Utopien Herri Birak geldialdia egingo du Zumaian datorren astelehenean

2024/02/15

Abya Yalako eta Euskal Herriko emakumeen* eta kolektiboen arteko kafe solasaldia izango da datorren astelehenean (hilaren 19an) Zumaiako Oxford aretoan, arratsaldeko 18:00etan. Lurraren, lurraldearen eta zaintza kolektiboaren defentsaren inguruan ariko dira.

Lurraren eta lurraldearen defentsan antolatutako baserritarrak, feministak, komunikatzaileak, komunitate indigenak eta emakumeak Euskal Herrian izango dira izango dira gaurtik hasi eta datorren aste osoan zehar. Basoa Defendatzaileen etxean hartuko dute ostatu, eta, datozen egunotan, Euskal Herriko txoko desberdinetan kafe solasaldiak egingo dituzte. Horietako bat Zumaian izango da, otsailaren 19an (astelehena) 18:00etan Alondegiko Oxford aretoan.

PBI erakundeak, Biolur elkarteak eta Amillubi proiektuaren talde eragileak antolatu dute saioa. "Herritarrek elikagaiak eta nekazariek lurrak izan ditzaten elkartutako agroekologikoa" da Amillubi, eta lurra babestea dute helburu. Amillubi baserria eta bere lurrak erosteko ekimena abian dute, eta, saio honekin, Abya Yalako eta Euskal Herriko ekimenen saretzea sustatu nahi dute. Ekimenak Lurra Herriari Deika ekimenaren, Zumaiako Udalaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesa eta laguntza jaso ditu.

Biran, honako defendatzaile eta komunikatzaile hauek hartuko dute parte:

IXIMULEW-Guatemala

  • Rosa Ixjab Calel, pokomtxi herriko defendatzaile gaztea, Union Verapacense de Organizaciones Campesinas (UVOC) arbasoen lurraldeak eta lurrerako sarbidea defendatzeko erakunde indigena eta baserritarreko
    kidea.
  • Norma Sacir, kazetaria, gizarte komunikatzailea eta giza eskubideen defendatzailea, txorti herrikoa eta Consejo Indígena maya Chorti de Olopa erakundeko kidea.

MEXIKO

  • Samantha Cesar Vargas, giza eta ingurumen eskubideen defendatzailea, gizarte komunikatzailea. Amiltzinko irrati komunitarioko lokutorea eta programatzailea da. Indigenen Kongresu Nazionaleko
    ordezkaria eta Frente de pueblos en defensa de la tierra y el agua – Morelos, Puebla y Tlaxcala (FPDTA-MPT) erakundeko kidea da.
  • Teresa Castellanos, lurraldearen eta uraren defendatzailea. Nahua indigena da, Huexca komunitatekoa. Huexcako “Alegría y Resistencia” Irrati Komunitarioaren proiektuaren buru da eta Frente de pueblos en defensa de la tierra y el agua – Morelos, Puebla y Tlaxcala (FPDTA-MPT) erakundeko kidea.

HONDURAS

  • Lilian Borja, Yoro departamenduko El Progreso hiriko departamendu-zuzendaria da. Defendatzaileen Sare Nazionaleko eta Central Nacional de Trabajadoras/es del Campo (CNTC) erakundeko kidea da. CNTC erakunde baserritarra, gremiokoa eta erreibindikatzailea da, eta lurraren birbanaketa bidezko bat lortzeko borrokatzen du.
  • Leslie Benegas, Radio Progresoko gizarte komunikatzailea. Irrati eta web kazetaria da, ondasun naturalen, giza eskubideen, politikaren, generoaren eta ekonomia gaien arloan.

KOLONBIA

  • Maria Carvajal, baserritarra eta lurraren eta lurraldearen defendatzailea. Asociación campesina del Catacumbo (ASCAMCAT) elkarteko liderra. Nekazaritza Erreserbako Zonaldeak (Zonas de Reserva Campesina, ZRC) sustatzen dituzte, gatazkak zeharkatutako zonaldeetarako proposamen gisa.

NIKARAGUA

  • Jilma Ruiz, emakume baserritarra, feminista, lesbiana, psikologoa, giza eskubideen defendatzailea, batez ere emakumeen eta LGBTIQ+ pertsonen eskubideena. Red de mujeres pinoleras. (REMUPI) erakundeko kidea.

UtopienHerriBira_hizlariak.jpeg