148 zumaiarrek jaso zuten Gizarte Larrialdietarako Laguntza 2022an

2023/06/02

Aurten ere laguntzen inguruko informazioa bidali du Udalak Zumaiako etxe guztietara, eta beharrak edukitzekotan, Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jartzeko deia egin dute udal ordezkariek eta teknikariek.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak premia puntualei erantzutea du helburu, batez ere etxebizitzako gastuei (alokairua, hipoteka, argia, ura, gasa...). Edonola ere, bestelako gastuak ordaintzen laguntzeko ere balio du. Eskuorrian jasotako kopuruen barruan, edo kopuruetatik gertu egotekotan, Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jartzera deitzen dituzte zumaiarrak.

Udalak urteak daramatza Gizarte Zerbitzuen bidez hainbat dirulaguntza kudeatzen. Dirulaguntza horien bidez Zumaian egoera ahulean bizi diren herritarrengana iritsi, bizi baldintzak nahiz bizi kalitatea hobetu eta gizarte bazterkeria egoerak prebenitu, saihestu edo leundu nahi dira. Gizarte Zerbitzuetako langileek kasu bakoitza jaso, aztertu eta baloratu egiten dute eta herritarrekin elkarlanean gauzak hobetzeko edo aldatzeko bidelaguntza eskaintzen dute, arlo pertsonalean lanketa, laguntza ekonomikoak zein sozialak, eta bestelako baliabide eta prestazioak uztartuz.

Laguntza ekonomiko horietako bat da Gizarte Larrialdietarako Laguntza, eta horren berri eman nahi die Udalak herritar guztiei hirugarren urtez, etxe guztietara bidalitako eskuorriaren bidez. Modu honetan, informazioa ahalik eta herritar gehienen eskura jartzea du helburu, behar duen orok baliabide publiko hau erabili dezan.

Gizarte Larrialdietarako Laguntza

> Eskuorria (PDF)

> Eskabidea aurkezteko agiriak

Gizarte Zerbitzuak:
943 86 22 00 / 632442256
brankaharrera@zumaia.eus

2022ean, 148 onuradun

2022an 66 bizikidetza unitateri onartu zaie dirulaguntza (egindako 88 eskaeren artean), eta ondorioz, 148 zumaiar izan dira laguntzaren onuradunak. Bizikidetza unitateak kontutan hartuta, 66 bizitza-unitatetatik 23 dira erabiltzaile berriak, eta 21 bizitza-unitate 60 urtetik gorako pertsonek osatutakoak dira.

Zumaiako Udalak 94.125 euro erabili ditu Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako, eta honakoak izan da banaketa:

KONTZEPTUA

KOPURUA/€

%

Alokairua

37.312,00

39,64

Interesak eta amortizazioa

6.473,36

6,88

Etxebizitzaren mantentzea

17.535,47

18,63

Energia

25.673,08

27,27

Altzariak eta instalakuntza

184,80

0,20

Aurreko zorra

4.050,00

4,30

Oinarrizko beharrak

2.895,78

3,08

GUZTIRA

94.124,49

100,00