Jarduera fisikoa egiteko erronkak izango dira Gabonetan, 'Zumaia sasoian' ekimenaren baitan
Abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra bitartean, zumaiarrei zuzendutako erronkak izango dira egunero zumaiasasoian.eus webgunean. Herritar gehienek egiteko moduko ariketak izango dira, eta helburua zumaiarrak aktibo mantentzea da. Parte hartzaileen artean herriko komertzioetan erabiltzeko bonoak zozkatuko dituzte.
Zumaiako Udalak eta Kirol Patronatuak ‘Gabon Saria’ ekimena prestatu dute, Baleikerekin elkarlanean. Herritar gehienek egiteko moduko jarduerak proposatuko dituzte egunero, zumaiasasoian.eus webgunearen bidez. Ekimen honen helburua da zumaiarrak, Gabonetan ere, aktibo eta osasuntsu mantentzea.
Parte hartzen dutenek herriko dendetan erabiltzeko bonoak lortu ahal izango dituzte. Horretarako, egindako jarduera gorde beharko dute, mugikorrean edota bestelako gailuetan erabili daitezkeen aplikazioetako batekin. Ondoren, jarduera hori 629 503 369 telefonora bidali beharko da, Whatsapp aplikazioaren bidez, eta ondorengo datuak zehaztuz: erronkaren zenbakia, izen-abizenak eta erronkaren jarduera-grabaketa edo datuak azaltzen diren pantailaren argazkia (xehetasun guztiak zumaiasasoian.eus webgunean). Datu horiek jarduera egin izana egiaztatzeko soilik erabiliko dituzte, eta ez dira inon agertuko. Halaber, nabarmendu dute ez dela sailkapenik egongo, jarduera horiek egitea bera delako helburua.

Jarduera-proposamenak abenduaren 24an hasi eta urtarrilaren 6an amaituko dira, eta herriko toki, kultura eta elkarteak izango dira erronketako protagonista. Hala, Antxon Alberdi Kirol Patronatuko arduradunaren arabera, herriko txoko, baserri eta ibilbideak zein kirol elkarteen inguruko xehetasunak ezagutu ahal izango dituzte zumaiarrek. “Erronketan, adibidez, Zumaiako arraunlariek estropadetan egiten duten distantzia oinez egiteko, Zumaiako zenbait baserri lotzen dituen ibilbidea ezagutzeko, edota herrian ditugun artelan desberdinak lotzeko proposamena egingo diegu zumaiarrei”, azaldu du.
Alberdik azaldu duenez, jarduerak ez dira derrigor proposatutako egunean bertan egin beharko: “proposamenak egunero egingo ditugu, baina herritarrek, zehaztutako epearen barruan, nahi dutenean egin ahal izango dute jarduera”.
Bizi dugun osasun egoerak kirola eta jarduera fisikoa egiteko ohiturak ere aldatu dituela nabarmendu du Arritxu Iribar: “Kirola taldean egiteko mugak daude edota ohiko kirol probak bertan behera gelditu behar izan dira, adibidez. Baina, era berean, herritar asko jarduera fisikoa egiteko ohitura berriak hartzen ari dira”. Hori horrela izanik, Gabonetan ere ohitura osasuntsuak sustatzeko helburua du Zumaiako Udalak.
Jarduerak, banaka edo bizikidetza-unitatearekin batera
Indarrean dagoen araudiaren arabera, kirol-jarduerak banaka egin behar dira, eta bizikidetza-unitateena da salbuespen bakarra.
Jakinarazi dutenez, jarduera familian eginez gero, partaide guztiak sartuko dira zozketan. Horretarako, jardueraren datuak bidaltzeaz gain, ibilbideko leku esanguratsu batean ateratako familia-argazkia bidali beharko da 629 503 369 Whatsapp zenbakira.
Albiste erlazionatuak
Kirolak
- Zabalik dago Zumaiako goi-mailako kirolariei eta behar bereziak dituzten herritarrei zuzendutako dirulaguntzak eskatzeko epea 2025/11/05
- Kirol klubek, anbulategiak eta Udalak bat egin dute pantailen erabilera osasungarriaren alde 2025/10/20
- Udalaren izenean, zorionak eta eskerrik asko Flysch Trail mendi lasterketako kide guztiei 2025/10/07
- Surfa eta musika elektronikoa, bihar Itzurun hondartzan 2025/07/18
Zumaia bizitzeko da
- Abante! jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua jarri du abian Udalak 2026/02/19
- Ikusgai daude Torreagako BOE etxebizitzen zozketan parte hartzeko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak 2026/02/05
- Komentuko lorategiaren irekiera ekitaldia egingo dute otsailaren 7an 2026/01/30
- Ostiral honetan amaituko da Torreagako Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketan parte hartzeko izen-ematea 2026/01/29



