Zumaiako Udalaren esker mezua Flysch Trail lasterketa posible egin duten guztiei
Igandean 230 boluntario inguru aritu ziren lanean. Haien lanaren garrantzia nabarmendu nahi du Udalak, korrikalarien, eta, lasterketa posible egin duten ekoizle, merkatari, tabernari eta babesleen ekarpena eskertzearekin batera.
Zumaiako Udalak eskerrak eman nahi dizkie igandean Flysch Trailaren bueltan lanean aritu ziren guztiei. Aurten lehenengoz Udalak hartu du lasterketaren antolaketa, eta herritarren laguntza izan da aurtengo edizioaren arrakastaren arrazoi nagusia.
Flysch Trailaren antolaketa herrigintza ariketa aparta izan da, Zumaiako komunitatearen konpromisoaren eta elkarlanerako ohituraren erakusle. Hori horrela, Zumaiako Udalak esker ona adierazi nahi die antolakuntzan buru-belarri aritu diren zumaiar guztiei, ekitaldiaren egunean nekaezin lan egin duten 230 boluntarioei, erronka onartu duten korrikalariei, lasterketarako ekarpena egin duten tokiko ekoizleei, merkatariei eta tabernariei, baita babesleei ere. Halaber, orain artean lasterketa antolatu duten horiei ere aitortza egin nahi die.
Oro har, antolakuntza aparta izan da, egun osoan zehar giro bikaina izan zen herrian, eta korrikalariak gogoz animatu zituzten zumaiarren erantzuna bikaina izan zen beste behin. Gainera, lasterketaren ezaugarriak aldatu badira ere, beste urte batez bisitari ugari izan ditugu gurean. Lasterketaren ondorengo korrikalarien eta boluntarioen festak eguna jai-giroan amaitzeko aukera eman zuen, gainera. Balorazioa bikaina da, beraz. Edonola ere, laster balorazio xeheagoa egingo du lasterketaren antolaketan aritu direnekin, hurrengo edizioetarako hobetu beharreko alorrak identifikatzeko.
Azkenik, Udalak nabarmendu nahi du aurtengo edizioan nabarmen egin duela gora emakumeen parte hartzeak, eta hurrengo urteetan ere bide berean lanean jarraitzeko konpromisoa agertzen du.
Albiste erlazionatuak
Kirolak
- Larunbateko arraunlari beteranoen estropada dela-eta kontutan hartu beharrekoak 2024/07/18
- Zumaiako Udalak futbol-zelaira sartzeko bide egokiak erabiltzea eskatzen du 2024/07/01
- Uztailaren 12an amaituko da datorren ikasturteko haurren igeriketa ikastaroetan izena emateko epea 2024/06/28
- Futbol zelaiko argiteria LED teknologiara aldatzen ari da Udala 2024/06/06