Martxan dago zumaianbai.eus webgunea, herriko negozioen erakusleiho birtuala

2021/07/06

Zumaiako denda, taberna eta zerbitzu enpresa txikien informazioa biltzen du webguneak. Herritarrek, jarduera horiei buruzko informazioa ikusteaz gain, online erosketak egiteko atal bat dute eskura.

Dendartean Gipuzkoako Merkatari eta Ostalarien elkartearekin lankidetzan, webgune bat sortu dute Zumaiako Udalak eta Gertu elkarteak. Zumaian BAI deitzen da proiektua, eta herriko komertzio, taberna eta zerbitzu enpresa txikien erakuslehio birtuala izateko balioko du.

Xabier Aldalur Dendartean elkarteko teknikariak eman ditu webgunearen inguruko azalpenak. Helburua tokiko jarduera ekonomikoak laguntzea dela azaldu du, eta webgunearen sorrera lehen pauso moduan kokatu du: "aurrerago, bertako denda eta bestelako negoziei digitalizazio prozesuan laguntzeko neurri berriak jarriko ditugu martxan". 

>> zumaianbai.eus

Webgune honi esker Zumaiako saltokiek beren negozioak interneten ikusgai jarri dituzte: negozio bakoitzak fitxa bana dauka webgunean, eta bertan, oinarrizko datuez gain, harremanetan jartzeko datuak jaso dituzte. Gainera, zenbait kasutan, herritarrek online erosketak egin ahal izango dituzte. Hain justu, online erosketei zuzendutako atal bat ere sortu dute webgunean. 

Lore Garciarena Gertu elkarteko teknikariak azaldu duenez, herriko dendari, ostalari eta negozioetako arduradunek oso harrera egin diote proiektuari. Horren erakusle webgunean bildutako fitxa kopurua: dagoeneko 220tik gora negozioren informazioa kontsultatu daiteke zumaianbai.eus webgunean. 

Alex Oliden tokiko garapenerako zinegotziaren arabera, “tokiko merkataritza eta ostalaritzari bultzada ekonomiko bat emateaz gain, herritarren erosketa eta kontsumo ohituretan eragin nahi du Udalak”. Izan ere, “ohitura aldaketa horren menpe dago gure taberna, jatetxe, denda eta negozio txikien biziraupena”. Digitalizazioak aldaketa asko dakartzala azaldu du, eta egoera hau "mehatxua zein aukera" izan daitekeela.

“Herritarren kontsumo ohiturak aldatzen ari dira, eta egoerari egokitzeko beharra zutela adierazi ziguten merkatari elkartekoek; horretarako sortu dugu online plataforma”, adierazi du Olidenek. Globalizazio garaian badaude ere, aldaketak tokian toki gauzatu beharko direla ere nabarmendu du. 

Zumaiako Udalak eta Gertu Zumaiako merkatari elkarteak 90.000 euro barnebiltzen dituen hitzarmena sinatu dute aurtengoan, tokiko ekonomia sustatu eta indartzeko. Aurkeztu berri duten webguneaz gain bestelako ekimenak ere jarriko dituzte martxan aurrerago.

Albiste erlazionatuak