‘Zumaian euskararekin zer?’ partaidetza prozesua abiatu du Udalak, 2034ra bitarteko euskara plana diseinatzeko
Herritarrekin batera diseinatuko dute plan berria, bi fasetan: lehenengo, galdetegi bat zabalduko dute; gero, azaroan, arlokako lan-saioak egingo dituzte. Zumaia udalerri euskaldun gisa indartzea du helburu prozesu honek, eta, bide horretan, herritarrak aktibatzea.
Orain hasi eta abendura arte iraungo du Zumaian euskararekin zer? prozesuak. Udalak hurrengo 10 urteetarako plan estrategikoa landuko du, Ahize hizkuntza aholkularitzaren bidelaguntzarekin, eta herritarrekin batera. Gaur eguerdian eman dituzte prozesuaren inguruko azalpenak Aitor Manterola euskara zinegotziak eta Araitz Muguruza Ahizeko teknikariak, Zumaiako eskola eta elkarteetako ordezkarien aurrean.
Hiru fase nagusi izango ditu prozesuak: irailean galdetegia bete beharko dugu herritarrok; urrian taldekako saioak izango dira; eta, azaroan, prozesua ixteko lan-saioa izango da.
> Bete galdetegia
Irailean diagnostikoa
Hasteko, “nondik gatoz?” galderari erantzungo diogu herritarrok. Horretarako, batetik, aurreko planaren balorazio bat egingo dugu galdetegi baten bidez; galdetegia zumaiarren artean zabalduko da, ahalik eta iritzi gehien biltzeko asmoz, eta lanketa berezia egingo da nerabeekin. Horrekin batera, herritar batzuei elkarrizketa xeheagoak egingo zaizkie, iritzi horiek gertutik ezagutzeko. Bestetik, datu soziolinguistikoak aztertu eta landuko dituzte, Zumaian euskararen egoera nolakoa den zehazteko asmoz. Bide horietatik ateratako emaitzekin diagnostiko bat osatuko du Ahizek.
> Bete galdetegia
Urrian eta azaroan planaren diseinua
Ondoren, “nora goaz?” fasea abiatuko da. Lan-mahaiak izango dira ardatz, eta urrian egingo dira gehienak. Herritarrak gai batzuen araberako lan-mahaietan bilduko dira, eta datozen 10 urteetarako proposamenak egin ahal izango dituzte, gako nagusiak identifikatzearekin batera. Edonorentzat irekiak izango dira saio horiek. Bukatzeko, parte-hartzaile guztiak azken batzar batean elkartuko dira azaroan, jasotakoen inguruko iritziak entzuteko eta plana sortzeko azken ideiak biltzeko.
Horrela, zumaiar guztien hitza entzunda, AROA plan estrategikoaren diseinu prest egongo da abendurako. Ondo bidean, 2025eko otsailean gizarteratuko du Udalak plan berria, Euskara, bestela ez gara zikloaren barruan.
Euskaraz bizitzeko eta euskara bizi dadin
Aitor Manterola euskara zinegotziaren esanetan Zumaian abiatuko den prozesua erronka potoloa da, eta, horregatik, beharrezkoa da guzti-guztiok parte hartzea. Bestalde, nabarmendu du, "askotan ahazten badugu ere", euskararen egoera diglosikoa dela; "ez gaude gaztelania eta frantsesaren pareko egoeran".
Gogorarazi du euskararen erabilerak gora egin duen garaiotan, erabilera beheranzko joeran dagoela, eta, horrek neurri zehatzak eskatzen dituela. Egoera horren aurrean geldirik gelditu beharrean ekiteko garaia dela nabarmendu du. "Aurreko belaunaldiek egindako lanaren lekukoa hartu", eta herritar eta eragileen laguntzarekin, euskara plan berri bat sortera doa Zumaiako Udala,"denon artean euskararen alde ekiteko".
Manterolaren esanetan "hizkuntza bat dago jokoan; aberastasun handia"; eta, "euskara da mundua begiratzeko dugun ahots bat, munduari hitz egiteko begi bat; mundua arnasteko bihotz bat..", izan ere, "zer izango ginateke norbere hizkuntzarik gabe?". Gainera, gogorarazi du, euskaraz bizi eta euskaraz izateak ez duela inor baztertzen, eta euskara hemen bizi garen denona dela; "zu, zuek, hura, gu gara euskara. Euskararekin zer? Bada, denon artean erabakiko dugu".
Azkenik, herritar guztiak prozesuan parte hartzera eta ekitera deitu ditu, "euskaraz bizi ahal izateko eta euskarak bizirik jarrai dezan".
Pauso berri bat, aspalditik datorren bidean
2004an landu zuen Zumaiako Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, eta harrezkero era askotako kanpainak eta ekimenak bultzatu ditu urtez urte, Euskararen Aholku Batzordearekin eta herriko elkarteekin elkarlanean. Udalerri euskalduna da Zumaia, eta zumaiarrek askotan erakutsi dute euskararekiko sentsibilitatea; 2009az geroztik UEMAko kidea da Zumaia, eta arnasgune izateko bidean pausoak emateko borondatea du Udalak.
Aldian behin udalerrietan aritzeko plangintzak eguneratu egiten dira, eta Eusko Jaurlaritzak AROA marko estrategikoa aurkeztu berri du aurten euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko. Testuinguru hori baliatuta, Zumaian euskararekin zer? prozesuaren bidez, 2034ra bitarteko lan-ildoak jorratu nahi ditu Udalak. Estrategikoa da prozesu hau, funtsezkoa, epe luzeko plana egin nahi delako eta euskararen geroa dagoelako jokoan. Lanketa parte-hartzailea izango da, herritarrek beren iritzia eman eta ekarpenak egiteko aukera izango dute prozesuak edukiko dituen bi faseetan.
Albiste erlazionatuak
Euskara
- Euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko eta matrikulatzeko epeak irekita 2025/09/08
- George Orwellen 'Lur jota Parisen eta Londresen' eleberriarekin hasiko du ikasturtea Irakurri Matte irakurle taldeak 2025/07/23
- Euskararen aurkako azken epaia salatzeko elkarretaratzea izango da Zumaian larunbat honetan 2025/07/18
- Abian da Julene Azpeitia ipuin lehiaketa 2025/07/02
Parte hartzea
- Bigarren eskuko azoka eta konponketa lantegiak, ostiral honetan Zumaian 2025/10/08
- Udalaren izenean, zorionak eta eskerrik asko Flysch Trail mendi lasterketako kide guztiei 2025/10/07
- [ARGAZKI GALERIA] Komentua bizitzaz bete da urte askoren ondoren 2025/09/18
- Olarro Egunean lan egiteko herriko elkarteei deialdia 2025/08/05
Zumaia bizitzeko da
- Emakume bakoitzaren behar eta egoeretara egokitutako erantzunak, indarkeria matxistaren askotariko formen aurrean 2025/11/05
- Memoriaren eraikuntzaz eta giza eskubideez ariko dira hilaren 12an Oxford aretoan 2025/11/02
- 1.000 erosketa bono jaulkiko dituzte Udalak eta Gertu elkarteak, udazkeneko ErrotaHerria kanpainaren barruan 2025/10/27
- Zumaiako Udalak eta Sukia Eraikuntzak SL-k Torreagan egingo diren BOE etxebizitzen zozketarako hitzarmena sinatu dute 2025/10/21




