herri honetara bizitzera etorri berri dena. Egokitze prozesu horretan kostaldeko kontakizun eta istorioak ezagutuko ditu, eta horiek kontatuko dituzte bi emakumeok. Esti Curielek azaldu duenez, "musika dinamiko eta dibertigarriak" lagunduko du istorioa, eta Zumaiako haur zein helduak gonbidatu ditu ikuskizunera. Maria Zubimendu akordeonistak sortu ditu doinuak, baina "antzerkia egiten ere" ikusiko dugu. Antzezlan musikatua uztailaren 31n (astelehena) izango da, 19:00etan Mari kalean.
Esti Curiel emakumea eta itsasoa lotzen dituen lan bat egiten ari da Zumaiako Udalaren sormen bekarekin. Nabarmen duenez, honakoa ez da beka horren emaitza, baina bai prozesu horretatik sortutakoa, eta prozesu horri ekarpena egiten diona.
Abuztuak 1: San Pedro Abesbatzaren Ahotsaren enborretik kontzertua
Abuztuaren 1ean (asteartea) San Pedro Abesbatzaren txanda izango da. Ahotsaren enborretik emanaldia eskainiko dute Parrokian. A capella musika estiloa izango da protagonista, baina Mari Carmen Azpeitia izango dute laguntzaile, pianoan. "Kontraste handiko saioa izango da", esan du Iker Gonzalezek. Izan ere, "abesti batetik bestera, mundu batetik bestera" egingo dute salto. Lan klasikoak interpretatuko dituzte, baina lan horietatik edaten duten gaur egungo musikarien obrentzat ere egingo dute lekua. Amaia Aldalurrek zuzenduko du kontzertua.
Abuztuak 2: Sapere Aude Sinfoniettaren emanaldia
Egun bat beranduago, abuztuaren 2an, Sapere Aude Sinfonietta igoko da Zumaiena ikastetxeko agertokira. Enrix Granador eta Manuel de Fallaren lanak interpretatuko dituzte, baina Marixi Sesmak azaldu duenez, ikuskizuneko protagonista ezkutua emakume bat izango da: Maria de la O Lajarraga. 1920. hamarkadako gertakari eta pertsonaiak lotzen dituzten intepretazioak eramango dituzte oholtza gainera. Kontzertua hobeto interpretatu ahal izateko, hitzaldi bat eskainiko dute egun batzuk lehenago: uztailaren 30ean Itzalpeko loturak hitzaldia eskainiko du Mercedes Albaina doktoreak, Oxford aretoan. Kontzerturako sarrerak salgai daude dagoeneko.
Goi-mailako musikariak Zumaiako oholtzetan
Urtero bezala, aurten ere goi mailako musikarien bisita izango dugu herrian.
Abuztuak 1: Hariak eta Hodiak, organo eta biolin kontzertua
Bikote arraroa da organoa eta biolinaren artekoa. Horretan ariko dira, ordea, Gerardo Rifón organista eta Francisco Herrera biolinista. Ibilbide handia dute bi musikariek ere, eta ekitaldian zehar garai ezberdinetako lanak interpretatuko dituzte, espreski bi instrumentu horientzat sortutakoa, zein beste formatuentzako idatzitako lanen moldaketak. Gerardo Rifónek azaldu duenez, errepertorio atsegina eskainiko dute, eta estreinaldi bat ere izango da saioan: Iker Gonzalez zumaiarrak konposatutako lana, "Txalupa txiki honetan" doinuan oinarritutako lana. Rufónek Zumaiako Parrokiako organoaren kalitatea nabarmendu du: "plazer handia da hain soinu ona duen eta hain ondo zaindua dagoen instrumentuarekin aritzea", esan du.
Abuztuak 6: Donosti Ensembleren kontzertua
Azken urteotan bezala, aurten ere Donostiako Musika Jaialdiaren barruan antolatutako kontzertu bat entzuteko aukera izango dugu Zumaian: Donosti Ensembleren Bohemiar larrosa emanaldia, Marta Zabaleta, Tatiana Samouil, Natacha Tchitch eta Pavel Gomziakov musikarien eskutik. Parrokian izango da kontzertua, arratsaldeko 20:00etan.
Albiste erlazionatuak
Kultura
Zumaia bizitzeko da
- Beatrice Salvioniren 'Barrengaizto' nobelarekin hasiko du neguko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/12/23
- Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) hasierako onarpena eman dio udalbatzak 2024/12/23
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12