TAO sistema berpentsatzeko parte hartze prozesua abiatu du Udalak
Mahai tekniko-politikoan parte hartzeko izen-ematea eta galdetegia betetzeko epea azaroaren 6ra arte egongo da zabalik, eta prozesua martxora arte luzatuko da. Herritar orok prozesuaren jarraipena egin eta parte hartu ahal izango du partaidetza.zumaia.eus webgune berriaren bidez.
Aparkalekuen erregulazio sistema ezarri zenetik erabilitako prozedurari jarraiki, eta martxoko bilera irekietan agindu bezala, sistema birpentsatzeari ekin dio Zumaiako Udalak. Alex Oliden zinegotziaren arabera bada denbora Udal Gobernuak Zumaiako TAO sisteman hutsune batzuk identifikatu zituela, eta sistema “ahalik eta sinpleena eta erosoena izan dadin” herritarrekin batera aztertuko dute gaia. Udal Gobernuak azaldu duenez, enpresa kudeatzailearekin balorazioa egin ostean, gaia udal batzordeetan eta mahai teknikoan landu nahi dute. Ondoren, gainontzeko herritarrekin aztertuko dute gaia.
Prozesu honekin, gainera, Zumaiako Udalaren partaidetzarako webgune berria estreinatuko da: partaidetza.zumaia.eus. Webgune honen bidez herritarrek prozesuaren jarraipena egiteko eta inkesta eta galderen bidez partehartzeko aukera edukiko dute. Era berean, mahai tekniko-politikoa berrituko dute: udal politikari eta teknikariez gain, ostalaritza eta merkataritza sektoreetako ordezkariek, eta Zumaiako ordenantzak bertakoentzako ezartzen dituen sei eremuetako ordezkari banak osatuko dute taldea. Dagoeneko zabalik dago mahai-tekniko politikoan parte hartzeko izena emateko aukera.
2017ko udan jarri zen indarrean aparkalekuen erregulazio sistema arautzen duen ordenantza. 2018. urtean, partehartze prozesu baten ostean eta mahai tekniko-politiko batekin, ordenantzaren lehen aldaketa onartu zen, TAO sistema herri osora zabalduz. 2019an, hauteskundeak zirela eta, ezin izan zitzaion ordenantzaren bigarren aldaketari behin betiko onespena eman. 2020Ko udaberrian, berriz, konfinamenduaagatik ez zen izan posible. 2020ko udaren ostean sistema herritarrekin batera berpentsatzeko prozesua abiatuko du Udalak. Gaur bertan hasiko da partehartze prozesua, eta martxorako prozesu osoa amaituta edukitzea aurreikusten da.
Hainbat fase eta parte hartzeko modu
Parte hartzeko prozesuak hainbat fase eta partehartze gune izango ditu. Lehenik eta behin, mahai-tekniko politikoa berrosatuko du Udalak; bertan parte hartu nahi dutenek webgunean eman ahal izango dute izena, azaoraren 6a baino lehen. Mahai hori izango da TAO sistemaren aldaketa gidatuko duen espazioa, eta teknikari eta ordezkari politikoez gain, ostalari eta merkatarien ordezkariek eta eremu desberdinetan bizi diren zumaiarrek osatuko dute mahaia.
Eman izena mahai tekniko-politikoan: webgunean edo udaletxean (epea: azaroak 6)
Gainera, herritar orok egungo TAO sistema baloratzeko galdetegia jarri du Udalak. Herritarrek partaidetzarako webgunearen bidez edo udaletxean bertan bete ahal izango dute, urriaren 22tik azaroaren 6ra bitartean. Ekarpen horiek guztiek kontutan hartuta osatuko da ordenantza berriaren zirriborroa, eta herritarren ekarpenak jaso ostean, ordenantza berria onartzeko pausuak emango ditu Udalak. Udalak martxorako amaitu nahi du prozesu osoa.
Bete galdetegia lotura honetan edo udaletxean (epea: azaroak 6)
Eman zure iritzia lotura honetan (epea: azaroak 6)
OHARRA: Galdetegia betetzeko edo iritzia emateko ezinbestekoa da aurrez izena ematea
Partaidetza atari berria
Maider Alberdi zinegotziaren arabera, herritarren partehartzea sustatzeko bide eta modu desberdinak lantzen ari dira. "Platarma hau herritarrei parte hartzeko beste bide bat izango da, beste tresna bat", adierazi du Alberdik. Partehartzerako ohiko bideei eutsiko zaie aurrerantzean ere, herritarrekin zuzenean bilduz eta eztabaidatuz, baina aurrerantzean, "tresna bat gehiago izango dugu eskura".
Webgunearen bidez herritarrek arlo desberdinetako erabakietan parte hartu ahal izango dute, prozesuen jarraipena egin, galdetegiak betez zein txostenak irakurriz, besteak beste.
Herritarrei parte hartzerako bide desberdinak eskaintzeko plataforma digital baten bila aritu dira Zumaiako Udaleko zinegotzi eta teknikariak. Aukera desberdinak aztertu ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren plataformaren berri izan zuten, eta hortik abiatuta osatu dute Zumaiako partaidetzarako bidea. Atari honetan Zumaiako Udalean martxan dauden partehartze prozesu guztien inguruko jarraipena egin ahal izaingo dute herritarrek.
Albiste erlazionatuak
TAO/OTA
Zumaia bizitzeko da
- Hemen da euskararen astea 2024/11/23
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
Parte hartzea
- Kulturaren munduan aritzen direnak bilduko dira urriaren 28an, 'Zumaian euskararekin zer?' galderari erantzuteko 2024/10/24
- Santiagoko dunetatik landare inbaditzaileak kentzeko auzolana egingo dute hilaren 29an 2024/10/23
- Obra zibila amaituta, Komentua kultur topagune bihurtzeko lanketari berrekin diote Udalak eta elkarteek 2024/10/16
- 'Zumaian euskararekin zer?' prozesuaren barruan partaidetza saioei ekingo diete urrian 2024/10/03