Auzoak hobetzeko zenbait lan egiteko 1,2 milioi euro erabiltzea proposatuko du Udal Gobernuak osteguneko plenoan

2021/07/28

San Jose auzoetako etxebizitzetan igogailuak jartzeko egokitzapenak egitera, San Telmoko igogailua eraikitzera, Itzurunbideko igogailuaren lehiaketara, Alai-Sagarbide eremua bermoldatzeko lanetara, Zumaienaren kanpoko eremuan inbertsioak egiteko dirulaguntza ematera, eta Estazioan bizikletentzako gunea jartzera bideratu nahi dute kopurua, besteak beste.

Uztaileko ohiko osoko bilkura egingo du udalbatzak ostegun honetan, arratsaldeko 18:00etan udaletxeko pleno aretoan. Hainbat udal ordenantza onartu eta aldatzeaz gain, kreditu aldaketa garrantzitsu bat egitea aztertuko da bertan: Udalaren gerakinetik 1.195.000 euro hirigintza arloko lanetara bideratzea proposatuko du Udal Gobernuak. Honakoak dira lan nagusiak eta zenbatekoak:
  • San Jose auzoko etxebizitzetan igogailuak jartzeko espaloietan beharrezko egokitzapenak (400.000 euro)
  • Larretxoko igogailuak eraikitzeko bi partida berri: 350.000 euro San Telmoko igogailua eraikitzeko, eta 20.000 euro Itzurunbideko igogailuaren ideia lehiaketa martxan jartzeko.
  • Sagarbide eta Alairen arteko gunea berrurbanizatzeko lanak (75.000 euro). A3 dendaren eremuko birmoldaketa honekin Aita Mari eta Alai auzoen arteko lotura irisgarriagoa egingo da, eskolako bide sarearen atal bat osatu, eta bidegorriari jarraipena emateko (bi aldeak lotuko dira).
  • Arritokietako ur ponpategian konponketak (56.000 euro). Obra honek Alde Zaharreko bizilagunei ur hornidura bermatuko die.
  • Zumaiena ikastetxearekin hitzarmena (42.000 euro), Baso magikoa proiektua finantzatzen laguntzeko. 
  • Estazioan bizikletentzako gune estalia (30.000 euro)

Hogarrean, udaletxean, Algorri Interpretazio Zentroan eta Torreberri eraikinaren sarreran konponketak egiteko partidak handitzea ere proposatuko dute, baita hiri altzariak berritzeko 9.000 euro gehiago erabiltzea ere. Kreditu aldaketa berdinaren baitan, etxez etxeko zerbitzuan 150.000 euro gehiago sartuko dira, plegu berriak ateratzeko prozesua ahalbideratzeko.

Horrez gain, 90.600 euro Andika eta Jadarre auzoetan arazketa naturalaren proiektua gauzatzeko erabiltzea aztertuko dute (Udalaren aktibo finantziarioetatik hartuko da dirua). Putzu septikoak ekiditeko, saneamendu-urak garbitzeko sistema egingo da, modu naturalean. Filtro naturalen bidez, eta zenbait etapa jarraituta, ur garbia aterako da. Zumaiako Udalak proiektua gauzatzeko dirulaguntza jaso du. 

Udal ordenantzak

Uztaileko osoko bilkuran zenbait udal ordenantza ere aztertuko dituzte. Ondobidean, oinezkoen eta ibilgailuen ordenantzari, eta autokarabanen zerbitzuguneko araudiari hasierako onarpena emango diete.

Oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazio ordenantzarekin Zumaiako hiri-bideetako zirkulazioarekin eta horien erabilerarekin zerikusia duten zenbait alderdi arautuko dira, erabiltzaileen segurtasuna areagotzeko, ibilgailuen trafikoaren beharrezko arintasuna hobetzeko, eta aparkalekuen errotazio eta erabilera ona bermatzeko xedez.

Autokarabanentzat zerbitzugunea arautzen duen ordenantzaren xedea izango da, Udalak Urola Enparantza plazan izango duen autokarabanentzako guneen erabilera arautzea. Zerbitzugune honek bere baitan autokarabanak aparkatzeko espazio bat izango du, inguruan belar-gunea eta irteeran zerbitzu gunea. Espazio honetan kontsumorako ur puntua, ur grisak isurtzeko eremua eta ur zikinek ebakuazio puntuak jarriko dira. Autokarabana aparkalekuen artean banatuta, argi indar kuadroak ere ezarriko dira.

Bestalde, Zumaiako etxebizitza tasatuen gaia aztertuko dute: erabiltzaileen udal erregistroaren ordenantzari, eta etxebizitza tasatuen tokiko ordenantzaren 3. aldaketari hasierako onarpena.