Egitarau zabalarekin irekiko ditu ateak Emakumeon* Etxeak

2021/09/22

Irailaren 30ean ate irekien eguna egingo dute. 19:00etatik aurrera etxea bisitatu eta proiektua hobeto ezagutzeko aukera izango dute zumaiarrek. Tailerretako izen ematea aste honetan bertan zabalduko dute, hilaren 23an.

Elkarteko kide, etxeko formatzaile eta udaleko ordezkariek Zumaiako Emakumeon* Etxearen irailetik abendura bitarteko programa aurkeztu dute atzo arratsaldean.

“Ia hiru urteko prozesuari eta jende askoren lanari esker, hemen da Zumaiako Emakumeon* Etxea” adierazi du pozarren Emakumeon Etxeko kide den Vanessa Arbelaitzek. Etxea, Zumaiako emakume guztientzat topaleku eta aterpe bihurtzeko nahia ere agertu du, “sareak sortzeko, elkar entzuteko, batak bestearengandik ikasteko edota ikuspuntu ezberdinak elkarbanatzeko”.

Helburu horrekin, udazkenari begira egitarau zabala prestatu dutela azaldu du Aratz Zearreta Etxeko dinamizatzaileak, “adin, beharrizan eta zaletasun ezberdinak dituzten askotariko emakumeei zuzendutakoa”. Jabetze eskolaren baitan emakumeei zuzendutako bederatzi tailer antolatu dituzte. Horrez gain, hiru elkargune jarri dituzte martxan: pala taldea, Banan Coffee banandutako amen topagunea eta noka praktikatzeko mintzalagun taldea. Halaber, hitzaldiak eta aisialdi ekintzak ere antolatu dituzte. Egunotan Zumaiako etxe guztietara bidaliko dituzte egitarau osoa biltzen duten eskuorriak.

Emakumeon* Etxea astelehenetik ostiralera egongo da zabalik: astelehen eta ostiraletan 09:30etik 12:30era; eta astearte, asteazken eta ostiraletan 17:00etatik 20:30era. “Genero berdintasuna bermatzeko, parekidetasunaren balioekin bat egiten duten” hainbat zerbitzu ere emango dituzte Emakumeon* Etxean, hala nola: harrera eta informazioa, ordenagailua eta internet zerbitzua, etxeko langileentzako aholkularitza (Malen Etxea elkartearen eskutik), ikasketen homologazioa (Bidez bide elkartearen eskutik), edoskitze aholkularitza (Oihana Aizpurua Perezek) eta sexu aholkularitza (Aholkusex programaren baitan).

Hasiera emateko ekitaldia irailaren 30ean egingo dute, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Ate ireki eguna izango da, bertaratzen diren guztiei etxea erakutsi eta proiektu ezagutarazteko. Horrez gain, prozesuan parte hartu dutenentzat eskertza modukoa bihurtzea ere nahi dute. 

Elkarlana oinarri

Zumaiako Emakumeon* Etxeak eta Udalak kogestio sistema izango dute elkarlanerako oinarri. Maider Alberdi berdintasunerako zinegotziaren arabera, eredu honek "zerbitzu publikoa Zumaiako emakumeengandik oso gertu" jartzea ahalbideratu dezake. Eredu publiko-komunitarioa izango da Zumaiako Emakumeon* Etxearena: "komunitatearen indar eta babesa, eta herritarren lan boluntarioa izango ditu oinarri Etxeak, Udalaren baliabide ekonomiko eta teknikoen babesarekin". Gainera, Karmele Gomez teknikariak azaldu duenez, "Berdintasun Foroarekin lehenengo, eta gero, Emakumeon* Etxea elkartearekin izandako esperientziak, lan egiteko modu desberdin bat probatzeko aukera eman digu azken urteotan".

Vanessa Arbelaitz elkartekideak nabarmendu du etxeak "Zumaiako emakume guztion ekarpena" beharko duela, eta horretarako bideak eskainiko dituztela.

 

UDAZKENEKO EGITARAUA:

>> Eskuorria

Jabetze eskola:

Eskolaren helburua da emakumeon* jabetze edo ahalduntze prozesuan eragitea, hainbat tailer eta ikastaroren bidez. Irailaren 23tik aurrera eman ahal izango da izena ikastarotan: Emakumeon* Etxean bertan, e-mail bidez (zumaiakoemakumeonetxea@gmail.com) edo telefonoz deituta (633432762).

– Zuk aukeratzen duzun norabiderantz mugitzeko artea. Formatzailea Oihana Meabe Arrillaga izango da, eta euskaraz eskainiko du formazioa. Urriaren 4tik 25era artean da, astelehenetan, 10:00etatik 13:00etara. Lau saio izango dira, guztira.

– Sormen Tailerra. Maddi Uranga Aizpurua arduratuko da ikastaroaz, eta euskaraz ariko da. Urriaren 6tik azaroaren 24ra bitartean izango dira saioak, asteazkenetan, 18:00etatik 19:30era.

– Batukada feminista. Ainara Sarasketa Alberdik eta Arantza Albizu Escobarrek gidatuko dituzte saioak, euskaraz. Asteartetan egingo dituzte saioak (bi astean behin), urriaren 26tik maiatzaren 10era, 18:00etatik 20:00etara.

– Noka ikastaroa. Amaia Zaldua izango da formatzailea. Urriaren 8tik 29ra bitartera iraungo du ikastaroak. Ostiraletan egingo dituzte saioak, 18:00etatik 19:30etara. Guztira, lau saio izango dira.

– Abdominalak egin arriskurik gabe. Formatzailea Eneritz Gallastegi Lazkano izango da, eta euskaraz eskainiko du formazioa. Urriaren 12tik azaroaren 30era izango dira saioak asteartetan, 10:00etatik 11:00etara. Urriaren 5ean hitzaldia eskainiko du zoru pelbikoaren inguruan ikastaroaren aurrerapen gisa.

– Gorputzaren gogoetak. Arantza Iglesias arduratuko da ikastaroaz, eta euskaraz ariko da. Urriaren 16tik martxoaren 19ra bitartean izango dira saioak, hileko hirugarren larunbateaan, 10:30etatik 13:30etara.

– Autodefentsa feminista. Emaginek eskainiko du, euskaraz. Azaroaren 13an izango da, larunbata, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

– Oinarrizko BBB. Maria Calvo Monge izango da formatzailea eta gaztelaniaz arituko da. Urriaren 28an izango da, 18:00etan.

– Gure aluak deskolonizatzen. Maddalen Aristegi Sanchezek eta Ane Narvarte Lasak eskainiko dute. Abenduaren 1ean izango da hitzordua, 18:00etatik 20:00etara.

Elkarguneak:

Talde hauek ikasturte osoan zehar elkartu ohi dira, egutegi eta taldekide iraunkorrekin. Talde horietan parte hartu nahi izanez gero, edo bestelako elkargunerik sortu nahi izatekotan, jarri harremanetan Zumaiako Emakumeon* Etxearekin.

– Banan Coffee. Ama bananduentzako saioak. Ostegunetan (bi astean behin), 19:00etan.

– Pala taldea. Asteartero, 18:00etan, Sagarbideko frontoian.

– Noka Mintzalagun Taldea. Azaroaren 2tik aurrera, asteartero, 18:00etan.

Agenda:

- Emakume migratzaileak transitoan: hego muga, Bidasoa eta haratago. Mahai-ingurua. Parte hartzaileak: Ana Elena Altuna (Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia), Anaitze Agirre Larreta (Irungo Harrera Sarea/ EHU Transiteus.eus proiektua), Emakumeen Mundu Martxako kide bat. Urriaren 14an, 18:30ean.

-Como comunicar en casos de violencia sexual contra mujeres. Norma Vazquez Garciaren hitzaldia. Azaroaren 30ean, 18:30ean. Gaztelaniaz.

– Asterisko. Nerea Arriola Urberuagaren bakarrizketa. Abenduaren 9an, 19:00etan. Euskaraz.