Itzurunbideko igogailua egiteko lau proiektu finalisten artean bozkatzeko aukera izango dute zumaiarrek maiatzaren 9tik 20ra

2022/05/06

16 urtetik gorako zumaiar guztiek eman dezakete botoa, partaidetza.zumaia.eus webgunean edo udaletxean. Proiektuak online eta Itzurunbidearen hasieran jarritako panelean ikus daitezke.

Zumaiako Udala 2021eko maiatzean bildu zen Larretxoko bizilagunekin, eta Iñaki Ostolaza alkateak bertan azaldu zuen Larretxoko irisgarritasuna hobetzeko bi igogailu egiteko konpromisoa. San Telmoko igogailuaren obrak otsailean hasi ziren, eta, ondobidean, igogailua ekaina amaieran martxan egotea aurreikusten dute. Orain, Larretxoko irisgarritasuna hobetzeko bigarren igogailuaren proiektua osatzeko lanetan murgilduta dago Udala. Ideia lehiaketaren lehen fasea amaituta, herritarrek parte hartzeko txanda iritsi da orain.

Hala, datorren astelehenenetik maiatzaren 20ra bitartean Zumaian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako guztiek Itzurunbidean egingo den igogailuaren inguruan iritzia emateko aukera izango dute. Lau proiektu finalisten artean egin beharko dute aukeraketa, botoa emanda. Herritar bakoitzak behin bakarrik, eta proposamen bakar baten alde eman ahal izango du botoa.

Botoa emateko bi aukera izango dira:

  • TELEMATIKOKI: partaidetza.zumaia.eus webgunean

  • PRESENTZIALKI: udaletxean, 08:00-14:30 (NAN agiria aurkeztu beharko da)

Herritarren botoen bidez banatutako puntuaketari mahai teknikoak egindako puntuaketa gehituko zaio, eta puntu gehien lortzen dituena izango da proiektu irabazlea.

Zalantzak argitzeko hirigintza@zumaia.eus e-mailera idaztera gonbidatu dituzte herritarrak. Aurrez aurre ere jaso daitezke argibideak, 943 86 50 33 telefonora deitu eta zita hartuta.

PROPOSAMENAK:

Herritarrek honako proposamen hauen artean aukeratu beharko dute (proiektuak Itzurunbidearen hasieran jarritako paneletan ere kontsulta daitezke):

1. Herensugearen igogailua

Proposamen honek Itzurunbidea eta Larretxo auzoa egungo zubitik gertu lotzen ditu. Proposatutako igogailuak eta Flysch Hotelarenak kale irisgarri baten bidez lotura izango dute, honek Larretxo auzoko irisgarritasunari onura nabarmena ekarriko dio eta garrantzi handia hartzen du bi igogailuak lotuko dituen ardatzak.

Deskargatu dossierra irudian klik eginda
Deskargatu dossierra irudian klik eginda

2. Lurrari lotuz

Proposamenaren helburua da ingurunean ahalik eta gehien integratzea, aurrexistentziekin lehiatu ez dadin. Zubitik separatuz eta harresitik apur bat aldenduz, elementu hauei beraien izaera mantentzeko aukera ematen zaien heinean proiektua ingurumenera erabat egokitzen da.

Deskargatu dossierra irudian klik eginda
Deskargatu dossierra irudian klik eginda

3. Harri bidea

Itzurun Zuahizbidea, zuhaizti zulo ederra eta paregabea da. Oinezkoak inguru berezian murgiltzen ditu, landare igokariz betetako harlagintzezko horma astunen eta ardatza marrazten duten platanazeo kopen azpian. Igogailua harresiaren erremate gisa planteatzen da, herriaren eta Talaimendiren artean, naturalaren eta eraikitakoaren arteko trantsizio gisa. Harri prisma gisara planteatzen da igogailuaren azala, harriko hormari jarraipena emateko eta ingurumenarekin batzeko. Harri bolumen zulatua, argia igogailuaren barnean sar dadin eta kanporantz ikusi ahal izateko.

Deskargatu dossierra irudian klik eginda
Deskargatu dossierra irudian klik eginda

4. Larretxo Lotu

Elementu hau modu estrategikoan kokatzen da, Itzurunbidearen ardatzarekiko 27 graduko bira emanik igogailua ingurunera egokitzen da, kalea estutu edo sekzioa aldatu gabe. Horrez gain, igogailuaren irteerako eta sarrerako espazioak antolatzen ditu, bai goikoak zein behekoak. Horrela, urbanizaziotik salbuet sitako itxaroteko guneak sortzen dira, espazio optimoak lortuz.

Deskargatu dossierra irudian klik eginda
Deskargatu dossierra irudian klik eginda

Bi faseko prozesua

Ideia lehiaketa bidez egin da prozesua, eta lehiaketa honek bi fase ditu. Lehenengo fasean epaimahai teknikoak aurkeztutako proposamen guztiak aztertu eta puntuatu ditu (guztira, gehienez) 100 puntu lortu zitzakeen proiektu bakoitzak). Bigarren fasean, puntuazio handiena lortu duten lau proposamenak herritarren parte-hartzearen fasera igaro dira. Puntuazio handiena lortu duten lau proposamenak jendaurrean jarri dira, herritarrek emandako botoen bidez atal honi dagozkion 20 puntuak banatzeko.

Proiektu irabazlea epaimahai teknikoak emandako puntuazioa eta parte-hartze prozesuan lortutakoa puntuazioren batura egin ondoren puntu gehien lortzen duena izango da. Hilabeteko epean jakinaraziko du Udalak proiektu irabazlea zein den.

Albiste erlazionatuak