Covid-19ak sortutako egoerari aurre egiteko inbertsioak egiteko dirulaguntzak dira, eta Zumaiako merkatari eta ostalariei zuzenduta daude. Iaz egin zuen Udalak dirulaguntza horien deialdia eta eskaera berriak egiteko aukera ematea erabaki du maiatzaren 15a arte.
Dirulaguntza hauen helburua da herriko merkataritza eta ostalaritza sektoreetako establezimenduei laguntzea COVID-19aren ondorengo errealitatean martxan segitu ahal izateko. Tabernetan, dendetan, ileapaindegietan zein estetika zentroetan egindako inbertsioak finantzatuko dira dirulaguntza hauen bidez, COVID-19ari aurre egiteko egindako gastuak badira: babeserako egindako inbertsioak, lokalak eta lan-moduak egokitzeko egindakoak, lan-erlazio berriak egokitzeko inbertsio teknologikoak…
2.000 eurora arteko dirulaguntzak dira, Covid-19ari aurre egiteko egin behar izan diren edo egingo diren inbertsioetan laguntzeko. Laguntzaren eskaera, egoitza elektronikoaren bidez egitea lehenesteko eskatu du Udalak, baina udaletxean bertan ere aurkeztu ahal izango da dokumentazioa. 2020ko martxoaren 14aren eta 2021eko maiatzaren 15aren artean egindako inbertsioak lagunduko dira diruz.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako laguntzak dira, eta erakunde horrek jarritako 38.000 euroei 12.000 euro gehiago gehituko dizkio Udalak. Guztira, 50.000 euro bideratuko dituzte ostalari eta merkatariak laguntzera. Egoera epidemiologikoaren bilakaera ikusita, Aldundiak erabaki du inbertsio horiek egiteko epea luzatzea eta, horrenbestez, Zumaiako Udalak ere moldatu egin du dirulaguntzak eskatzeko epea.
Hala, 2021eko maiatzaren 15era arteko epea izango dute Zumaiako dendari eta tabernariek inbertsioak egin eta ordaintzeko, eta eskaera aurkezteko.
Aurkeztu eskaera egoitza elektronikoaren bidez (entregatu beharreko dokumentu guztiak bertan daude)