Zumaiak, Getariak eta Azpeitiak Udaltzaingoen Lan Eskaintza Publiko bateratua egingo dute, ‘konfiantza eta gertutasuna oinarri dituzten udaltzainak’ kontratatzeko
Hiru udalerriok prozesu bateratua abiatuko dute 5 udaltzain postu betetzeko; lan-poltsa ere eratuko dute, aurrerantzean egon daitezkeen beharrak asetzeko. Herritarren konfiantza eta gertutasunean sakontzeko, herriaren ezagutza eta euskararen erabilera funtsezko elementuak izango dira hautaketa prozesuan. Zumaiako Udalak kudeatuko du deialdia.
Zumaiako, Getariako eta Azpeitiko udalek Udaltzaingoen Lan Eskaintza Publiko bateratua abiatuko dute, herritarren beharretara egokitutako udaltzaingo eredu hurbila eta komunitarioa indartzeko. Hori horrela, gertutasuna eta komunitatearekiko inplikazioa izango dira lanpostu hauetan funtsezko ezaugarriak. Horregatik, hautaketa prozesuan herriaren ezagutza eta euskararen erabilera bereziki baloratuko dituzte. Hala adierazi du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak, gaur goizean beste bi herriotako alkateekin batera Zumaiako udaltzaingoan egindako agerraldian.
Udalerri bakoitzak bere identitatea eta kultura propioak ditu, eta udaltzainek herritarrenganako gertutasuna eta elkarrizketa sustatzeko gaitasuna izan behar dutela ulertzen dute hiru udalotako alkateek. "Euskaraz komunikatzeko gaitasuna ezinbestekoa da, baita herriaren ezaugarriak eta kultura ezagutzea ere, herritarren eguneroko bizitzan parte hartzeko eta gatazkak kudeatzeko tresna gisa", nabarmendu du Haritz Alberdi Getariako alkateak.
Guztira, hiru herriotan aritzeko 5 udaltzain postu eskainiko dituzte: hiru Zumaiara, bat Getariarako eta bat Azpeitirako. Edonola ere, prozesuan zehar kontratatu beharreko udaltzain kopurua handitzea aurreikusita dago. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak zehaztu duenez, Azpeitiaren kasuan, barne promozio bitartez lau Agente Lehen postu beteko dituzte; ondorioz, prozesu honetara lau udaltzain postu gehitzea espero da. Gainera, lanpostu horiek betetzeaz gain, prozesutik lan-poltsa eratuko dute, hiru herriotan aurrerantzean egon daitezkeen beharrei erantzuteko.
Herritarren bizikidetza hobetzeko bitarteko eraginkorrenak prebentzioa, informazioa eta bitartekaritza direla ulertuta, gatazken kudeaketarako gertutasuna eta komunikazioa ezinbestekotzat dituzte. Segurtasun eredu zentralizatu eta zigortzailetik urrundu, eta gertuko udaltzain eredu batera bidean pausoak ematen jarraitu nahi dutela azaldu du Iñaki Ostolazak. "Udaltzaingo eredu honek herritarrekin elkarlanean arituko diren profesionalak bilatzen ditu, herri bakoitzaren ezaugarriak eta herritarren askotariko beharrak ulertzeko eta horiei erantzuteko gai izango direnak", adierazi du. Nagore Alkortaren esanetan, badira urtean bestelako udaltzaingo eredu baten bidean pausoak ematen hasi zirela, hala nola, bitartekaritza indartuz edota euskara zein jazarpen sexistaren arloko formazio saioakemanez; prozesu honekin, pauso berri bat eman nahi dute.
Halaber, prozesu hau abiatzearen beste arrazoi bat da herriotako udaltzaingoen plantilletan egonkortasuna bilatzea. Izan ere, esperientziak erakutsi du Arkauteko prozesuen bidez hautatutako udaltzainek, askotan, berehala uko egiten diotela plazari, beste herri edo hiriburuetara joateko. Hori saihesteko, herriotan lan egin nahi duten udaltzainak bilatzen ditu prozesu honek.
Hautaketa prozesuaren nondik norakoak
Udaltzaingoen Lan Eskaintza Publiko bateratua kudeatzearen arduraduna Zumaiako Udala izango da. Getariako eta Azpeitiko udalek Zumaiako Udalaren esku utzi dute prozesuaren gaineko eskumena, osoko bilkuretan hala onartuta. Otsaileko udalbatzan, prozesu bateratuaren ardura Zumaiako Udalak bere gain hartzea eztabaidatuko dute. Hori eginda, aurreikuspenen arabera, martxoan zehar zabalduko dute deialdia.
Lehenago adierazi moduan, guztira, hiru herriotan aritzeko 5 udaltzain postu eskainiko dituzte hasiera batean: hiru Zumaiara, bat Getariarako eta bat Azpeitirako. Edonola ere, prozesuan zehar kontratatu beharreko udaltzain kopurua handitzea aurreikusita dago. Azpeitiaren kasuan, adibidez, barne promozio bitartez lau Agente Lehen postu beteko dituzte; ondorioz, prozesu honetara lau udaltzain postu gehitzea espero da. Gainera, lanpostu horiek betetzeaz gain, prozesutik lan-poltsa eratuko dute, hiru herriotan aurrerantzean egon daitezkeen beharrei erantzuteko.
Albiste erlazionatuak
Udaltzaingoa
Lan eskaintza publikoa
- Azaroaren 17an egingo dituzte udaltzain plazak betetzeko hautaketa prozesuko bi azterketa 2025/11/04
- Udaltzaingoen hautaketa prozesua: onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda ikusgai 2025/10/17
- Arkitekto teknikoa kontratatzeko prozesuaren barruan behin betiko puntuazioak ikusgai 2025/09/29
- Arkitekto teknikoaren hautaketa prozesuaren barruan merituen behin behineko puntuazioak ikusgai 2025/09/19
Euskara
- Euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko eta matrikulatzeko epeak irekita 2025/09/08
- George Orwellen 'Lur jota Parisen eta Londresen' eleberriarekin hasiko du ikasturtea Irakurri Matte irakurle taldeak 2025/07/23
- Euskararen aurkako azken epaia salatzeko elkarretaratzea izango da Zumaian larunbat honetan 2025/07/18
- Abian da Julene Azpeitia ipuin lehiaketa 2025/07/02
Zumaia bizitzeko da
- Emakume bakoitzaren behar eta egoeretara egokitutako erantzunak, indarkeria matxistaren askotariko formen aurrean 2025/11/05
- Memoriaren eraikuntzaz eta giza eskubideez ariko dira hilaren 12an Oxford aretoan 2025/11/02
- 1.000 erosketa bono jaulkiko dituzte Udalak eta Gertu elkarteak, udazkeneko ErrotaHerria kanpainaren barruan 2025/10/27
- Zumaiako Udalak eta Sukia Eraikuntzak SL-k Torreagan egingo diren BOE etxebizitzen zozketarako hitzarmena sinatu dute 2025/10/21



