Ostegunean zabalduko da udako kirol ikastaroetan izena emateko epea

2020/06/16

Udako kirol ikastaroetan izena emateko epea ekainaren 18an, ostegunean, hasiko da. Goizeko 9:00etatik aurrera jasoko dituzte eskaerak, Lubaki kiroldegian bertan.

COVID-19ak sortutako osasun krisiak udako kirol ikastaroetan ere aldaketak sortu ditu. Ikastaro batzuetan distantziak mantentzeko dauden zailtasunengatik edota momentu honetan aforoak eragin duen espazio faltagatik, ezinezkoa da ohiko programazioa osatzea. Dena den, ikastaro ugariri eutsi dio Zumaiako Kirol Patronatuak. Hala, moldaketak moldaketa, haur, gazte eta helduentzako kirol ikastaro eskaintza aurkeztu berri du.

Helduen honako jarduerak egin ahal izango dituzte: Zumba, cycling-a, TRX, GAP eta piragua. Gazteek zumba, cycling gaztea, piragua eta multifitness egin ahal izango dituzte; azken jarduera horretan, 12-16 urte bitarteko gazteek jarduera ugari probatzeko aukera edukiko dute, hala nola, cycling, GAP edota TRX modalitateetako ariketak egingo dituzte. Haurrei zuzendutako ikastaroak ere antolatu dituzte: Zumba, piragua edo mendi bizikleta.

Gainera, aurten ikastaro berri bat eskainiko dute: haur eta gazteei zuzendutako padel ikastaroa. Gehienez lau pertsonaz osatutako taldeak osatuko dituzte jarduera horretan.

Ikastaro horiek guztiak ekainaren 30ean abiatuko dira, eta gehienek hilabete bateko iraupena izango dute; elkarteek antolatutako ikastaroek hamabostaldi bat iraungo dute. Izena emateko epea ekainaren 18an, ostegunean, hasiko da. 9:00etatik aurrera jasoko dituzte eskaerak Kiroldegian bertan.

Bestalde, Zumaiako Kirol Patronatuaren izenean oroitarazi dute, udan zehar uretako ontzien alokairua martxan egongo dela. Itxasgain Kirol Elkarteak, urtero moduan, piraguak alokatuko ditu aurten ere.

Ikusi udako kirol ikastaroen eskaintza: