Martxan dago Udal Etxebizitza Bulegoa
Zumaian etxebizitzarekin dagoen arazoa ikusita, legealdi hasieratik gai horri irtenbidea emateko zenbait ekintza jarri ditu martxan Zumaiako Udalak. Alokairurako dirulaguntzan zabaltzea izan zen lehen ekintza, eta, gerora, arazoari modu integralean erantzuteko zenbait lan-lerro sortu dira. Etxebizitza Bulegotik kudeatuko dira guztiak, eta, gainera, zumaiarren zalantzak argitu eta tramiteak egiteko laguntza eskainiko da bertatik.
Zumaiako Udalak Etxebizitza Bulegoa aurkeztu du, zumaiarren etxebizitza eskubideari erantzuteko lan egiteko helburuarekin. Arreta zerbitzu iraunkorra eskainiko da bertatik. Zehazki, hiru zerbitzu eskainiko dira bertatik: batetik, etxebizitzaren arloan arreta pertsonalizatua, informazioa eta aholkularitza zerbitzua; bigarrenik, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatu eta alkokairura bideratzeko jarduerak gauzatu, Bizigune programaren bitartez; eta, hirugarrenik, etorkizun laburrean etorriko diren babes publikoko etxebizitzen promozioen kudeaketa. Iñaki Ostolaza alkateak, Maider Alberdi zinegotziak, Izaskun Narbaiza Hiritik At! kooperatibako teknikariak, eta Maite Aramendi Etxebizitza Bulegoko udal teknikariak eman zituzten xehetasun guztiak, joan den ostiralean.
2022ko datuen arabera, EAEko zortzigarren metro koadro garestiena du Zumaiak; etxebizitzen bataz besteko prezioa 326.000 eurokoa da Zumaian, hamargarren garestienak EAEko gainontzeko herriekin alderatuta. Alokairuaren prezioaari dagokionez, bataz besteko prezioa 708,50 eurokoa da. Datu horiek modu argian erakusten dute etxebizitzarekin egun Zumaian dagoen arazoa.
Iñaki Ostolazaren esanetan, "jakina da etxebizitza herritarren kezka nagusienetako bat dela, eta Zumaia bezalako herri batean kezka hori areagotu egiten da. Prezio altuen ondorioz herritar askok ezin dute etxebizitza duin bat prezio egoki batean eskuratu, ez alokairuan ez jabetzan". Bestalde, prezioez gain, eskari eta eskaintzaren arteko desoreka dagoela azpimarratu zuen. Momentu honetan, Alokabideren datuen arabera (2023ko martxoko datuak) Zumaian erroldatutakoen artean 185 pertsona daude erosketa egiteko eskatzaile moduan inskribatuta, eta beste 150 alokairu eskatzaile moduan. Guztira, 335 pertsona. Zumaiatik kanpoko pertsonen artean ere eskatzaile ugari daude.
Hain justu, "egoerari itzulia emateko" plana garatzen ari da Zumaiako Udala. Maider Alberdi zinegotziak azaldu zuenez, alokairurako dirulaguntzan zabaltzea izan zen legealdiko lehen ekintza, eta, gerora, arazoari modu integralean erantzuteko plana sortu da Hiritik At! kooperatibarekin elkarlanean. Paraleloki, etxebizitza bulegoaren funtzioak definitu, eta antolaketa definitzeko prozesua jarri zuten martxan.
Etxebizitza arazoari “modu integralean” erantzuteko lanean
Udal Gobernuaren lehentasunetako bat da etxebizitza arazoari erantzutea. Hori horrela, Hiritik At!-ekin batera hiru lan-lerro nagusi lantzen aritu da. Maider Alberdi zinegotziak eta Izaskun Narbaiza teknikariak eman zituzten xehetasunak.
- Etxe hutsen diagnostikoa eta horiek mobilizatzeko lan-lerroa: Zumaiako Udalak etxebizitza hutsen errolda sortu du. Azterketa hori egitearekin batera, elkarrizketak egin zitzaizkien zenbait kideri (udal teknikariak, etxebizitza asanbladako kideak, eta arlo pribatuko kideak), etxebizitza hutsak merkaturatzeko aplikatu daitezkeen neurri desberdinen inguruko iritziak jasotzeko. Gainera, Zumaiako Udalak hitzarmena sinatu zuen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin, ASAP eta Bizigune planak Zumaian mailan garatzeko.
- Etxebizitza turistikoen arautzea: Entzute ariketa bat egin zen alokairu turistikoak arautzeko oinarriak adosteko, eta momentu honetan oinarri horiek arau subsidiarioetan txertatzeko bide juridikoak aztertzen ari dira.
- Alokairu parke sozial bat sortzeko lanketa, eta etxebizitza babestuak eraikitzeko bideak: Gaur egun Zumaian ez dago parke publikoaren eskaintzarik, eta Etxebidek kudeatzen dituen etxe oso gutxi daude. Zentzu horretan, promozio publikoak garatzeko bidea egiten ari da Udala.
Horrenbestez, etxebizitza arazoari irtenbidea emateko programa bat osatua du udal gobernuak. Etxebizitza bulegoa martxan jartzeko lanean ari da, eta horretarako, etxebizitza bulegoan arituko den teknikari bat kontratatu zuen iaz. Alokairurako laguntzak ematea, eta etxe hutsak mobilizatzeko lanketa abiatzea dira lerro nagusiak. Gainera, etorkizunean etor daitezkeen etxebizitza promozio berrietan etxebizitza behar desberdinak kontutan hartzeko lanean ari da udal gobernua.
Modu paraleloan etxebizitza bulegoa jarri dute martxan, etxebizitzaren gaiak landuko dituen udal teknikari batekin.
Etxebizitza hutsak mobilizatzeko lanketa
Zumaiako etxebizitzen inguruko azterketa egin zuen Hiritik At!-ek 2022an. Guztira, 4.717 etxebizitza daude Zumaian. Horietatik %13,90 (656 etxe) inor erroldatu gabeko etxebizitzak dira, eta horien artean 162 etxebizitza hartu daitezke etxebizitza huts moduan, urtebeteko epean etxebizitza horietan izandako gas, argindar eta ur kontsumoak aztertuta. Izaskun Narbaizaren esanetan, etxebizitza hutsen ehunekoa EAEko hiriek dituzten kopuruetatik gertu dago: %3,4 Zumaian, %3,35 Bilbon.
Etxebizitza huts horiek merkaturatzea izango da Etxebizitza Bulegoaren zereginetako bat. Horretarako, Bizigune programaren berri emango diete etxebizitza hutsen jabeei. Hain justu, joan den astean gutun bat bidali da etxebizitza huts horietara, Bizgune programaren nondik norakoak azaltzeko, eta etxebizitza huts horiek alokairuan jartzera animatzeko.
Bizigune hutsik dauden etxebizitzak alokairu babestuaren bidez merkaturatzea helburu duen programa da. Horren bidez, erabilera soziala eman nahi zaie hutsik dauden etxebizitzei; eta, era berean, etxebizitzen jabeei berme guztiekin alokatzeko aukera eman. Honekin lortu nahi duguna da, Zumaian hutsik dauden alokairuak merkaturatzea, jabearentzat segurtasunarekin, eta alokatzen duenarentzat prezio jasangarriekin. Hemen irakur daiteke informazio gehiago.
Etxebizitza bulegoa:
- Ordutegia: astearte eta ostegunetan, 07:30etik 14:30era
- E-posta: etxebizitzabulegoa@zumaia.eus
- Webgunea: Etxebizitza Bulegoa
- Arreta presentzialerako urrez zita hartu 943 86 50 25 (305 luzapena) telefonora deituta edo etxebizitzabulegoa@zumaia.eus e-mailera idatzita
Albiste erlazionatuak
Etxebizitza
- 2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea 2024/12/11
- Alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik 2024/09/18
- Tentsio handiko etxebizitza eremu izendatzeko eskaera formala egin du Zumaiako Udalak 2024/06/19
- Zumaiako Udalak etxebizitza turistikoak arautu ditu, Etxebizitza Planaren barruan 2024/03/01
Etxebizitza Bulegoa
- 2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea 2024/12/11
- Alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik 2024/09/18
- Tentsio handiko etxebizitza eremu izendatzeko eskaera formala egin du Zumaiako Udalak 2024/06/19
- Zumaiako Udalak etxebizitza turistikoak arautu ditu, Etxebizitza Planaren barruan 2024/03/01
Zumaia bizitzeko da
- Beatrice Salvioniren 'Barrengaizto' nobelarekin hasiko du neguko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/12/23
- Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) hasierako onarpena eman dio udalbatzak 2024/12/23
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12