Martxoaren 7an hasiko da ZKOOP fabrika, bost saioko formakuntza zikloa
Ekonomia sozialean interesa duten herritar eta eragile guztiei zuzendutako saioak izango dira, eta gonbidapen berezia egin diete proiektu profesional bat edo ekimen sozioekonomiko eraldatzaile bat martxan jarri nahi dutenei.
ZKOOP egitasmoarekin ekonomia soziala, tokiko garapena eta ekintzailetza kooperatiboa sustatu nahi dituzte Zumaiako Udalak eta Olatukoop sareak, eta bide hori herritarren ondoan egin nahi dute. Ekimena abiatzeko, Zumaia ekonomia sozialerantz jardunaldia egin zuten atzo arratsaldean Gizarte Zentroan (Hogarrean, bertan kokatuko delako elkarlanerako zentro eraldatzaile berria). Oinarriak jarrita, martxoaren 7an abiatuko da ZKOOP fabrika, bost saioko formakuntza trinkoa.
Ekonomia sozialean interesa duten herritar eta eragile guztiei zuzendutako saioak izango dira, eta gonbidapen berezia egin diete proiektu profesional bat edo ekimen sozioekonomiko eraldatzaile bat martxan jarri nahi dutenenei. Ideia bat duten taldeak zein norbanakoak izango dira ongietorriak. Izan ere, egitasmoaren baitan proiektu kolektiboak hobestuko badira ere, indibidualki datozen pertsonen ideia edo proiektuak, proiektu kolektiboak bihurtzeko bidea zabaldu daiteke.
Formazio saioak euskaraz eskainiko dituzte, eta parte hartu nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute zkoop@olatukoop.eus e-mailera. Zalantzak dituztenek zkoop@olatukoop.eus e-mailera idatzi edo 645 719 519 telefono zenbakira deitu dezakete.
> Izen-emateak: zkoop@olatukoop.eus
> Zalantzak argitzeko: zkoop@olatukoop.eus | 645 719 519
Behin formakuntzak amaituta, maiatzetik aurrera ekintzailetza ideiaren bat aurrera eraman nahi duten zumaiarrei behar duten bidelaguntza eskainiko die ZKOOPek, bai aholkularitza pertsonalizatuaren bidez eta baita elkarlan zentroan leku fisikoa eta baliabideak eskuragarri jarrita.
Zumaia ekonomia sozialerantz jardunaldia
ZKOOPen bidea oinarri sendoekin hasteko, jardunaldia izan zen atzo arratsaldean Hogarrean. Ekonomia sozial eraldatzailearen oinarriak jarri, eta beste herri eta eskualdetan martxan dauden proiektuak mahaigaineratu zituzten.
Marko orokor bat eman eta gero, kasu praktikoak ezagutzeko aukera izan zuten Gizarte Zentroan elkartu zirenek. Gartzen Garaiok Aiaraldea eskualdeko esperientzia ekarri zuen: eskualdea euskalduntzeko eta euskaradunen behar bati erantzuteko, euskarazko komunikabide bat martxan jartzetik hasi zuten bidea, eta egun, bizitzako esparru guztiak zeharkatzen dituzten proiektuak sustatzeko lanetan ari dira eskualdean, euskaraz. 750 metro koadroko espazio fisiko bat atondu dute Laudion, eta kooperatibaren ildo sozial guztiak biltzen dituzte bertan: kultura, hezkuntza, elikadura...
Naroa Elortzak Goierriko Biziola elkartearen esperientzia azaldu zuen: eskualde mailan herritarren beharrei (zaintza, elikadura...) erantzuteko lanean ari dira, eta formakuntza eskaintzeaz gain, elkarlana eta interkoperazioa sustatzen ari dira.
Josu Labaka Azpeitiko zinegotzia herrian elikaduraren eta kulturaren inguruan martxan jarritako proiektuez eta esperientziaz aritu zen. Herritarren eta udalen arteko elkarlan beharraz mintzatu zen, eta proiektuak sustatzeaz gain, horiek eman dituzten emaitzak nabarmendu zituen. Azpeitin, kulturaren inguruko lanketarekin, kultur sorkuntza eta eskaintza handitu da herrian. Eta Elikaguneko azokaren proiektuarekin, asko hazi da bertako produktuen kontsumoa, baserritarrak produktu gehiago ekoizten hasi dira...
Albiste erlazionatuak
ZKOOP
Tokiko garapena
- Herrialde Katalanetatik Zumaiara bisita, 'ekosistema kooperatiboa sortzeko hasita bidea' ezagutzeko 2023/03/20
- Baratzeak erabiltzeko onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratu da 2023/03/17
- Lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute Urolako Komunikazio Taldeak eta Zumaiako Udalak 2023/03/17
- Zumaiako udal baratzeak erabiltzeko baimena lortu dutenen behin behineko zerrenda argitaratu da 2023/03/06
Zumaia bizitzeko da
- Kultur arloko dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago 2023/03/20
- Herrialde Katalanetatik Zumaiara bisita, 'ekosistema kooperatiboa sortzeko hasita bidea' ezagutzeko 2023/03/20
- Euskara sustatu eta erabilera bultzatzeko hitzarmena sinatu dute Larraina elkarteak eta Udalak bigarren urtez 2023/03/20
- Baratzeak erabiltzeko onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratu da 2023/03/17