Udal eraikinen garbiketa zerbitzua publifikatzea erabaki du udalbatzak
Sektore publikoa indartu, eta azpikontratazioak murriztu nahi ditu Udal Gobernuak. EH Bilduren aldeko botoekin egin du aurrera erabakiak; EAJko eta PSEko ordezkariek aurkako botoa eman dute.
Zumaiako Udalak udal eraikin eta lokalen garbiketa zerbitzua publfikatzeko prozesua abiatu du ekaineko ohiko bilkuran hartutako erabakiarekin. Hala, gaur egun azpikontratatuta dagoen enpresako langileak (fijoak eta behin behinekoak) subrogazio bidez udal langile izatera pasako dira irailaren 1etik aurrera.
Orain enpresak dituen lan baldintza berdinetan subrogatuko dira, baina udalaren baitako langileak diren momentuan lan-baldintzak negoziatzeko prestutasun osoa dutela azpimarratu du Ostolazak. Era berean, Udalak lan eskaintza publikoaren prozesu bat jarriko du martxan. Hala, 12 garbitzaile lanpostu berri sortuko dira Udalaren lanpostuen zerrendan, eta horiek hautaketa-prozesuaren bidez beteko dira. Horrekin batera, lan-poltsa bat osatuko da langileen baja, opor-egunak eta bestelakoak betetzeko.
Prozesuari dagokionez “balioan jartzeko moduko” zenbait elementu azpimarratu ditu Ostolazak: “Prozesu honetan ez dugu inor bazterrean utzi; garbiketaren eremua eremu feminizatu eta prekarizatua izanik, garbiketa sektoreko lanpostu duinak sortzeko aukera izango dugu, sektore publikoko hitzarmenen araberakoak; prozesua aldeko txosten teknikoekin eramango dugu aurrera; eta prozesu honek, aurrerago ere bestelako publifikazio prozesuak aurrera eramateko eredu bat jarriko du mahai gainean”.
Iñaki Ostolaza alkatearen arabera Udal Gobernuaren helburuetako bat da zerbitzu publikoa indartzea, eta azken bi urteotan bi norabidetan egin dute lan: alde batetik, dagoeneko martxan dauden zerbitzuak indartzea -udaltzaingoaren baitan lau postu berri sortu dira, brigada handitu da edota Herritarren Arreta Zerbitzua indartu da, besteak beste-; eta bestetik, azpikontratazioak murrizteko bideak martxan jartzea. Logika horren baitan abiatu du Udal Gobernuak udal eraikin eta lokalen garbiketa zerbitzua publifikatzeko bidea.
EAJ eta PSE, erabakiaren aurka
EAJk ezezko botoa eman du, eta txosten teknikoetan "subjetibotasuna eta sinismenak" daudela kritikatu du. "Oinarri teknikorik gabe hartutako erabakia da: txosten teknikoetan eraginkortasuna eta efizientzia aipatzen bada ere, ez dira kontutan hartzen, esaterako, lan eskaintza publikoa gainditzen ez dutenen kasuan ordaindu beharreko indemnizaziorik", esan du Iker Mardaraz EAJko ordezkariak. Bestalde, adierazi du udal eraikinen garbiketa zerbitzua ez dela Udalaren "zerbitzu nuklear bat", eta halako zerbitzuak publifikatzeko beharrik ez dagoela. Horrez gain, gaur egungo langileak ezegonkortasun egoeran utziko direla kritikatu dute jeltzaleek.
Arritxu Marañon PSEko ordezkaria ere erabakiaren aurka agertu da: "Udalak langile hauek subrogatuko ditu orain -berez ez dago hori egitera derrigortuta-, baina zer gertatuko da lan eskaintza ateratzean? Kaleratzeak egoteko arriskua sortzen du erabaki honek". Momentu honetan lan eskaintzaren inguruko zehaztapenik ez dagoenez, langile horiek lanik gabe gelditzeko arrisku handia dagoela kritikatu du. Gainera, azaldu du 12 lanpostu sortuko direla, eta momentu honetan 16 pertsonak egiten dutela lan garbiketa zerbitzuan.
Iñaki Ostolazak erantzun die 12 lanpostu sortuko badira ere, lan-poltsan dauden langileekin beteko direla aurreikusita egoten jarraituko duten ordu guztiak; beraz, "ez da inolako lanposturik suntsituko". Bestalde, dagokion momentuan lan eskaintza publikoaren prozesuaren irizpide orokorrak langile ordezkariekin negoziatuko dituztela baieztatu du. Azkenik, garbiketa moduko zerbitzuak sektore publikoan kokatzearen beharra azpimarratu du: "Gure ustetan garbiketa zerbitzuak, adinekoen zaintza lanak... horiek guztiak ezinbestekoak, 'nuklearrak' dira; gutxienez, bestelako zerbitzu publikoak bezain oinarrizkoak".
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Hemen da euskararen astea 2024/11/23
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
Osoko bilkurak
Zerbitzu publikoak
- Osasungintza publiko eta kalitatezkoaren aldeko gaurko mobilizazioarekin bat egiten du Zumaiako Udalak 2024/06/21
- Udaletxea eta kultur etxea itxita egongo dira ekainaren 29an eta 30ean, sanpedroak direla-eta 2023/06/26
- Udako ordutegia Herritarren Arreta Zerbitzuan 2023/06/12
- Urrezko Bikain ziurtagiria jaso du Zumaiako Udalak 2021/12/15