Ordenantzaren aldaketa egiteko irizpide nagusiak mugikortasun ohitura osasuntsuak sustatzea, oinezkoak lehenestea, eta herrian autoz egiten diren desplazamenduak gutxitzea izan dira. Gainera, bigarren aldaketarekin arau eta irizpideak "sinplifikatu" nahi izan dituzte.
>> Ikusi aldaketen laburpen dokumentua irudian klik eginda:
EAJ eta PSE-EE udal taldeak proposamenaren aurka bozkatu dute. Oier Korta EAJ ordezkariaren arabera, ordenantzaren proposamena “presaka” landu da, eta gaia eguneko zerrendatik ateratzeko eskatu zuten. Halaber, PSE-EEk plenora gaia diktamena egin gabe egin izana kritikatu zuen. Alex Oliden zinegotziak proposamena onartzearen garrantzia azpimarratu zuen: “Ez da gure gustukoa diktaminatu gabeko proposamenak ekartzea, baina epe administratiboak betetzeko hala egin behar izan dugu”.
ALDAKETA NAGUSIAK:
1) Urtea hiru alditan banatuko da:
Hiru epe desberdinetan banatuta egongo da araudia:
- Udara: Ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean egunero izango da sistema martxan.
- Negua: Azaroaren 6tik martxoaren 14era aparkatzea libre izango da, errotazio handiko guneetan izan ezik: Txomin Agirre kaiko eta Amaiako plazako guneak araututa egongo dira.
- Tarteko aldiak: Martxoaren 15etik ekainaren 14era, eta irailaren 16tik azaroaren 4ra bitartean, asteburutan eta jaiegunetan aparkalekuak erregulatuko dira. Bertakoentzako guneak indarrean egongo dira herri osoan, eta errotazio handiko guneak indarrean izango dira. Egonaldi ertaineko guneetan aparkatzea libre izango da, baina gehienez 24 orduz utzi ahal izango da autoa bertan.
2) Ordutegi bateratua: 10:00-20:00
Aurrerantzean gune guztietan ordutegi berdina aplikatuko da. Aparkalekuen erregulazioa 10:00etatik 20:00etara egongo da indarrean.
Bi salbuespen egongo dira. Batetik, Osasun Zentroako gunea (A3 gunea) 8:00etatik 17:00etara egongo da indarrean, astelehenetik ostiralera bitartean soilik. Bestetik, Foruen plazako guneak (C gunea) ohiko ordutegi berezia izaten jarraituko du: astelehenetik ostiralera 8:00etatik 15:00etara egongo da indarrean, eta larunbatetan 8:00etatik 12:30era.
3) Ardantzabideko eremuak ez du tratamendu berezirik izango
4) Julio Beobide ibiltokia bertakoentzako izango da udaldian
Julio Beobide 1, 2 eta 4 guneetako bizilagunentzat gordeta egongo da udaldian. Gune horietakoak dira San Jose kaleko, Alde Zahrreko, Ardantzabideko eta Arrangoletako herritarrak.
Lehen egonaldi ertaineko gunea zen honakoa.
5) Errotazio handiko guneak: 3 orduko muga
Errotazio handiko guneetan, aurrerantzean, 3 orduko muga egongo da. Horietatik lehenengo 90 minutuak doan izango dira herritarrentzat; gainontzekoek lehen 30 minutuak izango dituzte doan.
Lehen errotazio handiko guneen ordu muga ordu eta erdikoa zen.
Aldaketa horiekin "bertakoei arnasa" ematen zaiela uste du Alex Oliden zinegotziak. Gainera, errotazio handiko guneetan egindako aldaketarekin eta Julio Beobide ibiltokia bertakoentzat gordetzearekin, herri-guneko trafikoa arintzea espero dute. Halaber, azaldu du errotazio handiko guneetako 3 orduek bisitarien beharrak asetzeko ere balioko duela -2 ordu eta 20 minutukoa da gunearen bataz besteko erabilera-.
Ondobidean, martxoaren amaierarako araudi berria onartuta egotea aurreikusten da. Aldaketak behin betikoak direnean, herritarrei zein bisitariei informazioa ahalik eta modu sinpleenean helarazteko euskarriak sortuko ditu Udalak.