Ibane Astigarragak eta Esti Curielek lortu dituzte sormenerako bekak

2022/11/29

Ibane Astigarrak Zumaiako ondare kulturala haurrekin lantzeko ipuin kontaketa eta ariketa sorta prestatuko ditu, Julio Beobideren obra aitzaki hartuta, eta Irene Irureta ilustratzailearen lanarekin lagunduta; Esti Curielek, berriz, itsasoarekin harremana izan duten emakumeen bizipen eta esperientziak biltzeko 'Kareletik' ikerketa egingo du.

Guztira sei proiektu aurkeztu dituzte Zumaiako Udalak egindako sormenerako dirulaguntza deialdiaren baitan. Kultura batzordeko hiru ordezkarik, eta beste herrietako hiru kultur teknikarik osatu dute epaimahaia, eta guztiek ere aurkeztutako lanen kalitate ona nabarmendu dute. Horiek guztietatik bi saritu dituzte: Ibane Astigarragak aurkeztutakoa bata, eta Esti Curielek prestatutakoa bestea.  Horrenbestez, 5.000 euroak epaimahaiak banatutako puntuen arabera banatuko dituzte.

Sormen lanak babesteko helburuarekin sortu du Zumaiako Udalak beka berri hau. Kultur sorkuntza bezala ulertuko da artistaren imajinaziotik eratorritako edozein obra: literatura, antzerkia edo antzerki testuak, zinema eta ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak, eta bestelakoak. Proiektu zehatzak eta beharrezko sormen prozesua barnebiltzen ditu deialdiak. 2023ko deialdiak sormenerako dirulaguntzen kopurua 8.000 eurora igotzea aurreikusten du Udalak.

Zumaiako ondare kulturala, txikienentzat

Julio Beobideren inguruko ipuin kontaketa bat prestatuko du Ibane Astigarraga Artearen Historian graduatuak, Irene Irureta ilustratzailearen lanarekin lagunduta. Sentsibilizazio artistukoa bultzatu, ondarearen babesaren garrantzia nabarmendu eta Zumaiako haurrak zein horien gurasoak Zumaiako ondare kulturalera gerturatu nahi ditu Astigarragak.

Gainera, ipuin kontaketa lagunduko duten hiru ariketa prestatuko ditu: lehenengo ariketan Julio Beobideren obra "betaurreko moreekin aztertzea" proposatuko du, haren eskulturak "beste begirada batetik ere aztertzeko"; bigarren ariketan haurren psikomotrizitatea eta gorputzarekiko harremana landu nahi du, plastilinaren bitartez gorputz desberdinak landu (norberarena zein besteena) eta "elkarrekiko desberdintasunak modu positiboan ikusteko"; hirugarren ariketan autoerretratu bat egitea proposatuko die Zumaiako haurrei.

Itsas-munduarekin harremana izan duten emakumeen bizipenak ikergai

Esti Curiel aktore eta sortzaileak antzerki obra bat sortzea du asmo. Horren abiapuntu moduan, ikerketa bat egingo du bekaren baitan. Bazkaloste batean sortu zitzaion ideia: Hegoafrikako itsasoan lan egiten zuen senarraren barkuan pasatako emazte baten bizipenen berri izan zuen orduan, eta "erabat harrituta" gelditu zen entzundakoarekin. "Arrantzaleen emakumeak, Hegoafrikan, gizonek arrantzan egin eta sukaldatzen zuten bitartean?". Emakume horien, zein senarrak itsasoan lanean zituzten emakumeen bizipen eta esperientzien inguruko ikerketa egingo du orain, eta material guztia ikus-entzunezko formatuan bilduko du. Oinarri hori sortuta, antzerki obra sortzea izango da hurrengo pausoa.