Bihar irekiko ditu ateak Oxford aretoak, Zigor Garcíaren zeramika erakusketarekin

2020/06/18

‘Haitzaren gibeletik’ Zigor Garcíaren zeramika erakusketa izango da Zumaiako Oxford aretoan, ekainaren 19tik uztailaren 5era bitartean.

Ekainaren 19tik uztailaren 5era bitartean Zumaiako Oxford aretoan egongo da Haitzaren gibeletik zeramika-eskultura erakusketa zabalik egongo da. Zigor García artista sanpedrotarra da ikusgai egongo diren piezen egilea, 2018tik hona buztinaren modelatu figuratiboa baztertu eta zeramika garaikidera gerturatu den sortzailea.

Erakusketa astelehenetik ostiralera 18:30etik 20:30era egongo da zabalik; asteburu eta jai-egunetan, berriz, 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:30etara.

Bitartekoari garrantzia emanez, naturaren esperientzia zuzena mendi ibilbide luzeak eginez bereganatu du lan honetan. Land art-ak pizten duen kontzientzia ekologistak bultzatuta, arriskuan zegoen paisaia bizitzera abiatu dela azaldu du artistak: Jaizkibel mendi magalean eraiki nahi zuten portuaren proiektu basati eta burugabeak, ekosistema berezia eta ez oso ezaguna desagertzeko zorian utzi baino lehen, bertara hurbiltzea erabaki du, Jaizkibelgo itsaslabarren muturretara lau ibilbide luze eginez.

"Artea gertatu egiten da"

Garcíaren arabera, "artea ekintza izateaz gainera, bizitzea ere badenez, begiratzeaz aparte, natura zapaldu, zeharkatu, usaindu, dastatu, ukitu, izerditu, busti eta hausnartu egin behar da". “Artea ez baita, gertatu egiten baita”. Hori da Zigor Garcíak egin duena eta ikuslearekin elkarbanatuko duena.

Bizipen horretatik bost multzo eskultoriko eta marrazki sorta bat ekarriko ditu Zumaiako aretora, hainbat instalazio osatuz. Buztingintzaren teknika eta hizkuntza plastiko desberdinak erabili ditu horietako bakoitzean. Erakusketako pieza ugari ontziak dira, zeramikaren oinarrizko objektua. Horietan, paisaiaren oroimena eta artistaren bizipenak gordetzen badira ere, ez daude guztiz beteta, ikusleak ontzi hauek bere gogoa eta esperientziaz betetzeko aukera izango du, "artea guztiz gauzatzeko".

Erakusketa honekin bere ibilbidearen ziklo bat ixten duela eta jada beste paisai ezezagunak bizitzeko grina piztu zaiola aitortu du Garcíak. Hala nola, Zumaiako Flyschak oso gertu dituela adierazi du; izan ere, praktika artistiko honetarako osagai guztiak biltzen ditu bertako paisaia honek. Baina bere buruan, nahiz eta urrutiago gelditu, paisaia bolkanikoak ere badaude, non zeramika, lur errearen gisara, naturak berak etengabe bortizki sortzen baituen.