Kiroldegia 21:30era arte zabalik egongo da astelehenetik ostiralera

2021/05/12

Eusko Jaurlaritzak azken dekretuan egindako aldaketak direla-eta, kiroldegian ohiko ordutegia berrezarriko da. Gainera, lehorreko jardueretan aldagelak erabili ahal izango dira aurrerantzean. Edonola ere, Kirol Patronatuak eta Zumaiako Udalak gogorarazi dute orain artean mantendutako segurtasun neurriei eutsiko zaiela.

Alarma Egoera bertan behera geratzearekin batera dekretu berria argitaratu du Eusko Jaurlaritzak. Egoera aztertu eta gero, Zumaiako Udalak eta Kirol Patronatuak kiroldegiko ohiko ordutegia berrezartzea erabaki dute.

Hala, hemendik aurrera honakoa izango da kiroldegiko ordutegia:

  • Astelehenetik ostiralera: 06:30-21:30

  • Larunbatetan: 07:30-13:30/16:00-20:00

  • Igande eta jai egunetan: 07:30-13:30

Bestalde, Zumaia eremu gorrian egon den bitartean, itxita egon dira lehorreko jardueretako aldagelak. Dekretuak aldagelak erabiltzea baimentzen duenez gero, aurrerantzean kardio eta fitness guneetako erabiltzaileek, ikastaroetako ikasleek zein padel eta tenis pistako erabiltzaileek ere aldagelak erabili ahal izango dituzte.

Hala ere, Zumaiako kiroldegian pandemiaren hasieratik hartutako gainontzeko neurriak mantenduko dira. Horrenbestez, jende pilaketak saihesteko, aurrerantzean ere ezinbestekoa izango kiroldegira joateko aurrez zita hartzea. Gainera, igeriketa egitean edo dutxa erabiltzerako momentuan salbu, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da uneoro. Azkenik, ezinbestekoa izango da erabiltzaileen arteko segurartasun distantziari eustea eta gel desinfektatzailea erabiltzea.

Udako kirol ikastaroen eskaintza

Segurtasun neurri guztiak kontutan hartuta, udararako ere kirol ikastaroen eskaintza zabala prestatu dute Kirol Patronatuak eta Zumaiako Udalak. Izena emateko epea maiatzaren 31n (astelehena) hasiko da. 9:00etatik aurrera jasoko dituzte eskaerak Kiroldegian bertan, eta herritar bakoitzak gehienez lau pertsonaren izen-ematea egin ahal izango du.

2021 UDAKO KIROL ESKAINTZA: INFORMAZIO ESKUORRIA

COVID-19ak sortutako osasun krisiak ikastaroetan ere aldaketak sortu ditu. Ikastaro batzuetan distantziak mantentzeko dauden zailtasunengatik edota momentu honetan aforoak eragin duen espazio faltagatik, ezinezkoa da ohiko programazioa osatzea. Dena den, ikastaro ugariri eutsi dio zaio. Hala, moldaketak moldaketa, haur, gazte eta helduentzako kirol ikastaro eskaintza zabala izango da aurtengoan ere. Edonola ere, pandemia egoera dela-eta ikastaroetan aldaketak egon daitezkeela aurrartu du Kirol Patronatuak.

Helduek honako jarduerak egin ahal izango dituzte: Zumba, cycling-a, TRX, GAP eta piragua. 12 eta 12 urte bitarteko gazteek zumba, cycling gaztea, piragua eta multifitness egin ahal izango dituzte. Haurrei zuzendutako ikastaroak ere izango dira: igeriketa ikastaroaz gain, iaz arrakasta izan zuen padel ikastaroa eskainiko da aurtengoan ere. Gainera, urtero bezala, herriko elkarteekin elkarlanean antolatutako piragua, arraun eta mendi bizikleta ikastaroetan parte hartu ahal izango dute herritarrek.

Ikastaro horiek guztiak uztailaren 5ean abiatuko dira, eta gehienek hilabete bateko iraupena izango dute; elkarteek antolatutako ikastaroek hamabostaldi bat iraungo dute.

Bestalde, Zumaiako Kirol Patronatuak gogorarazi du udan zehar uretako ontzien alokairua martxan egongo dela. Itxasgain Kirol Elkarteak, urtero moduan, piraguak alokatuko ditu aurten ere.