Musikaren bidez 'kontuak kontatzen' jarraituko dute Zumaiako Musika Jaialdiaren 41. edizioan
Uztailaren amaierarekin batera Zumaia musikaz beteko da beste urte batez. Urtero bezala, Musika Jaialdiaren barruan askotariko jarduerez gozatzeko aukera izango dugu herrian: abesbatzaren eskutik zarzuelak, Aaron Coplandek zein Ravelek konposatutako musika-doinuak, opera eta ballet proiekzioak eta haurrei zuzendutako 'Peru eta otsoa' kontzertu pegagogikoa, besteak beste.
Foronda jauregian aurkeztu dute 2025eko Zumaiako Musika Jaialdia. Bertan hasi zuen ibilbidea musika jaialdiak, eta leku berera itzuliko dira 41. edizioan. Kontzertu pedagogiko berezia eskainiko du bertan Zumaiako Udal Musika Bandak uztailaren 31ean (osteguna). Sergei Sergeyevich musikari errusiarraren 'Peru eta otsoa' haurrentzat bereziki sortutako ipuin sinfonikoa interpretatuko dute Zumaiako musikariek, Joxe Mari Azkueren zuzendaritzapean eta Amaia Ruiz de Galarreta narratzailearen laguntzaz.
Ez da jaialdian entzungo den ipuin edo kontu bakarra, ordea. Marixi Sesma musikariak gogoratu duenez, musikaren bidez istorioak eta kontuak kontatzen dira. Klarinete Maratoiko irabazleen emanaldiarekin abiatuko da jaialdia, uztailaren 29an, eta Donostiako Hamabostaldiaren barruko Vivalma hirukoaren kontzertu barrokoarekin emango zaio amaiera, abuztuaren 10ean. Bien bitartean, Zumaiako herritarrek eta bisitariek aukera izango dute musika klasikoa, dantza garaikidea eta jazza gertutik bizitzeko.
Uztailaren 31ko kontzertu pedagogikoa eta gero, abuztuaren 1ean, San Pedro Abesbatzak opera eta zarzuelaren doinuez osatutako kontzertu berezia aurkeztuko du. Abuztuaren 3an Sapere Aude orkestraren txanda izango da; Aaron Copland Appalachian Spring intepretatuko dute. Abuztuaren 9an, berriz, jazz doinuen txanda izango da: Iñar Sastre Trio taldeak Ravelen musikatik abiatutako jazz kontzertua eskainiko du.
Musika ez ezik, ikus-entzunezko proposamenek eta dantza garaikideak ere izango du bere tokia. Aita Mari aretoan Romeo eta Julieta obraren Londongo Royal ballet eta opera bertsioa, eta Carmen Royal Opera Housen emanaldia ikusi ahal izango dira abuztuaren 5ean eta 6an, hurrenez hurren. Hurrengo egunean (abuztuak 7) izango da dantza garaikidearen txanda.
Marina Bidasoro kultur zinegotziaren esanetan, “jendeari esker egiten du aurrera jaialdi honek”, eta eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan parte hartu duten guztiei: udal ordezkariei, teknikariei, elkarteei, musikariei, irakasleei, ikasleei eta entzule leialei. “Zumaian badakigu musika entzuten, eta horrek egiten du posible jaialdi honek bizi-bizi jarraitzea”.
Egitaraua:
Uztailak 29, asteartea
19:00. Klarinete Maratoiko laukote irabazlearen kontzertua eta Musika Jaialdiko egitarauaren aurkezpena, Mari kalean.
Uztailak 31, osteguna
13:00. Musika Bandaren eskutik, haurrentzako emanaldia, Foronda jauregiaren kanpoaldean: Peru eta Otsoa. Narratzailea: Amaia Ruiz de Galarreta.
Abuztuak 1, ostirala
20:00. San Pedro Abesbatzaren eskutik, Lirika gaua, Parrokian.
Abuztuak 3, igandea
20:00. Aaron Copland Appalachian Spring / Rimsky Korsakov Scheherazade kontzertua, Sapere Aude Sinfoniettaren eskutik, Zumaienako aretoan. Sarrerak: entradium.com webgunean edo turismo bulegoan.
Abuztuak 5, asteartea
20:00. Ballet proiekzioa, Aita Mari aretoan (sarrerak lehiatilan): Romeo eta Julieta, Londongo Royal Ballet eta operako bertsioa.
Abuztuak 6, asteazkena
19:30. Opera proiekzioa: Carmen Royal Opera Houseko bertsioa.
Abuztuak 7, osteguna
20:00. Dantza garaikidea, Odietan:
- Lasala Burnt.
- DAB konpainiaren Non Zira, zuzeneko abesbatzarekin.
Abuztuak 9, larunbata
20:00. Iñar Sastre Trio jazz kontzertua: Iñar Sastre, Jon Piris eta Mikel Urretagoiena-Ravel 150, Oxford aretoan.
Abuztuak 10, igandea
20:00. Donostiako Hamabostaldia Zumaian: Vivalma hirukoaren Numen (Musika barrokoa), parrokian.
Albiste erlazionatuak
Kultura
- Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentziari eta lekukotasunari buruzko liburua aurkeztu du Imanol Azkuek 2025/12/03
- Irakurketara eta literaturara gerturatzeko parada izango da abenduan Zumaian 2025/12/01
- Banatu dituzte Julene Azpeitia 38. ipuin lehiaketako sariak 2025/11/25
- Hemen da berriro Euskararen Astea 2025/11/21
Zumaia bizitzeko da
- Pedro Basurto zumaiarra oroitu dute Ataunen 2025/12/04
- Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentziari eta lekukotasunari buruzko liburua aurkeztu du Imanol Azkuek 2025/12/03
- Irakurketara eta literaturara gerturatzeko parada izango da abenduan Zumaian 2025/12/01
- Erkibeko lorategia irekitzeko lanak abenduarekin batera hasiko dira 2025/11/27



