Santiagoko dunetatik landare inbaditzaileak kenduko dituzte larunbatean

2020/06/23

Santiago hondartzako dunetan espezie exotiko inbaditzaileak (EEI) deuseztatu eta kontrolatzeko auzolan saioa egingo dute ekainaren 27an, larunbatean. Lurgaia fundazioak eta Zumaiako Udalak elkarlanean antolatu dute ekimena, eta herritarrek ekainaren 25a baino lehen eman beharko dute izena.

Hilaren 27rako auzolan saioa antolatu dute Lurgaia Fundazioak eta Zumaiako Udalak. Herritarrekin batera Santiago hondartzako dunan espezie exotiko inbaditzaileak deuseztatu eta kontrolatzeko saioa egingo dute.
18 urtetik gorako herritarrek hartu ahal izango dute parte, eta horretarako info@lurgaia.org helbidera idatzi beharko dute, hilaren 25a baino lehen (13:00ak arte). Ezinbestekoa izango da maskara jantzita edukitzea eta saioan zehaztutako gainontzeko irizpideak betetzea. Gainera, COVID-19arekin bateragarria den sintomarik izanez gero, saioan ez parte hartzeko eskatu dute.
Lurgaia Fundazioaren izenean azaldu dutenez, Santiago hondartza balio ekologiko handiko eremua da, baina espezie exotiko inbaditzaile ugari daude bertan. Oenotera glazioviana, Onagra, Connyza sp edo Carpobrotus bezalako espezieak modu artifizialean sartutako landareak dira, eta espezie autoktonoek bete beharko luketen lekua hartzen dute. Espezie exotiko inbaditzaileak arazo izugarria eragiten dute mundu osoko biodibertsitatean, eta dunak bereziki sentikorrak dira espezie horiekiko.
Saioa hasi aurretik gaiaren inguruko azalpenak emango dituzte Lurgaia Fundazioko kideek, eta argibide zehatzak emango dituzte landareak identifikatu eta horiek modu seguruan ateratzeko.

Izen-ematea:

  • 18 urtetik gorako herritarrak
  • info@lurgaia.org helbidean, osteguna 25 baino lehen eta 13: 00ak arte
  • Beharrezko datuak: izena, abizena eta adina; udalerria; eta harremanetarako mugikor zenbakia
  • COVID-19rekin bateragarria den edozein sintoma baduzu, isolamenduan edo berrogeialdian bazaude, edo hori duten pertsonekin harremanetan egon zaitezkeela uste baduzu, mesedez, arduraz jokatu eta ez joan. Jardunaldi gehiago ere izango dira.
  • MESEDEZ: izena ematen baduzu, ez falta, ez bada oso garrantzitsua den zerbaitengatik, eta abisatu lehenbailehen. Seguruenik, jende asko plazarik gabe geratuko da eta, zu joan ezean, hutsik geratuko da.

Lan-saiorako jarraibideak:

  • Eguna eta ordua: ekainak 27, larunbata, 9:30ean
  • Kokapena: Santigoko aparkaleakuan KOKAPENA
  • Lurgaia Fundazioak emandako azalpenen arabera, honakoa izango da beharrezko materiala:
    • Maskara: nahitaezkoa izango da egun osoan zehar, parte hartzaileen arteko gutxieneko distantzia mantendu daitekeen uneetan izan ezik. Antolatzaileek ardura eskatu dute: beroa egin dezake eta traba egingo du, baina guztion onerako neurria da maskara jantzita eramatea.
    • Eskularruak: lanerako eskularruak saioan bertan banatuko dituzte
    • Ura: ekarri zure kantinplora beteta etxetik goiza osorako ur nahikorekin
    • Janaria: zerbait eraman dezakezu hamaiketakoa egiteko: fruta, adibidez. 
    • Arropa: begiratu zer eguraldi egingo duen txubaskeroa edo eguzki-babeslea, txapela eta abar ekartzeko, dagokionaren arabera.
    • Oinetakoak: mendiko botak edo antzekoak
  • GARRANTZITSUA: Errespetatu egin beharko dira osasun-agintariek COVID-19 prebenitzeko ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak, eta, bereziki, honako hauei buruzkoak: gutxienez bi metroko segurtasun-distantzia mantentzeari buruzkoak, edo, halakorik ezean, babes fisikorako, eskuen higienerako eta arnas etiketarako ordezko neurriak. (SND/399/2020 Agindua, 7.2 artikulua, eta SND/414/2020 Agindua)