Zumaia, nagusiekin eta nagusientzat

2022/05/06

Nagusien Mahaiak eta Zumaiako Udalak maiatza eta ekainerako adinekoei zuzendutako egitarau oparoa prestatu dute. Hitzaldiak, tailerrak eta jokoak prestatu dituzte, besteak beste. Brankan ate irekien eguna eta 90 urteko zumaiarrei omenaldia ere egingo dituzte.

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak, Pili Alberdi Udal Gizarte Zerbitzuetako arduradunak, Felix Idigoras eta Luis Maria Alkorta Beheko Plaza jubilatuen elkarteko kideak, eta Jose Murciano Nagusien Mahaiko ordezkariek maiatza eta ekainerako prestatu duten egitaraua aurkeztu dute gaur goizean. Aste honetan bertan etxe guztietara bidaliko dute programazio osoa biltzen duen eskuorria.

Deskargatu eskuorria irudian klik eginda
Deskargatu eskuorria irudian klik eginda

Hitzaldiak, tailerrak eta jokoak antolatu dituzte, besteak beste. Gainera, ekainaren 5ean 90 urte bete(ko) dituzten zumaiarrak omentzeko egitaraua prestatu dute, baita Brankako zerbitzuak ezagutzeko ate irekien eguna ere. Ekimen horietan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, Branka eraikinean bertan edo 943 86 22 00 telefono zenbakira bidalita.

Maiatza eta ekainerako egitaraua aurkezteaz gain, urte osoko programen berri eman dute. Hala nola, asteazkenero ordubeteko ibilaldia egiteko biltzen dira herriko zenbait adineko, Tipi tapa programaren baitan. Bestelako programak ere abian daude: memoria lantzeko tailerra -irailean abiatuko da berriro-, edota Itsasargia zerbitzua. Gainera, KZGunean doako informatika ikastaroak daudela gogorarazi dute.

Horrez gain, Zumaiako Udaleko ordezkari eta teknikariek gogorarazi nahi dute Udal Gizarte Zerbitzuetan adinekoei edo familiei informazioa eman, balorazioa egin eta baliabide eta prestazio egokietara bideratzeko aholkularitza eskaintzen dutela.

Nagusien Mahaiko ordezkariek azaldu dutenez, pandemia dela eta, azken urteak gogorrak izan dira nagusientzat. Berriro ere biltzeko eta jardueretan parte hartzeko gogoz daude, eta egitarau honek horretarako aukera ematen duela uste dute.

2012. urtean sortu zen Nagusien Mahaia, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariekin elkarlanean. Adinekoen beharrak identifikatu eta horiek erantzutea du helburu espazio honek. Nagusiekin eta nagusien alde lan egiten duen Udaleko eta herriko baliabideetako ordezkari, boluntario eta senideek osatzen dute taldea, eta edozein herritar eta eragileri zabalik dago. Herri mailan, nagusien inguruan landu daitezkeen gaiak aztertu, baloratu, proposatu eta bideratzen dituzte bertan, proiektu eta programak elkarrekin bultzatuz.

Egun, Beheko plaza elkarteak, Nagusilanek, Pentsiodunen Plataformak, adinekoentzat lan egiten duten entitateek, Otezuri egoitzan, San Juan egoitzan, Osakidetzak eta Zumaiako Osasun Zentroak, zaintzaileek eta familiartekoek, udal sail desberdinetako teknikariek, eta udal ordezkariek hartzen dute parte bertan.

Tailerrak eta hitzaldiak

Maiatzaren 17an (asteartea) hasiko dute programazioa, Musika Eskolako irakasleek emango duten tailerrarekin. 11:30etik 12:30era "musika bizipenetik musika gozatzeko" aukera izango dute herriko adinekoek. Tailer hori beste bi egunetan ere eskainiko dute: maiatzaren 24an, eta ekainaren 9an.

Bi hitzaldi ere programatu dituzte. Lehenengoa maiatzaren 18an (asteazkena) izango da; Iban Barba Zumaiako udaltzainburuak lapurreta eta iruzurren aurrean jokatzeko irizpideak emango ditu. Hitzaldia Alondegiko Oxford aretoan izango da. Bigarren hitzaldia maiatzaren 21ean (asteartea) izango da; Helena Albizu mediku eta nutrizionistak digestio arazoak hobetzeko eta dieta osasungarri bat izateko aholkuak emango ditu Brankan.

Mahai joko, toka eta igela txapelketa

Zumaiako nagusiek jokorako aukera ere izango dute. Maiatzaren 30etik ekainaren 2ra bitartean mahai joko, toka eta igela txapelketa egingo dute Hogarrean, egunero 17:00etatik aurrera. Txapelketa amaituta, ekainaren 3an (ostirala) sari banaketa egingo dute 18:30ean; jarraian, jokalari guztiek askaria egingo dute. 

Txapelketan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 29a baino lehen eman beharko dute izena, 943 86 27 41 telefono zenbakira deituta edo behekoplaza1@gmail.com e-mailera idatzita.

Omenaldia 90 urtekoei

Ohi bezala, aurtengoan ere omenaldia egingo diete 90 urte bete(ko) dituzten zumaiarrei. Ekainaren 5a (larunbata) aukeratu dute horretarako. 11:00etan meza izango da Parrokian, Beheko Plaza Abesbatzak lagunduta. Omenaldia 12:30ean egingo dute, Hogarrean. Nagusien Mahaiko, Beheko Plaza elkarteko eta Udaleko ordezkariek parte hartuko dute ekitaldian.

Ate irekiak Brankan

Programaren baitan, Zumaiako nagusiek zein horien familiartekoek Brankako zerbitzuak ezagutzeko aukera izango dute ekainaren 14an (asteartea), 18:00etatik aurrera. Branka udal gizarte zerbitzuen eraikina da, eta, besteak beste, eguneko zentroa eta apartamentu tutelatuak ere badaude bertan. Zerbitzu horien inguruko zalantzak argitzeko aukera izango dute bertaratutakoek.