Martxoaren 8an kaleak hartzeko deia egin dute Udalak eta eragile feministek

2020/03/03
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, hilabete osorako egitaraua prestatu dute elkarlanean.

Zumaiako eragile eta mugimendu feministek Udalarekin elkarlanean Emakumeen Nazioarteko Egunari begira antolatutako egitaraua aurkeztu dute gaur goizean. Agerraldian izan dira Maider Urbieta (Emakumeon* Etxea), Vanessa Arbelaitz (Mugimendu Feminista), Maite Olasagasti (Berdintasun Foroa), Jessica Guzman (Malen Etxea), Silvia Carrizo (Malen Etxea), Karmele Gomez (Zumaiako Udaleko Berdintasun teknikaria) eta Maider Alberdi (Zumaiako Udaleko Berdintasun zinegotzia).

Arbelaitzek martxoaren 8an kaleak hartzeko "zortzi arrazoi baino gehiago" daudela azaldu du; "prestatu dugun ikus-entzunezkoan momentu honetan Zumaian martxan dauden borrokak eta mugimenduak ikusarazi nahi izan ditugu; arrazismoaren kontrako aldarria, pentsio duinen aldeko mugimendua, lan esklabuaren aurkako emakume migranteen lana, Emakumeon* Etxea sortzeko lanetan ari den mugimendua, lan baldintza duinak aldarrikatzen dituzten erresidentzietako langile mugimendua, etorkizun feminista nahi duten gazte feministena, sexualitatea modu askean bizitzea aldarrikatzen dutenena eta saretzea eta borroka feminista sustatzen dituen mugimendu feministarena". Gizartea feminismotik eraldatzeko "mugimendu eta emakume horiek guztien saretzea sustatu nahi dugu, martxoaren 8an eta egunerokotasunean". Hala, martxoaren 8an kaleak hartzearen garrantzian egin du azpimarra.

Udalaren izenean "eragile feministek egindako aldarrikapenekin bat" egiten dutela azaldu du Alberdik. Hala, herritarrak martxoaren 8aren harira antolatutako ekimenetan parte hartzera deitu ditu. Horrez gain, herriko balkoietan banderola morea jartzera gonbidatu ditu herritarrak. Udaletxeko harreran jaso daitezke banderolak, doan.

Ikusi albistearen amaieran egitarau osoa

Ekintza ugari, elkarlanean

Malen Etxeako kideek Pirámides performancea egingo dute martxoaren 8ko eguerdiko manifestazioaren ostean. Carrizoren arabera, performance horren bidez emakume migranteek jasaten duten arrazismoa eta lan-eremuan bizi duten esklabutza irudikatuko du, "ibilbide osoa irudikatzen du performanceak".

Emakumeon* Etxeak Alu Ulu antzerki foroa antolatu du hilaren 11rako. Jabetze Eskolaren baitan antolatutako "Tratu onak eta erotismoa" tailerraren baitan kokatzen da foroa, baina lehen saioa irekia izango da; "ikastaroan izen eman ez dutenek ere parte hartu dezakete, eta emakume zein gizonei irekita dago saioa". Hurrengo saioak emakumeei zuzenduta daude eta parte hartzeko izena eman beharko da. Gainera, iaz maitasun erromantikoaren inguruan egindako ikastaroari "nolabaiteko amaiera emateko, ikasitakoa borobiltzeko" La deconstrucción del amor romántico como prevención de la violencia de genero hitzaldia izango da, Loredi Salegiren eskutik. Hitzaldi hau ere herritar orori zuzendu diote.

Berdintasun Foroak Zinegoak jaialdiko lanak ekarriko ditu Zumaiara beste urte batez. Ostegunean, hilaren 5ean, izango da lehen emanaldia, eta hainbat labur ikusi ahal izango dituzte herritarrek. Apirilaren 2an, berriz, Indianara luzemetraia proiektatuko dute.

Olasagastik beste hiru ekitaldi azpimarratu ditu. Alde batetik, Maite Aizpurua zumaiarraren Erresistentzia arazo fisikoa da antzezlana. Horrez gain, bi hitzaldi "indartsu" antolatu dituztela azaldu du: Rina Cabezak Sexualitateak: bizipen transexualei begirada bat hitzaldia eskainiko du, eta Paola Damontik, Brecha Orgásmica: cómo el patriarcado nos persigue hasta la cama solasaldia.

Beste hainbat eragilek ere martxoaren 8a dela eta feminismoa gaitzat hartuta ekimenak antolatu dituzte. Hala nola, martxoko zine forumean #Femalepleasure filma proiektatuko dute. Bestalde, Txiribuelta Elkarteak eta Emakumeen* Etxea elkarteak amatasunaren inguruko gogoeta saioa anolatu dute martxoaren 7rako.

Egitaraua

Martxoak 5, osteguna
22:00. 
Zinegoak: film laburrak, Aita Mari zineman. Jatorrizko bertsioan, azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz.

Martxoak 6, ostirala
22:00. 
Erresistentzia arazo fisikoa da antzezlana, Aita Mari zineman.

Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna

00.00. Kazerolada Saregileen plazan hasita.

12:30. Manifestazioa herrian zehar, Saregileen plazan hasita. Amaieran, Malen Etxea elkartearen eskutik, Pirámide performancea eta ekitaldia.

14:30. Emakumeen* bazkari feminista. Izen-emateak: zumaiafeminista@gmail.com (azken eguna: martxoak 4)

Martxoak 11, asteazkena
18:30. 
Alu-Ulu antzerki foroa, Aita Mari zineman. 

Martxoak 18, asteazkena
18:30.
Sexualitateak: bizipen transexualei begirada bat hitzaldia, Rina Cabezaren eskutik, Oxford aretoan.

Martxoak 25, asteazkena
18:30.
La deconstrucción del amor romántico como prevención de la violencia de género solasaldia, Loredi Salegiren eskutik, Hogarreko erabilera anitzeko gelan.

Martxoak 31, asteartea
18:30.
Brecha Orgásmica: cómo el patriarcado nos persigue hasta la cama solasaldia, Paola Damontiren eskutik, Oxford aretoan.

Apirilak 2, osteguna
22:00. Zinegoak: Indianara. Aita Mari zineman. Brasilgo portugesez, azpitituluak ingelesez eta gaztelaniaz.