Zumaiako hiri antolamenduari buruzko ekarpenak egiteko epea zabalik dago oraindik, uztailaren 1era arte

2021/06/22

Herritarrek mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, turismoa edota inklusibotasunari buruzko iritzia eman dezakete online galdetegiaren bidez.

Zumaiako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria osatzeko prozesuan murgilduta dago. Zenbait parte hartze ekintza egin eta gero, Aurrerakina deritzon dokumentua osatu da. Ondoren, Aurrekina lantzeko aurrez aurreko hainbat saio egin ditu Udalak herritarrekin. Oraindik, ordea, internet bidez ere ekarpena egin dezakete herritarrek.

Hala, uztailaren 1era bitartean online galdetegi bat beteta zumaiarrek aukera izango dute hirigintzaren inguruan duten iritzia emateko. Gai desberdinen inguruan eman ahal izango dute iritzia: mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, turismoa edota inklusibotasunari buruz, besteak beste.

Egin klik irudian eta bete galdetegia:

Oinarrizko tresna

HAPO (Hiri Antolamendu Plan Orokorra) udalerriaren erabateko antolamendua aurrera eramateko oinarrizko tresna nagusia da. Erreminta juridiko honek udalerriaren lurzoruen eta eraikinen erabilerak arautuko ditu; eskubide eta betebeharrak ezartzen ditu eta subjektu publiko eta pribatuak lotzen ditu. Hala, udalerriko eremu eta alor ugari zeharkatuko ditu planak, eta 8-12 urte bitarteko indarraldia edukiko du.
HAPO osatzeko prozesuak lau urte iraungo ditu eta hainbat fase izango ditu. Prozesu osoan zehar, ezinbestekoa izango da herritarren ekarpena; horretarako, esparru eta kolektibo desberdinetako herritarren iritziak jasoko direla bermatuko du Udalak, parte hartzeko modu eta espazio anitzak sortuz.