Komentuko lorategia biziberritzeko lanak martxan

2025/07/14

Komentua kultur topagune bihurtuko da ikasturte hasierarekin batera. Komentua eraikina bera baino askoz gehiago da, ordea, eta lan horietan ere badabil Udala; lorategia eraberritzeko lanak hasi dituzte dagoeneko.

Komentua kultur topagune bihurtzeko bidean da, eta eraikinaren birgaitze lanekin batera, haren ingurunea ere berrantolatzen hasia da Udala. Ekainaren hasieratik martxan daude Komentuko lorategian eraberritze lanak. Espazio honek, Komentuko kultur-bizitza hauspotzeaz gain, espazio berde atsegin eta goxo bat bat eskainiko die zumaiar guztiei.

Lorategia Komentuaren parte den ondare babestua izanik, arretaz birgaitzen ari dira gunea, jatorrizko egitura errespetatuz. Hiru terraza edo alturatan banatuta dago lorategia berez, eta egitura bera mantenduko da. Edonola ere, hainbat moldaketa egingo dira, zenbait eremutan irisgarritasuna bermatzeko, batez ere lehenengo terrazan (komenturako sarbideak, eszenatokia eta etorkizuneko ostalaritza-gunea lotzen dituen eremuan). Halaber, oinezkoentzako bideak zabaldu eta maldak egokituko dira.

Proiektua Iñigo Segurola paisajistak diseinatu du, eta K1 Ekopaisaia enpresa ari da proiektua gauzatzen. Zumaiako Udalak 315.065 euroko inbertsioa egingo du guztira, baina kopurua osorik, dirulaguntza bidez betetzea lortu du; obra guztia %100ean finantzatua da, Kultura Intereseko Ondare izendapenarekin eta turismo erabilerarekin lotutako dirulaguntzen bidez, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Lorategiaren berritzeak hainbat helburu uztartzen ditu: ingurune berde atsegina eskaintzea, erabilera hezitzaile eta komunitarioa sustatzea, eta Komentuaren ingurua espazio bizigarri eta irisgarri bihurtzea. Horretarako, ostalaritza-establezimendu bat eraikitzeko gunea ere prest utziko da. Halaber, gune horren ingurua berrantolatuko da, Komentuko kanpoaldeko urbanizazioa eta lorategia uztartuz.

komentua.planoa.pngLandare eta zuhaitz espezie mordoa biltzen dituen habitat berezia

Komentuko lorategia berezia da oso. Honakoaren kokapenak eta inguratzen duten harresiak tarteko, mikro-klima moduko bat sortzen da bertan. Urteetan bertan sortutako fruitu-arbolak, lore jangarriak eta usain belarrak erabili zituzten garai batean Komentuan bizi ziren mojek ere. 

Honakoak dira lehendik bertan zeuden eta mantenduko diren espezieak: bi muxika, hiru intxaurrondo, laranjondo bat, limoiondo bat, bi ahuakateondo, bost kiwi zuhaitz, bi urritz, pikondo bat, bi sagarrondo, kakiondo bat eta erramu handi bat.

Proiektu berriaren barruan askotariko espezieak landatuko dituzte, lorategiaren egitura mailakatua aprobetxatuz. Goiko terrazan, sagarrondoak, madariak, aranondoak, pikondoak eta plantanondoak landatuko dituzte, eta hauei buganbilla igokariak gehituko zaizkie, lorategiari kolore eta dinamismo gehiago emateko. Erdiko terrazan, berriz, fruitu exotikoagoak izango dira nagusi: txirimoya, litxi, mangoa, limoiondoak, pomeloa, bergamota, feijoa, lima eta azukre-landareak, besteak beste. Halaber, ahuakateondo gehiago, laranjondo ugari, kumkuat, laranjondo gorria, pasio-lorea (Passiflora), babakoa eta papayaondoa landatuko dituzte, inguruko mikroklima epelari etekina ateratzeko.

Beheko terrazan, laranjondo garratzak, Peruko tomate-arboreoak, platanondoak, Ginko zuhaitzak eta kanforondoa landatuko dituzte, guztiak ere itzal eta freskotasun handiko eremu bat osatzeko. Horiez gain, lur azaleko landaketetan bergenia, lili-loreak (agapantusak), izpilikua, penisetum belarra, hortensia txuriak eta dracena bezalako landare apaingarriak sartuko dituzte, oholtzaren ondoko hartxintxar eremua barne hartuz. Azkenik, bankaletan, lorategiaren jatorrizko izpiritua mantenduz, lora jangarriak, barazkiak eta usain belarrak landatuko dituzte.

Zumaian gune berdeen biziberritzea martxan

Komentuko lorategiaren berritzea ez da ekimen isolatua. Batetik, Komentuaren osagarri bikaina izango da. Baina bigarrenik, gune berde atsegin bat ere izango da. Bigarren funtzio horrek Zumaiako Udalaren ikuspegi orokor bati erantzuten dio: herriko gune berdeak zabaltzeko eta biziberritzeko lanetan erabat murgilduta dago. Hurrengo hilabeteetan, Mariantongo parke berria prest egongo da, eta Erkibeko gunea Beheko plazarekin elkartuko da. Helburua argia da: ongizatea, kohesio soziala eta ingurumenaren zaintza uztartzen dituen Zumaia eraikitzea.