Zumaiako Udalaren adierazpen instituzionala Martxoaren 8a dela-eta: ZAINTZEN KRISIARI, ELKARLANEAN, SOLUZIO BERRIAK
Aurtengoan, zaintzen krisian egin nahi du azpimarra Zumaiako Udalak, eta egoera iraultzeko konpromiso sorta agertzen du. Halaber, bat egiten du Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza lanen inguruan abiatu duen dinamikarekin, eta dei egiten die zumaiarrei gaur arratsaldeko 19:00etarako Mugimendu Feministak antolatu dituen mobilizazioan parte hartzera.
Zaintzen krisi batean murgilduta gaudela dioten ahotsak aspalditik datoz, eta hainbat tokitatik. Esan dugu behin baino gehiagotan, pandemiak agerian utzi duela feminismoa aspaldi aldarrikatzen ari zena: bizitza zaurgarria eta dependientea da. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Krisia azaleratzeak batzuengan eragiten duen paralisiaren aldean, mugimendu feministaren deiarekin bat egiten dugu. Diskurtso hutsalak utzita, elkarlanerako eta sistema publikoaren defentsarako bideak ezarri eta eraikitzeko garaia da.
Herritar guztion bizitzek ez dutelako berdin balio gure herrian. Eta bizitza horien zaintza ez da modu berean egiten. Gogor salatzen ditugu zaintzarekin negozioa egin eta eskubidea merkantzia bilakatzen duten politikak eta enpresa kapitalistak. Zaintzaren merkantilizazio eta familiarizazioa da sustatzen den eredua, eta honek etxeko eta zaintza sektoreko langileen esplotazioa dakar. Sektorea desarautua batzuen kasuan, eta hitzarmen ezberdinetakoa besteen artean.
Krisi egoera honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, eta ezinbestekoa da, eremu hau ere horretara aktibatu eta soluzio berriak mahai-gaineratzen hastea. Errealitate gordin horren aurrean, gure herriak, dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar du, erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa- eta elkarrizketa-guneak bultzatu eta indartuz.
Horregatik guztiagatik, Zumaiako Udalak honako hau erabaki du:
-
Udalerrian martxan dauden zaintzaren inguruko lanketak oinarri hartuta eta eragileekin elkarlanean (eragile sindikalak eta sozialak, mugimendu feministako eragileak eta bestelako herri mugimenduak) estrategia publiko-komunitarioak diseinatu eta abian jartzeko beharrezko neurriak adostu eta ezartzea.
-
Gure udalerriko etxeko langileekin elkarlana sustatzea (tokiko kolektiboen bidez), haien lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko programa integralak abian jartzeko, besteak beste: kontzientziazio kanpainak, etxebizitzarako eta langileen erroldarako eskubidea bermatzeko ekimenak, etab.
-
Zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten komunikazio-kanpainak egitea, erantzunkidetasunari arreta berezia eskainiz eta etxeko langileenak bezalako errealitateak ikusaraziz.
-
Euskal Herriko Mugimendu Feministak abiatu duen dinamikarekin bat egitea, hasteko eta behin, Martxoaren 8ko deialdiak babestuz eta herritarrei bertaratzeko deia eginez. Hortik aurrera landuko den prozesuan eragile aktibo bezala parte hartzeko eta ardurak hartzeko konpromisoa adierazten dugu.
Albiste erlazionatuak
Berdintasuna
- Zaintzaren diagnostikoa egiteko herritarren parte hartzea eskatu dute 2023/09/14
- 'Casa Susanna' film dokumentala ikusteko aukera izango da irailaren 21ean, Zinegoak programaren barruan 2023/09/12
- Zumaiarrei deialdia zaintzari buruzko galdetegia betetzeko 2023/07/05
- Iruñeko erailketa matxista dela-eta, Zumaiako Udalaren adierazpena 2023/07/04
Feminismoa
- Zaintzaren diagnostikoa egiteko herritarren parte hartzea eskatu dute 2023/09/14
- Iruñeko erailketa matxista dela-eta, Zumaiako Udalaren adierazpena 2023/07/04
- Film laburren saioa izango da Zumaian ostegun honetan, Zinegoak programaren barruan 2023/06/05
- Zumaiako Udalak gogor salatu nahi du Orion gertatutako erailketa sexista eta hildakoaren familia eta gertukoei elkartasun osoa adierazi nahi die 2023/05/17
Zaintza
- Zaintzaren diagnostikoa egiteko herritarren parte hartzea eskatu dute 2023/09/14
- Oroimena lantzeko tailerrean izena emateko epea irailaren 18an zabalduko da 2023/09/14
- Zabalik dago 'Zaindu Urola Kosta' zaintza lanen arloko prestakuntza ekimenean izena emateko epea 2023/09/07
- Zumaiarrei deialdia zaintzari buruzko galdetegia betetzeko 2023/07/05