Aita Mari antzokiko lurra aldatu, eta besaulki berriak jarriko ditu Udalak
Ekainaren 14an hasita, sei asteko iraupena izango dute hobetze lanak, eta tarte horretan itxita egongo da Aita Mari antzokia. Lurra aldatu eta besaulki berriak jartzeaz gain, eraikinaren egoera hobetzeko bestelako lanak egingo dira.
Aita Mari antzokia Zumaiako kultur eskaintzaren eta askotariko ekitaldien bilgunea da. Gune erreferentziala izanik, eraikinaren eta azpiegituraren egoera hobetzeko lanak egin nahi ditu Udalak, herritarrei zerbitzu hobea emateko.
Zumaiako Udalak 100.000 euroko aurrekontua erabiliko du lan horiek guztiak egiteko. Ekainaren 14an hasiko dituzte lanak, eta uztaila amaiera alderako bukatzea aurreikusten dute. Tarte horretan itxita egongo da Aita Mari antzokia.
Besaulki berriak eta hobetze lanak
Guztira 246 besaulki berri izango ditu aurrerantzean Aita Mari antzokian, eta besaulkien antolamendua araudiak ezartzen dituen neurrira egokituko da, suteen kontrako araudia eta irisgarritasunari lotutako araudia betez. Hala, besaulki kopurua gutxituko bada ere, erabiltzaileen aretoaren segurtasuna eta erosotasuna hobetuko dira.
Honelakoak izango dira besaulkiak, guztira 246:
- 224 ohiko eserlekuak izango dira
- 14 anbulazio erako besaulki jarriko dira -behin besaulkia jetsita, ez dira berriro igotzen-, eta horietatik sei eserlekuk beso mugikorra izango dute
- 6 gurpildun aulki jartzeko eremua egokituko da, 8 besaulki desmuntagarri jarrita
Gainera, besaulkiak kenduko direla probestuz, aretoko lur guztia aldatuko da: eraginkortasun energetikoa hobetzeko, aretoko lurra isolatuko da, eta, akabera berria emango zaio.
Iaz hasitako lanei jarraipena
2021eko irailean ere eraikinaren egoera hobetzeko zenbait lan egin zituen Udalak. Orduan, instalazio elektrikoa, suteen aurkako instalazioa, eta eraikinaren ebakuazio-plana hobetzeko lanak egin zituen, bigarren sarrera bat eta aretoan ate berri bat jartzeaz gain. 48.400 euro erabili zituen lan horiek egiteko. Gainera, hilabete batzuek lehenago brigadako langileek larrialdietako argiak aldatu zituzten, energia efizientzia hobetzeko.
Albiste erlazionatuak
Kultura
- Kaleko pintura lehiaketak Zumaiako txokoak hartuko ditu maiatzaren 12an 2024/04/23
- Sanpedroetako artisau azokan parte hartzeko deia zumaiarrei 2024/04/18
- Hemen da Martxoaren 8a, berriro ere ekitaldiz eta aldarrikapenez beteta 2024/03/07
- Herriko jaietan ekitaldiak antolatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik 2024/03/06
Hirigintza
Zumaia bizitzeko da
- Kaleko pintura lehiaketak Zumaiako txokoak hartuko ditu maiatzaren 12an 2024/04/23
- Naizen elkarteak haur eta gazte transexualen errealitatea mahaigaineratuko du Zumaian maiatzaren 2an 2024/04/23
- Bi markagailu berri kiroldegiko pistan 2024/04/19
- Sanpedroetako artisau azokan parte hartzeko deia zumaiarrei 2024/04/18