Haurrei zuzendutako ekitaldi ugari izango dira abenduan

2022/12/13

Gabonetako apaingarriak egiteko tailerra egingo dute Ludotekan abenduaren 18an, eta, Txuri Urdinera irteerak urte amaieran. Haurrei zuzendutako bi ipuin kontaketa ere izango dira haurren liburutegian

Neguko oporren atarian, haurrei zuzendutako hainbat ekintzaren berri eman du Zumaiako Udalak. Ludotekak hiru jarduera antolatu ditu Gabonen bueltan: familia giroan gabonetako apaingarriak egiteko tailerra, eta Txuri Urdinera bi irteera. Gainera, haurren liburutegian ipuin kontaketak izango dira hilaren 20an eta 29an.

Ludotekan, familia giroan

Abenduaren 18an (igandean), 17:00etatik 19:00etara, gabonetako apaingarriak egiteko tailerra izango da. "Familia giroan" dinamikaren baitan antolatutako ikasturteko lehenengo saioa izango da, eta LH1-6 bitarteko haurrei eta horien familiei zuzendutako jarduera da (gurasoek zein anai-arreba txikiek parte hartu ahal izango dute saioan).

Saioan parte hartzeko aurrez eman beharko da izena, abenduaren 15a baino lehen (plaza baino izen-emate gehiago badaude, zozketa egingo da).

Txuri Urdinera irteerak

Ohi bezala, aurten ere Zumaiako haurrek Txuri Urdin izotz-parkera joateko aukera izango dute. Bi irteera egingo dituzte:

  • Abenduak 26 (astelehena) | 09:30-17:30 | LH1-3 bitarteko haurren irteera
  • Abenduak 28 (asteazkena) | 09:30-17:30 | LH4-6 bitarteko haurren irteera

Bi kasuetan beharrezkoa izango da Ludotekan izena ematea, abenduaren 16a (ostirala) baino lehen, eta partaide bakoitzak 9 euro ordaindu beharko ditu. Plaza kopurua mugatua izanik, Ludotekako haurrek lehentasuna izango dute.

Ipuin kontaketak

Azkenik, haurren liburutegian bi ipuin kontaketa izango dira abenduan zehar:

  • Abenduak 20 (asteartea), 17:30ean. Ipuinak jo eta musikak kantatu ipuin kontaketa musikatua, Badut taldearen eskutik. Ipuin kontaketa 4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.
  • Abenduak 29 (osteguna), 17:30ean. Argi ibili ipuin kontaketa, Ixabel Agirresaroberen eskutik. Ipuin kontaketa 6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.