Emakumeon* Etxeak sendo hasiko du ikasturte berria; hamabost jabetze eskola, bederatzi elkargune eta ekitaldi askorekin
Udazkena bero iritsiko da Emakumeon* Etxera. Jabetze Eskolen eskaintza aurkeztu dute, baita elkarguneen zerrenda ere, eta izen-ematea zabalik dago dagoneko. Hitzaldi eta kultur ekitaldi mordoa ere antolatu dituzte: etxearen hirugarren urteurrenean Anariren kontzertua izango da, eta hilaren amaieran Irantzu Varelaren bakarrizketa, besteak beste.
Hirugarren urtea izango da aurtengoa Emakumeon* Etxearentzat, eta, azken bi urteotako ibilbidea soinean, indarberrituta hasiko dute ikasturte berria. Urtarrilera bitarteko egitaraua aurkeztu zuten atzo arratsaldean: hamabost jabetze eskola eta bederatzi elkargune izango dituzte aukeran Zumaiako emakumeek*. Horietan izena emateko epea zabalik dago dagoneko (irailaren 18ra arte) zumaiakoemakumeonetxea.eus webgunean edo Emakumeon* Etxean bertan.
> Emakumeon* Etxeko programazioa: 2024ko iraila-abendua
> Webgunea
Gainera, herritar guztiei zuzendutako zita asko izango dira: kultur ekitaldiak, hitzaldiak, dokumental proiekzioa zein Eskola Feministaren barruko formazio saioak. Etxearen hirugarren urteurrenean Anariren kontzertua izango da, eta hilaren amaieran Irantzu Varelaren bakarrizketa, besteak beste. Eskola feministan ekofeminismoa izango dute hizketagai; Mirene Begiristain Zubillaga (ekonomian doktorea eta EHUko irakaslea) eta Alazne Intxauspe Elola (Etxaldeko Emakumeak elkarteko kidea) izango dira Zumaian. Aurreko ikasturtean Berdintasun Foroan egindako hausnarketa dela-eta aurrerantzean gai bakarrean sakonduko dute sasoi bakoitzean.
Emakumeei* zuzendutako zerbitzuak ere mantenduko dituzte: arreta eta bideraketa; indarkeria egoerak bizi dituzten emakumeei zuzendutako bidelaguntza zerbitzua; autozaintza taldea; emakume migranteei zuzendutako aholkularitza (Malen Etxearen eskutik); ikasketen homologazio zerbitzua (Bidez Bide elkartearen eskutik), edoskitze aholkularitza (Oihana Aizpuruaren eskutik); sexu aholkularitza (Aholkusex zerbitzua); liburutegi zerbitzua; eta, haurdunaldiko eta jaiotza inguruko heriotzen doluaren inguruan hitz egiteko espazioa.
Programazioaren inguruko informazio guztia liburuxkan bildu dute, eta egunotan iritsiko da Zumaiako etxe guztietara. Bestalde, zumaiakoemakumeonetxea.eus webgunean ere eskuragarri jarri dute programazio osoa.
Jabetze Eskoletan eta elkarguneetan izena emateko epea zabalik
Urtarrilera bitartean hamabost jabetze eskoletan eta elkarguneetan partehartzeko aukera izango da; egun bakarreko saioak dira batzuk, eta saio askotakoak beste batzuk. Izen-ematea zabalik egongo da irailaren 18ra arte.
Honakoak dira antolatu dituzten jabetze eskolak: Ez ahazteko gogoratuz; Emakume basatiak; Irakurle eskola feminista; Vidas libres de violencias; Batukada feminista; Ziklikoki bizi taldean, Atsoen errana da...; Suzko idazketa; Eskalada ikastaroa; Pala teknifikazioa; Cómo nos comunicamos; Biodantza; Movimiento y desarrollo personal a través de la danza; eta, Xaboi komunitarioa.
Antolatzaileek indarkeria matxistaren inguruan prestatutakoan egin dute azpimarra. Jabetze eskolak eta zerbitzuak uztartuz, pasa den ikasturtean emandako aholkularitza juridiko eta psikologikoa indartuzeko asmoz, Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak izeneko jabetze eskola antolatu dute (urriaren 8an eta 15ean izango dira saioak). "Indarkeria matxistei irteerak bilatuko dizkiete, indar kolektiboarekin berriz konektatzeko", azaldu dute; hilabetean behin bilduko den autozaintza taldea sortzen joatea da asmoa.
Elkarguneei dagokionez, bederatzi eskainiko dira udazkenean zehar, horietatik bost berriak: xakea, patinak, eskubaloia, txalaparta eta bertsolaritzan bat-batekoa lantzeko elkargunea.
Albiste erlazionatuak
Emakumeon* Etxea
Berdintasuna
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
- 'Hirigintza inklusiboa, denontzako herria eraikitzeko tresna' hitzaldia eskainiko dute bihar arratsaldean Emakumeon* Etxean 2024/10/29
- Zumaiako Udalak Iruñeko erailketa matxista salatzera deitzen ditu herritarrak 2024/10/10
- Prest dago plazerari buruzko ihes-gela 2024/09/26
Feminismoa
Ikastaroak
Zumaia bizitzeko da
- Hemen da euskararen astea 2024/11/23
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18