Memoriaren Bulegoa zabalduko dute, 1959-1978 aldiko eskubide urraketak aztertzeko
Urriko astearteetan Zumaiako udaletxean egongo dira Aranzadiko ikerlariak, 10:00etatik 13:00era bitartean. Bestelako egun eta ordutegietan zita hartzeko aukera ere zabaldu dute: 699809130 telefono zenbakira deituta edo memoria@aranzadi.eus e-mailera idatzita.
Zumaiako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak lankidetza-hitzarmen berria sinatu dute, 1959 eta 1978 urteen artean Zumaian edo zumaiarrek jasandako giza eskubideen urraketak ikertzen jarraitzeko. Proiektu honek jarraipena ematen dio aurreko legealdietan Udalak egindako oroimen historikoaren lanketei, baita elkarte memorialistek egindako eta egiten duten lanari ere.
Oraingo fase honetan, lehen frankismoko urteetatik diktaduraren amaiera arteko garaia izango da aztergai. Errepresio politikoa, erbestea, zentsura, jazarpen soziala edo isiltasunean gordetako bestelako eskubide urraketak jasoko dituzte. Dokumentu historikoak eta testigantzak (zuzenekoak zein bigarren mailakoak) bilduko dituzte horretarako.
Proiektu honek ez du iraganera bakarrik begiratzen. Batez ere, orainari eta etorkizunari begiratzen dio. Egia, Justizia eta erreparazioa bilatzen ditu eskubide urraketak jasan zituztenentzat eta haien ingurukoentzat, noski. Baina horrez gain, gizarte osoarentzat memoria tresna moduan eskaintzea du xede. Izan ere, halako lanek gertatutakoa errepikatu ez dadin herritarren kontzientzia sustatzea ere badute helburu.
Horregatik, lana ez da artxiboetan geldituko emaitzak zabaltzeko hitzaldia, aurkezpen publikoak eta webgune bat prestatuko dituzte. Helburua ez da soilik ikertzea, baizik eta ezagutaraztea, herritarren parte-hartzea sustatzea, gertatutakoaren inguruan hausnartzea, eta belaunaldi berriei memoria bizirik helaraztea.
Lanketa honetan guztian, gainera, genero ikuspegia nabarmen hartuko dute kontuan, sarri, errepresio eta indarkeria kasuetan, emakumeen bizipenak isilpeagoan gelditu ohi baitira. Isildutako horri guztiari ahotsa eman nahi diote Udalak eta Aranzadik.
Herritarren ekarpena, funtsezkoa
Lan honetan ezinbestekoa izango da zumaiarren ekarpena: testigantzak, dokumentuak, oroitzapenak edo bestelako informazioa partekatu nahi dutenek ateak zabal-zabalik izango dituzte. Horretarako, Zumaiako Udalak eta Aranzadik Memoriaren Bulegoa jarriko dute martxan, informazioa biltzeko eta zalantzak argitzeko.
URRIKO ASTEARTEETAN (7, 14, 21, 28)
10:00-13:00
Zumaiako udaletxean
Ordutegi horretatik kanpo zita hartu nahi dutenek 699809130 telefono zenbakira deitu edo memoria@aranzadi.eus e-mailera idatzi beharko dute.
Albiste erlazionatuak
Memoria
- Pedro Basurto zumaiarra oroitu dute Ataunen 2025/12/04
- Memoriaren eraikuntzaz eta giza eskubideez ariko dira hilaren 12an Oxford aretoan 2025/11/02
- Aitor Tenaren 'Hari gorritik tiraka' ikerketa-lana online eskuragarri 2025/10/21
- Frankismo garaiko bizipenak eta eskubide urraketak kontatzera deitu dituzte herritarrak 2025/10/07
Zumaia bizitzeko da
- Pedro Basurto zumaiarra oroitu dute Ataunen 2025/12/04
- Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentziari eta lekukotasunari buruzko liburua aurkeztu du Imanol Azkuek 2025/12/03
- Irakurketara eta literaturara gerturatzeko parada izango da abenduan Zumaian 2025/12/01
- Erkibeko lorategia irekitzeko lanak abenduarekin batera hasiko dira 2025/11/27



