Herri Eskolako jolastokia zabalik izango da aurrerantzean eskolako ordutegitik kanpo ere

2021/02/04

Eusko Jaurlaritzak baimena eman dio Udalari arratsaldetan eta asteburuetan ere Herri Eskolako Aita Mari eraikineko patioa zabalik edukitzeko. Lurraren kutsadura behin betikoz baztertu eta gero hartu du erabakia Jaurlaritzak.

Aurrerantzean Aita Mariko jolastokia zabalik egongo da eskola ordutegitik kanpo ere. Hala, arratsaldetan eta asteburuetan ere bertan egoteko aukera izango dute herritarrek, lehen egin zezaketen moduan. Beharrezko prozedurak jarraituta, betelan lurraren kutsadura behin betiko baztertu du Eusko Jaurlaitzak, eta hortik dator erabakia.

Betelan lurrak kutsadura izan zezakeela susmatuta, 2020ko otsailaren hasieran Udalak eten egin zituen Aita Mari herri eskolan egiten ari diren lanak. Protokoloari jarraituz, lurzoruak ikertu eta berreskuratzeko erakunde baimendu batek lurraren laginak hartu zituen. Lagina aztertu ostean inertea zela ondorioztatu eta gero, lanak martxan jarri zituzten berriro ere otsaila amaieran, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak baimenduta.

Orain artean, ordea, Eusko Jaurlaritzak ez du eskola ordutegitik kanpo eskolako patioa erabiltzeko baimenik eman. Lurraren kutsadura behin betikoz baztertuta, aurrerantzean eskola ordutegitik kanpo ere (astean zehar zein asteburuetan) zabalik egongo da jolastokia.