Itzurungo magalean obrak hasi ditu Zumaiako Udalak, hondartzarako sarbidearen segurtasuna hobetzeko

2024/05/14

Zumaiako Udalak Itzurun hondartzarako sarbideen babesa indartzeko 104.000 eurotik gorako balioa duen proiektu bati ekin dio. Lan horien helburua da harri-jausiak arintzea, eta, herritarren, bisitarien zein langileen segurtasuna bermatzea, balio geologiko eta paisajistiko handiko eremu batean.

Gaur goizean hasi dituzte Itzurun hondartzarako aldapako mendi magala babesteko lanak. Zumaiako Udalak 104.406 euro erabiliko ditu lanak egiteko, eta obren helburu nagusia da Itzurungo hondartzarako sarbideetan segurtasuna bermatzea, harri-blokeen etengabeko lur-jausiak arintzeko; modu horretan, herritarren, bisitarien eta garbiketa-zerbitzuko langileen segurtasuna mantendu nahi dira. Ondo bidean, hondartza denboraldia hasterako amaituko dituzte lanak.

Helburu nagusi horri beste bat gehitzen zaio; Deba-Zumaia itsasertzeko Biotopo Babestuaren eta UNESCO Geoparkearen ingurune natural eta geologikoa babestea. Horiek horrela, horma armatu bat eta egurrezko zutoinezko hesi bat eraikiko dituzte Itzurun hondartzarako iparraldeko sarbidean. Neurri horiek kontu handiz ebaluatu dira geologia- eta paisaia-baldintzetara egokitzeko, eta ahalik eta babes handiena bermatuko da, betiere babestutako itsaslabarretan zuzenean esku hartu gabe. Itzurungo hondartzarako aldaparen hegala babesteko proiektuan jasotako eskuhartzea da honakoa, eta, Jaime Otazua Font (Meatze Ingeniaria), Alejandro Bocanegra Manzano (Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniaria) eta Iñaki Ibarbia Ilarraz (Geologoa) IKERLUReko teknikariek sinatu dute. 

OHAR GARRANTZITSUA: Obrek irauten duten bitartean, irisgarritasun arazoak dituztenentzat bide bat zabalduko da, pertsona guztiek hondartzara jaisteko aukera izan dezaten.

Eremu horren gaineko erantzukizuna erakunde artekoa bada ere, Zumaiako Udalak bere gain hartuko du obren guztizko kostua. Zonaldearen gaineko eskumena Espainiako Kosta Zuzendaritzari dagokio, eta hondartzak mantentzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura da. Aldundiak, segurtasun arrazoiengatik, uko egin zion garbiketa-ekipoei sartzen uzteari, eta, ondorioz, hondartza hainbat aldiz garbitu gabe geratu zen iazko udan. Udalak obraren kostuak partekatzeko eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiari, baina, azken honek uko egin ondorek, azkenean, zenbateko osoa bere gain hartzea erabaki du, arazoaren konponbidea arintzeko eta hondartzaren segurtasuna eta garbitasuna bermatzeko.

Ekintza horiekin, Itzurungo hondartzarako sarbideen segurtasuna nabarmen hobetzea espero da, erabiltzaileen eta garbiketa-zerbitzuetako langileen babesa bermatuz, babestutako eremu horretako ingurune naturala eta geologikoa zaintzearekin batera.

Orain arteko azterlan eta proiektuak

Urteetan zehar, hainbat azterlan, proiektu eta ikuskapen egin dira Itzurungo hondartzarako sarbideetan luiziei aurre egiteko. 2019ko urrian, IKERLURek eraikuntza-proiektu bat idatzi zuen (erref. P-190605), Kostaldearen eta Itsasoaren Iraunkortasunaren Zuzendaritza Nagusiak (DGSCM) eskatuta, iparraldeko sarbidean egurrezko zutoin-hesi bat zuen horma armatu bat eraikitzea proposatzen zuena. 2023ko apirilean, Gipuzkoako Foru Aldundiak hondartzako sarbideetako haitz-ezpondetako arrisku geoteknikoa ebaluatzeko azterlan bat eskatu zion IKERLURi (erref. T-230101).

Ondoren, 2023ko maiatza eta iraila bitartean, ezponda horien aldizkako ikuskapena egin zen, lur-jausi handiak hautemateko. Luizien jarraipena egiaztatu ondoren, batez ere denborale egunetan edo euriteen ostean, Zumaiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hondartzaren iparraldeko sarbidean behin-behineko obrak egitea aztertu zuten, babesa bermatzeko. 2023ko azaroan, alternatiben oinarrizko proiektua idatzi zen (erref. P-230918), behin-behineko hiru irtenbide proposatuz eta baloratuz, bermatzaileena aukeratuz.