Ibane Astigarragak eta Esti Curielek lortu dituzte sormenerako bekak
Ibane Astigarrak Zumaiako ondare kulturala haurrekin lantzeko ipuin kontaketa eta ariketa sorta prestatuko ditu, Julio Beobideren obra aitzaki hartuta, eta Irene Irureta ilustratzailearen lanarekin lagunduta; Esti Curielek, berriz, itsasoarekin harremana izan duten emakumeen bizipen eta esperientziak biltzeko 'Kareletik' ikerketa egingo du.
Guztira sei proiektu aurkeztu dituzte Zumaiako Udalak egindako sormenerako dirulaguntza deialdiaren baitan. Kultura batzordeko hiru ordezkarik, eta beste herrietako hiru kultur teknikarik osatu dute epaimahaia, eta guztiek ere aurkeztutako lanen kalitate ona nabarmendu dute. Horiek guztietatik bi saritu dituzte: Ibane Astigarragak aurkeztutakoa bata, eta Esti Curielek prestatutakoa bestea. Horrenbestez, 5.000 euroak epaimahaiak banatutako puntuen arabera banatuko dituzte.
Sormen lanak babesteko helburuarekin sortu du Zumaiako Udalak beka berri hau. Kultur sorkuntza bezala ulertuko da artistaren imajinaziotik eratorritako edozein obra: literatura, antzerkia edo antzerki testuak, zinema eta ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak, eta bestelakoak. Proiektu zehatzak eta beharrezko sormen prozesua barnebiltzen ditu deialdiak. 2023ko deialdiak sormenerako dirulaguntzen kopurua 8.000 eurora igotzea aurreikusten du Udalak.
Zumaiako ondare kulturala, txikienentzat
Julio Beobideren inguruko ipuin kontaketa bat prestatuko du Ibane Astigarraga Artearen Historian graduatuak, Irene Irureta ilustratzailearen lanarekin lagunduta. Sentsibilizazio artistukoa bultzatu, ondarearen babesaren garrantzia nabarmendu eta Zumaiako haurrak zein horien gurasoak Zumaiako ondare kulturalera gerturatu nahi ditu Astigarragak.
Gainera, ipuin kontaketa lagunduko duten hiru ariketa prestatuko ditu: lehenengo ariketan Julio Beobideren obra "betaurreko moreekin aztertzea" proposatuko du, haren eskulturak "beste begirada batetik ere aztertzeko"; bigarren ariketan haurren psikomotrizitatea eta gorputzarekiko harremana landu nahi du, plastilinaren bitartez gorputz desberdinak landu (norberarena zein besteena) eta "elkarrekiko desberdintasunak modu positiboan ikusteko"; hirugarren ariketan autoerretratu bat egitea proposatuko die Zumaiako haurrei.
Itsas-munduarekin harremana izan duten emakumeen bizipenak ikergai
Esti Curiel aktore eta sortzaileak antzerki obra bat sortzea du asmo. Horren abiapuntu moduan, ikerketa bat egingo du bekaren baitan. Bazkaloste batean sortu zitzaion ideia: Hegoafrikako itsasoan lan egiten zuen senarraren barkuan pasatako emazte baten bizipenen berri izan zuen orduan, eta "erabat harrituta" gelditu zen entzundakoarekin. "Arrantzaleen emakumeak, Hegoafrikan, gizonek arrantzan egin eta sukaldatzen zuten bitartean?". Emakume horien, zein senarrak itsasoan lanean zituzten emakumeen bizipen eta esperientzien inguruko ikerketa egingo du orain, eta material guztia ikus-entzunezko formatuan bilduko du. Oinarri hori sortuta, antzerki obra sortzea izango da hurrengo pausoa.
Albiste erlazionatuak
Kultura
- Dokumental esperimental bat eta fikziozko laburmetrai bat bidean, gazte ekimenak bultzatzeko dirulaguntzen barruan 2025/10/17
- [ARGAZKI GALERIA] Komentua bizitzaz bete da urte askoren ondoren 2025/09/18
- Irailaren 9an zabalduko da Forondako ikastaroetan izena emateko epea 2025/09/06
- Olarro Egunerako dena prest: programa ikusgai eta herri bazkariko txartelak salgai 2025/09/03
Dirulaguntzak
- Zabalik dago Zumaiako goi-mailako kirolariei eta behar bereziak dituzten herritarrei zuzendutako dirulaguntzak eskatzeko epea 2025/11/05
- Merkataritza lokalak ekintzaile berrien bitartez berreskuratzeko dirulaguntza eskatzeko epea zabalik 2025/10/03
- Zumaiako landa eremuko emakumeen egoera aztertzeko ikerketa-beka eskatzeko epea zabalik dago berriro 2025/10/03
- Irailaren 30ean (asteartea) amaituko da alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea 2025/09/25
Zumaia bizitzeko da
- Emakume bakoitzaren behar eta egoeretara egokitutako erantzunak, indarkeria matxistaren askotariko formen aurrean 2025/11/05
- Memoriaren eraikuntzaz eta giza eskubideez ariko dira hilaren 12an Oxford aretoan 2025/11/02
- 1.000 erosketa bono jaulkiko dituzte Udalak eta Gertu elkarteak, udazkeneko ErrotaHerria kanpainaren barruan 2025/10/27
- Zumaiako Udalak eta Sukia Eraikuntzak SL-k Torreagan egingo diren BOE etxebizitzen zozketarako hitzarmena sinatu dute 2025/10/21



