Dokumental esperimental bat eta fikziozko laburmetrai bat bidean, gazte ekimenak bultzatzeko dirulaguntzen barruan

2025/10/17

Zumaiako Udalak gazte sortzaileek sustatutako bi ikus-entzunezko proiektu babestu ditu aurten: 'Olagarroa', Malen Trenado zumaiarraren dokumental esperimentala, eta '700', Araitz Garate eta Oier Romatet gazteen laburmetraia.

Zumaiako Udalak gazteen ekimenak bultzatzeko dirulaguntzen bigarren edizioa burutu du aurten, eta deialdiaren bidez 18 eta 30 urte bitarteko herritarrek garatutako proiektuak saritu dira. Guztira 5.000 euroko partida banatu da, eta gehienez 2.000 euro jaso ahal izan du proiektu bakoitzak.

Aurten bi ikus-entzunezko lan hautatu dira: Malen Trenado zumaiarraren olagarroari buruzko dokumental esperimentala eta Araitz Garate eta Oier Romatet gazteek zuzendutako 700 laburmetraia. Bi lanak dagoeneko martxan daude, eta gazteek ikus-entzunezko sorkuntzan eta herriko kultur transmisioan egiten duten ekarpenaren erakusgarri dira.

Olagarroari buruzko dokumetala

Olagarroa dokumetal esperimentalak Zumaian sustraitu den ohitura bati —olagarroaren arrantzari eta inguruko kulturari— egiten dio omenaldia. 16 mm-ko formatu analogikoan grabatutako pieza poetiko eta artisaua izango da, eta, herriko paisaia, gastronomia eta belaunaldien arteko transmisioa uztartuko ditu. Olagarroarekin batera, dokumentaleko beste protagonistak Alejo Aizpurua eta Maite Aizpurua aita-alabak izango dira. Malen Trenadok Iñaki Agirrezabala zumaiarra ere izango du ondoan proiektu honetan.

gazte-ekimen-1.JPG

gazte-ekimen-2.JPG

Fikziozko laburmetraia

700 laburmetraia, berriz, etorkizuneko fikzio batean kokatzen da: baliabide-eskasia nagusitzen den mundu batean, komunitate batek arau zorrotz baten bidez biziraupena bermatu nahi du. Haur batek hamar urte betetzeak beste bizitza baten sakrifizioa dakar, eta horren bidez familia, moral eta giza-konbentzioen inguruko hausnarketa egiten du filmak. Proiektua gazte-talde zabal batek gidatuko du, eta ikus-entzunezko sorkuntzaren arloan lehen urrats profesionalak ematea da haien asmoa. Lanaren sormen-prozesua eta atzeko istorioa jarraitzeko instagram kontua sortu dute (@700laburmetraia).

700.jpeg

Bi proiektuek tokiko talentua eta euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzaren potentziala erakusten dute. Zumaiako Udalarentzat gazteen grinak babestea eta haien proiektuak komunitatearekin partekatzeko aukerak sortzea da ekimen honen helburua.

hari-gorritik.pngHari gorritik tiraka liburuxkaren aurkezpena gaur arratsaldean

Iazko deialdiko proiektuek ere eman dute fruitua: Aitor Tenak gaur arratsaldean (urriak 17) aurkeztuko du Herri Gaztedi mugimenduari buruzko bere ikerketa-lan dibulgatiboa, eta Iñaki Agirrezabalagaren Basoa.wav EPko abesti bati buruzko bideoklipa ikusgai dago otsailetik. Bi lan horiek izan ziren gazte ekimenak bultzatzeko dirulaguntzen lehen edizioan hautatuak, eta Zumaiako gazteen sormenaren eta konpromiso sozialaren adibide dira.