Alondegiak ere astelehenean irekiko ditu ateak

2020/05/29

Ekainaren 1etik aurrera Alondegia Kultur Etxea irekita egongo da, eta liburutegian mailegu zerbitzua jarriko dute martxan. Erabiltzaileek hitzordua hartuta joan beharko dute lehen bi asteetan.

Datorren astelehenetik aurrera irekita egongo da Alondegia,  baina lehen bi asteetan herritarrek hitzordua eskatu beharko dute bertara joateko.

Kultur Sailarekin harremanetan jartzeko 943861056 telefonora deitu (9:30etik 14:00etara) edo kulturetxea@zumaia.eus helbidera idatzi beharko dute herritarrek.

Elkarteek eta herritarrek Alondegiko bilera gelak erabili ahal izango dituzte, egoerara egokitutako baldintzekin. Eskaerak kulturetxea@zumaia.eus emailean egingo dira, aretoak erabiltzeko baldintzak ondo jasotzeko.

Liburutegia martxan

Ekainaren 1etik aurrera Zumaiako Udal Liburutegia zerbitzua eskaintzen hasiko da. Lehen bi astetan mailegu zerbitzu murriztua eskainiko dute.

Lehen bi astetan telefonoz edo email bidez hitzordua hartu beharko da bertara joateko, jende pilaketak saihesteko. Helduen liburutegia 10:00etatik 15:00etara egongo da irekita; haurren liburutegia, berriz, 10:00etatik 13:00etara irekiko dute. Gaurtik aurrera eskatu dezakete zita herritarrek.

Hitzordua eskatzeko:

Era berean, liburuzainek oroitarazi dute etxean egoteko agindua hasi aurretik egindako maileguen entrega epeak ekainaren 15era luzatu dituztela. Liburuak edota bestelako materiala itzuli nahi dutenek Alondegiko sarreran dagoen buzoian utzi ditzakete.

Udaleku Musikalak ere bertan behera

Zumaiako Udalak asteazkenean iragarri zuen udalekuak eta udazaintza zerbitzua bertan behera utziko zituela. Udaleku Musikalen izaera desberdina izanik, gaia aztertzen aritu dira udal teknikari eta ordezkariak. Azkenean, Udaleku Musikalak ere bertan behera uztea erabaki du Udalak.