Esti Curielen 'Lehen zanbuila', ostegunean Oxford aretoan
Zumaiako Udalaren sormen bekarekin itsas-munduarekin harremana izan duten emakumeen bizipenak ikertu ditu Esti Curiel aktore eta sortzaile zumaiarrak. 'Kareletik' izeneko proiektuaren barruan 'Lehen zanbuila' egingo du ostegunean, 19:00etan Alondegiko Oxford aretoan.
Kareletik proiektuan emakumeek eta itsasoak izan duten eta duten harremanak ikertu ditu Esti Curiel sortzaileak. Etorkizunean antzelan obra bat prestatzea da Curielen asmoa, eta, horren lehen oinarriak jarri nahi izan ditu lan honekin. Horiek horrela, itsasoarekin nolabaiteko harremana izan duten Zumaiako zenbait emakume elkarrizketatu ditu (marinelen emazte eta alabak, arrandunak...), eta, hizketaldi horiek oinarri hartuta, "lehen zanbuila" erakutsiko die zumaiarrei ostegun honetan, 19:00etan Alondegiko Oxford aretoan.
"Hitzaldi bat? Ez. Antzezlan bat? Ez.", azaldu du sortzaileak. Emakume horiekin izandako elkarrizketan entzundakoak eramango ditu Oxford aretora, eta lehen pertsonan kontatuko ditu bidaia honek bere barnean mugitu duen guztia, "olatu batek txilipurdika ibili izan balu bezala". Uretara salto egin eta zipriztintzen den guztiaz arituko da, beraz.
Esti Curielek Zumaiako Udalaren sormen bekaren barruan egin du proiektu hau.
Ibane Astigarragaren ipuinkontaketa, urriaren 7an
Sormen bekarekin, Ibane Astigarragak Julio Beobide artista zumaiarraren inguruko ipuinkontaketa prestatu du.
Sentsibilizazio artistikoa bultzatu, ondarearen babesaren garrantzia nabarmendu eta Zumaiako haurrak zein horien gurasoak Zumaiako ondare kulturalera gerturatu nahi ditu Astigarragak. Aurreratu duenez, ipuinkotaketaren amaieran, haurrak eskultore bihurtuko ditu Astigarragak, eta beraiek aukeratutako lagunaren erretratua egingo dute. Tailer horretan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea (kulturetxea@zumaia.eus e-mailera idatzita, urriak 4 baino lehen).
Sormen bekaren deialdi berria, argitaratzear
Sormen lanak babesteko helburuarekin sortu zuen iaz Zumaiako Udalak beka hau. Askotariko kultur sorkuntza babestea da asmoa, eta artistaren imajinaziotik eratorritako edozein obra lagunduko ditu: literatura, antzerkia edo antzerki testuak, zinema eta ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak, eta bestelakoak.
Lehenengo deialdian Ibane Astigarragak eta Esti Curielek lortu zituzten beka. Bigarren deialdia laster argitaratuko dela zehaztu du Zumaiako Udalak.
Albiste erlazionatuak
Sormena
- Dokumental esperimental bat eta fikziozko laburmetrai bat bidean, gazte ekimenak bultzatzeko dirulaguntzen barruan 2025/10/17
- Irene Iruretak lortu du 2025eko sormen beka, flyschari buruzko pop-up albuma sortzeko 2025/06/24
- Entzungai dago Migel Gutierrezek sortutako 'basoa.wav' EPa 2025/03/05
- Kultura eta artearen alorreko sormen beka eskatzeko epea zabalik 2025/02/28
Kultura
- Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentziari eta lekukotasunari buruzko liburua aurkeztu du Imanol Azkuek 2025/12/03
- Irakurketara eta literaturara gerturatzeko parada izango da abenduan Zumaian 2025/12/01
- Banatu dituzte Julene Azpeitia 38. ipuin lehiaketako sariak 2025/11/25
- Hemen da berriro Euskararen Astea 2025/11/21



