Zumaiako emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak ikertzeko beka emango du Udalak

2021/07/05

Ikerketa baliatuz, emakumeen ekarpena zer nolakoa izan den jasotzen hasi nahi du Udalak, kontatu gabeko historia argitara eman, eta emakumeei zor zaien aitortza egin ahal izateko. Proposamenak uztailaren 6tik 26ra bitartean aurkeztu beharko dira.

6.700 euroko beka emango du Zumaiako Udalak, Zumaiako emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak aztertzeko. Lanean, bizitza sozial, ekonomiko, politiko zein kultur mailakoan egindako ekarpenak barnebiltzen ditu horrek.

Ikerketa euskaraz egin beharko da, eta gehienez ere 6 hilabeteko tartean egin beharko da, banaka zein taldeka. Epaimahaiaren onespena jasota, bekaren onuradunek lana herriari aurkeztu beharko diote hitzaldi baten bitartez.

Beka jaso ahal izateko, hautagaiek, honako baldintza hauek bete beharko dituzte, nahitaez: unibertsitate ikasketak edukitzea (erdi mailakoak zein goi mailakoak), eta euskarazko C1 maila izatea. Taldeen kasuan, gutxienez, taldekideen % 50ak bete beharko ditu bi baldintza horiek.

Eskabideak Zumaiako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, edo bestela, telematikoki, egoitza elektronikoan. Proiektuak aurkezteko epea zabalik egongo da uztailaren 6tik 26ra bitartean.

>> Oinarriak
>> Eskabide orria

Kontatu gabeko historia kontatzeko

Emakumeen ikuspegi eta ekarpenei balioa ematen ez dien kontakizuna izan da gure herriaren historia eraikitzeko ardatz. Gizonak izan dira objektu bakar, eta horrek, bazterrean geratzen diren errealitateak aintzat hartzen ez dituen kontakizun bat eman digu. Ez dira emakumeen errelatuak jaso izan eta ondorioz, emakumeen ikusgarritasun sozialean defizit nabarmena izan dugu.

Euskal Herriaren eta Zumaiaren historia berreskuratu eta berridazteko saiakeran, berebiziko garrantzia izan dute azken hamarkadetan ikertzaile eta historialari feministek eginiko ekarpenek. Horietan, emakumeen bizimodua, lana, erresistentzia, komunitate harremanak, nortasuna, mundu ikuskera, etab. ezagutzeko lehen pausoak eman dituzte.
Zumaiako Udalak, ikerketa baliatuz, emakumeen ekarpena zer nolakoa izan den jasotzen hasi nahi du, kontatu gabeko historia argitara eman, eta emakumeei zor zaien aitortza egin ahal izateko.