Torreagako babes ofizialeko 46 etxebizitzen zozketaren eta izen-ematearen inguruko xehetasunak eman dituzte

2025/07/17

Zumaiako Udalak 46 Babes Ofizialeko Etxebizitza zozketatuko ditu Torreagan. 180.000 eta 230.000 euro inguru (BEZa barne) balioko dute etxebizitza horiek, eta zozketan parte hartzeko hainbat baldintza bete beharko dira.

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Argi Yeregi hirigintza zinegotziak eman dituzte Torreagako Babes Ofizialen Etxebizitzen inguruko argipenak gaur eguerdian. Uztaileko osoko bilkuran onartuko dituzte esleipen prozedura arautuko duten oinarriak, baina aurrez, herritarrei begirako oharrak modu xehean aurkeztu nahi izan dituzte.

Babes Ofizialeko 46 etxebizitza eraikiko dituzte Torreagako esparruan; aurreikuspenen arabera zozketa urtearen amaieran edo berriaren hasieran egingo dute. Etxebizitzen ezaugarriak, zozketan parte hartzeko baldintzak zein izen-ematearen ingurukoak ondorengo lerroetan irakur daitezke. 

Iñaki Ostolaza alkatearen esanetan aspalditik datorren promozioa da Torreagakoa, eta pozik agertu da azkenean Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketaren unea gerturatzen ari delako. Halaber, nabarmendu du Torreagako promozioari ikuspegi soziala txertatzeko lanean aritu direla azken urteotan: 12 etxebizitza eskuratuko ditu Zumaiako Udalak alokairu sozialera bideratzeko zein apartamentu tutelatu moduan erabiltzeko; gainera, 1.400 m2ko espazioa eskuratuko du, zaintzarekin lotutako askotariko beharretara bideratzeko.

Argi Yeregi hirigintza zinegotziak nabarmendu du etxebizitzarekin dagoen arazoari alde guztietatik heltzen ari direla, eta Etxebizitza Plana modu integralean garatzen jarraitzen dutela. Azkenik, gogoratu dute hurrengo urteotan etxebizitza babestu gehiago eraikiko dituztela Zumaian, modu eskalatu eta ordenatuak: Torreaga esparruko etxebizitza tasatuak aipatu dituzte, eta baita Aita Mari-Puntanoeta esparruetako etxebizitza promozioa.

Etxebizitza kopuruak, ezaugarriak eta prezioak

  • 46 etxebizitza zozketatuko dira (guztiek garajeak)
    • 43 kupo orokorrekoak: 12 hiru logelakoak, 31 bi logelakoak
    • 3 etxebizitza egokitu, bi logelakoak (parte hartzeko ezinbestekoa izango da mugikortasun urri iraunkorra izatea).
    • 17 trastero, etxebizitzetako batzuei lotuta
  • Etxebizitzen prezioak: 180.000 eta 230.000 euro inguru (BEZa barne). Etxebizitzen ezaugarrien arabera aldatzen da kopurua (logela kopurua, etxebizitzaren tamaina, trastelekua eduki edo ez…).

Nori zuzendutako etxebizitzak dira?

Babes Ofizialeko Etxebizitzak izanik, horietara sarbidea edukitzeko honako bi baldintza nagusiak bete beharko dira:

  • Diru-sarrerak: 12.000 eta 45.002,57 euro arteko diru-sarrera haztatuak, 2024ko ekitaldiari dagokion errenta aitorpena oinarri hartuta.
  • Errolda: Erroldatze-baldintzak betetzea, gutxienez honako hauek egiaztatuz (bi kasuetan 2025eko irailaren 19a hartuko da errerferentziazko epe moduan):
    • 5 urtez Zumaian erroldatuta egon izana azken 10 urteetan, edo
    • Gutxienez azken 2 urteetan eta etenik gabe Zumaian erroldatuta egon izana

Horiez gain, honakoak ere bete beharko dira:

  • Adina: Adinez nagusia edo adingabe emantzipatua izatea.
  • Etxebizitza premia izatea: Bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsonetako batek ere ezingo du etxebizitzarik eduki jabetza, jabetza soilean, azalera-eskubidean edo gozamenean, salbuespenak salbuespen.
  • Erantzukizunpeko adierazpena sinatzea, baldintza guztiak betetzeko konpromisoa hartuz.

Baldintza horiek betetzen dituztenek, prozesuan parte hartzeko aukera izango dute. Izen-emate prozesuari dagozkion pauso guztiak betetzea ezinbestekoa izango da.

Izen-ematea (garrantzitsua)

Zozketan parte hartzeko bi pauso eman beharko dituzte interesdunek: batetik, Etxebiden etxebizitza-eskatzaile moduan (jabetza erregimenean) izena emateko eskaera eginda eduki beharko dute (epea: irailak 19); bigarrenik, zozketan parte hartzeko eskaera aurkeztu beharko dute udaletxean.

ZER

NOIZ/EPEA

NOLA

OHARRAK

ETXEBIDEN IZEN-EMATEA

Irailak 19 arte (2025/09/19)

Etxebideren web-orrian

- Babes Ofizialeko Etxebizitza eskatzaile bezala (jabetza erregimenean eta Zumaian)

- Etxebiden izena emanda daudenak eta espedientea eguneratu behar dutenek, aldaketak ere epealdi hori baino lehenago eskatu behar dituzte (adibidez, bizikidetza unitatean aldaketak egon badira)

Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan

ZOZKETAN PARTE HARTZEKO ESKAERA

GAOn deialdia argitaratu eta 15 eguneko epean

Udaletxean (presentzialki edo egoitza elektronikoaren bidez)

Eskaera eredu ofizial bidez aurkeztu beharko da

Momentuz, beraz, honakoa da etxebizitza horien zozketan parte hartu nahi dutenen eginbeharra:

  • Etxebiden etxebizitza eskatzaile moduan (jabetza erregimenean eta Zumaian) izena emateko eskaera behar bezala egitea.
  • Erregistroan altan daudenen kasuan egiaztatzea datuak ondo dituztela, bereziki bizikidetza unitateari dagozkionak.

Prozesuaren inguruko zalantzak izatekotan, deitu 943 86 50 25 zenbakira edo idatzi etxebizitzabulegoa@zumaia.eus e-mailera.