'Aita Mari' arrantzalearen bizitza ezagutarazteko xafla jarri du Udalak Erribera kalean

2021/02/08

Arrantzalea eta atoi lanetan ibilia, itsasoan marinel asko sorosteagatik oso ezaguna izan zen Joxe Mari Zubia Zigaran ‘Aita Mari’.

Erribera kalean kokatuta dagoen Aita Mariren bustoaren azpiko aldean plaka bat jarri du Udalak, arrantzalearen bizitzaren berri emateko. Herriko eraikin eta ondare aipagarriak identifikatu eta ezagutarazteko ekimenak egin ohi ditu Udalak, eta horietako bat da honakoa.

Joxe Mari Zubia Zigaran, Aita Mari izenez ezagunagoa, 1809ko martxoaren 18an jaio zen Zumaian. 1866ko urtarrilaren 9an hil zen, galerna batek ustekabean harrapatutako Getariako bi txalupatako marinelak salbatzen saiatzen ari zela olatuek irentsita. Arrantzale ugari salbatu zituen bere bizitza osoan zehar, eta euskal arrantzaleen heroia eta sinboloa bihurtu zen.

Aita Mariren heriotzaren 150. urteurrenean Zumaiako Udalak zenbait oroimen ekitaldi antolatu zituen 2016an, eta besteak beste, Javier Carballo eta Xabier Alberdi egileen eskutik “Jose Maria Zubia, Mari” liburua argitaratu zuen. Orain, xafla berri honekin Aita Mariren bizitzaren berri kalera eraman nahi izan du Udalak.

Plakako argazkia Javier Carballok utzitakoa da, eta lau hizkuntzatan Aita Mariren bizitzaren laburpena bildu da bertan. Halaber, bustoaren gainean kokatuta dagoen metalezko plaka -jaiotza eta heriotza data zehazten dituena- zaharberrituko du Rakel Nacentak datozen hilabeteotan.