‘Haizearen egia’ film laburra estreinatuko dute ostegunean Aita Mari zinean

2020/09/09

Ekain Albiteren (Zumaia, 1999) film laburra Zumaiako Aita Mari zinean estreinatuko dute irailaren 10ean, ostegunean. Gonbidapen gutxi batzuk gelditzen dira biharko ekitaldirako.

Tahar 20 urteko mutilaren istorioa kontatu dute ‘Haizearen Egia’ filmean. Euskal Herrian bizi da Tahar; haren familiak, ordea, Tindufeko errefuxiatuen eremuan bizitzen jarraitzen du. Gaztea Tindufera itzultzen den unean sortutako bizipenak ditu ardatz laburrak. “Saharar gazteek ez dute beraien herria ezagutu, beti bizi izan dira errefuxiatuen eremuan”, azaldu du Albitek, eta errealitate horretatik abiatuta, sentimendu unibertsaletan jarri dute arreta.

Ekain Albite zumaiarra zinema-zuzendaritza ikasten ari da Bartzelonako ESCACen, eta lehen aldiz aritu da zuzendaritza profesionalean. Gaur goizeko agerraldian azaldu duenez, gaztetan Sahara ezagutzeko aukera izan zuen Darahli Zumaiako elkarteari esker, eta hain justu, hor kokatu du lan honen abiapuntua, “Darahlik, eta orokorrean, Zumaiako herriak Sahararekiko adierazi duen elkartasunean”.

Bi aldiz izan dira Saharan filmaren grabaketarako, bertako zine eskolarekin elkarlanean; “bertako aktoreekin eta teknikariekin egin dugu lan”. Izan ere, Maluta* filmseko Ritxi Lizartzaren arabera, ikuspegi paternalista baztertu nahi izan dute, “ez genuen Europatik Afrikara begira zegoen istorio bat kontatu nahi, alderantziz baizik”.

Katixa Garcia Darahliko ordezkariak halako ekimenek Saharan bizi duten gatazka egoera azaleratzeko duten garrantzia azpimarratu du. Halaber, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak Darahli elkarteari eskerrak eman dizkio hainbeste urtean herrian egin duen kontzientziazio lanagatik eta martxan jarri dituzten proiektuengatik. Gainera, “proiektu eder hau” posible egin dutenen lana txalotu eta, aurrerantzean ere halako ekimenak sustatzeko konpromisoa azaldu du.

Film laburra Maluta* Filmsek ekoitzi du, eta Zumaiako Udalaren, Zestoako Udalaren, Euskal Fondoaren, Darahli Elkartearen, Wanda Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du.

Bihar, osteguna, estreinatuko dute lehen aldiz filma, Aita Mari zinean. 20:00etan hasiko da ekitaldia, eta gelditzen diren gonbidapen apurrak lortzeko cristina@malutafilms.eus helbidera edo 628 31 49 32 telefono zenbakira idatzi beharko dute herritarrek, izena eta abizena jarrita.

 

Haizearen egia, teaser from Maluta Films on Vimeo.