Asteburu honetan abiatuko da 'Gabonetako ErrotaHerria' deskontu kanpaina

2020/11/20

Herriko denda eta komertzioetan 15 euroko erosketagatik 5 euroko deskontua egingo zaie bezeroei larunbat honetatik aurrera. Etxera eramateko zerbitzua duten jatetxe eta tabernetan ere baliatu ahal izango dira deskontuak.

Gertu elkartearekin elkarlanean, udaberrian egin zenaren antzeko deskontu-sistema bat prestatu du Zumaiako Udalak negu-sasoirako. Asteburu honetatik aurrera herriko establezimenduetan 15 euroko erosketagatik 5 euroko deskontua egingo diete bezeroei, ErrotaHerria kanpainaren baitan.

100 establezimendutik gorak eman dute izena Gabonetako ErrotaHerria deskontu kanpainan. Etxera eramateko zerbitzua duten jatetxe eta tabernetan ere baliatu ahal izango dira bonoak, eta itxita dauden jatetxe eta tabernen kasuan, establezimenduak berriz irekitzeko baimena dutenean egingo dituzte deskontuak.

ErrotaHerria kanpainaren baitan antolatutako deskontu-sistemak harrera oso ona eduki du orain artean. Zumaiako Udalak 150.000 euro bideratu ditu neurri honetara, herritarrei beharrei erantzun zein tokiko ehun ekonomikoa indartzeko helburuarekin. Udaberrian ‘ErrotaHerria’ bonu kanpainarekin, konfinamenduagatik itxi behar izan zuten edota irekita edukita ere galerak izan zituzten komertzioak lagundu zituen Udalak. Oraingoan baldintzak betetzen dituzten tabernari eta merkatari guztiek parte hartu ahal izan dute. 

Plan honekin herriko establezimenduetan 450.000 eurora arteko inpaktu positiboa sortzen ari dela kalkulatzen du Udalak. Alex Oliden tokiko garapenerako zinegotziaren arabera, “tokiko merkataritza eta ostalaritzari bultzada ekonomiko bat emateaz gain, herritarren erosketa eta kontsumo ohituretan eragin nahi du Udalak”. Izan ere, “ohitura aldaketa horren menpe dago gure taberna, jatetxe eta denden biziraupena”.

Albiste erlazionatuak