Kirol instalazioetan hobekuntza eta berrikuntza gehiago egin ditu Udalak
Zumaiako Udalak markagailu berria erosi du eta kanpoko sareak aldatu ditu Aita Mari futbol zelaian, eta harmaila mugikorra jarri du Lubaki kiroldegian. Padeleko pistan eta surfeko lokalean ere egin ditu hainbat berrikuntza. Kiroldegiko gimnasioan, makineria konpontzen ere hasi da.
Legealdi honen hasieran, Zumaiako Udalak bere gain dauden kirol instalazioetan hainbat konponketa eta berrikuntza egiteko asmoa azaldu zuen. Zenbait lan egin dira, eta orain, beste batzuen txanda izan da.
Horrela, Aita Mari futbol zelaian, markagailu berria jarri du Udalak. Tresna horren ezaugarriak Zumaiako Futbol Taldearekin elkarlanean adostu ditu Udalak. 7.150 euro erabili ditu horretarako, aurreikusitakoak baino ia 1.000 euro gutxiago –markagailu zaharra ez da kendu osotasunean, berria erabili ezin denean erabili ahal izateko–.
Futbol zelaian ere egin du beste eskuhartze bat: kanpoko sareak aldatu ditu (1.000 euro erabili ditu berrikuntza hori egiten). Padeleko pistan, beste sare bat ere jarri du, bi jokalekuak gehiago bereizteko, eta pilotak batetik bestera ez pasatzeko. Bestalde, surfeko lokalean, argiteria aldatu da (730 euro).
Horrez gain, Lubaki kiroldegian harmaila mugikorra ezarri du; 16.600 euro bideratu ditu horretara. Aurtengo aurrekontuetan ez zegoen horretarako diru partidarik, baina, irizpide tekniko eta juridiko batzuk tarteko kopuru hori gimnsaioko makineria aldatzeko erabili ezin zenez, harmaila mugikorra erosteko erabili du Udalak. Harmaila hau baliagarria izango da kiroldegian edo igerilekuan, baita herriko askotariko kultur ekitaldietarako ere.
Bestalde, gimnasioko makineria konpontzeko lanak ere hasita daude. Hainbat konponketa egin behar direnez, ez da izango azkar batean gauzatuko den berrikuntza, eta Udalak pixkanaka konpondu edo berrituko ditu makina guztiak, beharraren arabera.
2025ean cycling bizikleta berriak, besteak beste
Datorren urtean ere Udalak jarraitu egingo du kirol instalazioetan berrikuntzak egiten. Horretarako, hainbat partida txertatuko ditu 2025eko aurrekontuetan. Lubaki kiroldegian, esaterako, cycling bizikleta berriak jartzea da asmoa. Horretarako 67.000 euroko partida jarrita dago aurrekontuetan.
Gimnasioan makineria berritzeko diru partida ere badauka sartuta Udalak datorren urteko aurrekontuetan (18.150 euro), eta horien mantenurako ere ia 4.000 euro egongo dira bideratuta; bi ekimen horiek lizitazio bidez egin beharko dira.
Bestelako hobekuntzak ere aurreikusita daude, besteak beste:
- Lubaki kiroldegiko igerilekuan, Taosa Igeriketa Klubarekin elkarlanean, tranpolin berriak jartzeko asmoa dago.
- Surf lokalean, gune hezea handituko da, Ziske elkartearekin bat eginda. Gero eta erabiltzaile gehiago ari direnez, gune horrek orain ez ditu betetzen beharrak, eta handitu egin behar da.
- Itsas Kiroldegian ere izango dira berrikuntzak. Aurten, kanpoko bi ate handi kendu dira, Telmo Deun Arraun Elkartearen eskariari erantzunez, eta datorren urtean, zaharkituta dauden ateak aldatuko dira. Grua berria ere erosiko du Udalak.
- Herriko frontoietan ere egingo ditu hobekuntzak: Oikiako pilotalekuan frontis aldeko itxitura konponduko da, eta, Aitzurin, berriz, kantxako argiteria aldatuko du Udalak.
Albiste erlazionatuak
Kiroldegia
Kirolak
- Zabalik dago Zumaiako Udalaren kirol instalazioetako zerbitzuak kontratatzeko lizitazio prozesua 2024/11/12
- Zumaiako Udalak, Zumaiako Kirol Elkarteak eta Innpala enpresak elkarlanean, pala jaialdia antolatu dute larunbat honetarako 2024/11/07
- Etiketa berdearen balioak soinean, 650 korrikalari eta boluntario mordoa ariko dira 15. Flysch Trail lasterketan 2024/10/01
Zumaia bizitzeko da
- Beatrice Salvioniren 'Barrengaizto' nobelarekin hasiko du neguko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/12/23
- Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) hasierako onarpena eman dio udalbatzak 2024/12/23
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12