Ostegunetako kinkilleroen azoka Eusebio Gurrutxaga plazan egingo dute aurrerantzean

2024/01/09

Orain arte Ondartxo eta Amaia plazetan egiten zen elikagaien eta arropen azoka Eusebio Gurrutxaga plazara lekualdatuko da. Lehenengo aldiz ostegun honetan (hilaren 11n) egingo da kokapen berrian, 08:30etik 13:00etara bitartean.

Ostegun honetatik aurrera (urtarrilak 11) Eusebio Gurrutxaga plazara lekualdatuko da Ondartxo eta Amaia plazetan egin ohi zen asteroko kinkilleroen azoka. Ez da azoka bertan kokatuko den lehen aldia. Izan ere, plaza eraberritu aurretik bertan egoten ziren salmenta postuak. Gainera, azken urteotan bertan egin izan da azoka ekologikoa, halako jardueretarako espazio egokia izanik.

Aldaketak bi arrazoi nagusiri erantzuten die. Batetik, Ondartxo eta Amaia plazetan dauden eragozpenak saihestu nahi ditu Udalak: kamioien joan-etorrian kalteak sortzen zituen Ondartxoko garajeetan zein espaloietan, eta, gainera, azokaren orain arteko kokapenak oinezkoen zirkulazio naturala eteten zuen. Horrekin batera, zenbait tabernaren terrazen espazioak erabili behar zituzten postuak jartzeko Zenbait bizilagunen kexak kontutan hartuta, eta, espazioa aztertu ondotik, erabaki onena azoka lekualdatzea dela ikusi du Udalak.

Bigarrenik, eta egungo kezka eta arazoei erantzuna emateaz gain, kokaleku-aldaketa bat dator Eusebio Gurrutxaga eremurako garapen integraleko planarekin. Izan ere, proiektu honen barruan hainbat aldaketa izango dira plazaren bueltan: batetik, aterpe handi bat eraikiko da Torreberri eraikinaren inguruan; bestetik, Erkibe eraikinaren ingurua eta plaza lotu egingo dira; eta, azkenik, Erkibe eraikinean tokiko produktuen Elikagunea sortzea da Zumaiako Udalaren asmoa. Horiek horrela, Beheko plaza elikadurarekin eta azokekin biziberritzeko asmoa izanik, ostegunetako elikagaien eta arropen azokarentzat leku aproposa dela uste du Udalak.

Zumaiako Udalak espero du aldaketa horrek saltzaileei, erosleei, eta, oro har, herritar guztiei egingo diela mesede, eta, zumaiar oro gonbidatzen du ostegun honetako azokan parte hartzera. Postuak 08:30etik 13:00etara bitartean egongo dira bertan.