Oraingoan bai: Itzurun hondartzan antzoki bihurtuko da larunbatean [OHARRAK]
Eguraldi iragarpenak lagun, azkenean bai: Jon Maiaren emanaldia Itzurun hondartzan izango da. Lagun eta artista andana bilduko ditu bere inguruan, eta herritarrek ikuskizun paregabeaz gozatzeko aukera izango dute. Ekitaldiari begira, kontutan hartu beharreko oharrak biltzen dira mezu honetan.
Egun berezia izango da larunbatekoa: Jon Maiak Kantu berri bat gara proiektuari agur esango dio Zumaiarako propio egokitutako ikuskizunarekin. Iragarpenek baieztatu dute eguraldi ona egingo duela, beraz, emanaldia Itzurun hondartzan izango da, 21:00etan, itsasoaren ondoa-ondoan eta labarraz inguratuta. Egun osoan zehar, gainera, jai-giroz beteko da herria.
Herritar, sortzaile eta kultur eragile ugari izango ditu ondoan Jon Maiak, eta bere ohiko kantuen bueltan, une berezia bizitzeko aukera izango dugu. Gainera, ikus-entzunezko proiekzio bereziak eta argiztapen-jokoak izango dira, Itzurungo labarra bera ere ikuskizunaren parte bihurtuta.
Muntaia lanak ostiralean hasiko dituzte (maiatzaren 23an). Oholtza Kantinako terrazan kokatuko da, eta ikusleak hondarretan jarriko dira. Eserlekuak jarriko dira bertan, baina inguru osoan zehar jarrita ere ikusi ahal izango da ikuskizuna. Gainera, mugikortasun arazoak dituztenentzat kantinan bertan leku aproposa egokituko da.
Zumaiako Udalak herritar eta bisitari guztiei dei egiten die larunbateko ekitaldiaz eta egun osoko egitarauaz gozatzera. Herri baten nortasuna, itsasertzeko paisaia paregabea eta sormen kolektiboa nahastuko dituen ikuskizun hau ez dugu berehalakoan ahaztuko. Zaindu dezagun ingurunea eta elkarrekin gozatu dezagun.
Kontuan hartu beharrekoak:
▶ Sarbideak, antolaketa eta eserlekuak
-
Hondartzarako sarbideak zabalik egongo dira, eta seinaleztapen egokia jarriko da ikusleak modu seguruan eta ordenatuan sartu-irten daitezen
-
Aulkiak jarriko dira mugikortasun zailtasunak dituztenentzat, adinekoentzat edo zutik egoteko zailtasunak dituzten pertsonentzat
-
Mugikortasun zailtasun handiagoak dituzten pertsonentzat, Kantinaren gunean leku espezifikoa egokituko da
▶ Gomendioak ikus-entzuleentzat
-
Errespetatu segurtasun seinaleak eta jarraibideak
-
Kontutan hartu babes-eremuak eta harri-erorketen arriskua izan daitezkeen guneak
-
Ez utzi zaborrik hondartzan. Ontziak egongo dira, baina arduraz jokatzeko eskatzen dugu: Itzurun guztion artean zaindu dezagun
- Ez da sorospen zerbitzurik egongo. Beraz, itsasoa nahasia egonez gero, ez da gomendagarria uretan sartzea
▶ Aparkalekuak (kanpotik datozenentzat oharrak)
-
Hondartzara oinez iristen da
- TAO arauak indarrean egongo dira (kontuan izan Larretxoko aparkalekuak bertakoentzat direla
Albiste erlazionatuak
Kultura
Zumaia bizitzeko da
- Bizikleta eguna, larunbat honetan Zumaian 2025/06/04
- Nerabeei zuzendutako jarduerak eta txangoak egingo dituzte ekainean eta uztailean 2025/06/04
- 2013an jaiotakoentzat zabalduko dute Gaztegunea ekaineko eta uztaileko asteazkenetan 2025/06/03
- Mugikortasun Planeko ekintzak lehenesteko tailerra egingo dute datorren asteazkenean (ekainak 11) 2025/06/03