Irene Iruretak lortu du 2025eko sormen beka, flyschari buruzko pop-up albuma sortzeko

2025/06/24

Iruretak haurrei zuzendutako pop-up album ilustratu bat sortuko du, Flyscharen historia geologikoa eta inguruko biodibertsitatea modu bisual eta interaktiboan azaltzeko; euskaraz sortutako lehenengo pop-up liburua izango da. Zumaiako Udalaren 6.000 euroko beka lortu du horretarako.

Guztira bost proiektu aurkeztu dituzte Zumaiako Udalak egindako sormenerako dirulaguntzaren 2025eko deialdira. Askotarikoak izan dira aurkeztutako egitasmoak: film labur bat, ikerketa eta erakusketa proposamen bat, antzezlan bat sormen prozesua, ikuskizun eszeniko bat sortzeko prozesua, eta pop-up liburu bat sortzeko proiektua. Kultura batzordeko hiru ordezkarik, eta kultur arloko hiru adituk osatu dute epaimahaia, eta guztiek ere aurkeztutako lanen kalitate ona nabarmendu dute. Horiek guztietatik Irene Iruretaren proiektua aukeratu dute ahobatez.

Irene Irureta ilustratzaile eta artista zumaiarra haurrei zuzendutako pop-up formatuko album ilustratu bat sortzen ari da, Flyscharen sorrera eta historia geologikoa modu erakargarrian azaltzeko. Proiektuak oinarri zientifiko sendoaren gainean eraikitakoa da, gainera: Asier Hilario geologoaren lanetan eta Algorriko flyscharen garrantzian oinarritzen da, eta Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen babesa ere jaso du.

Zumaiako flyscha erreferentziazko elementua da mundu mailan, Lurraren historia geologikoan funtsezkoak diren pasarteen lekuko delako. Horren adibide dira dinosauroak desagertu ziren K/T mugaren edo Lurraren beroketa maximoaren arrastoak. Liburu berezi honekin, milioika urteko historia jasotzen duten geruza geologikoak jarraituz, haurrek dinosauroetatik hasi eta gaur egungo itsas ekosistemetaraino iristen den bidaia egingo dute. Horretarako, pertsonaia nagusi gisa hainbat izaki bizidun erabiliko ditu Iruretak —dinosauroak, ologarroak, amoniteak, itsas trikuak eta anemonak—, eta haien bidez irudikatuko dira bai historia geologikoa, bai gaur egungo biodibertsitatea.

Proiektu honek baditu nabarmentzeko beste bi kontu. Alde batetik, jatorriz euskaraz sortutako pop-up album ilustratua izango da; gaur egun ez dago halako lanik. Bestetik, artistaren ikuspegi pertsonala eta estetikoa: ilustrazio guztiak eskuz egin ditu, gouache, koloretako arkatz eta akrilikoak uztartzen dituen tekniken bidez; mekanismo interaktiboak ere Iruretak berak diseinatu ditu, irudiaren eta mugimenduaren arteko batasun eta lotura bermatuz.

Album honek geologiaren eta biodibertsitatearen ezagutza modu ludiko eta interaktiboan helarazi nahi die irakurle txikiei, irudimena eta jakin-mina piztuz. Horrekin batera, ingurune naturalarekiko jakin-mina, zaintza eta miresmena piztu nahi dizkie. Hezkuntza, sormena eta dibulgazio zientifikoa uztartzen dituen sormen-lan berritzailea izango da, beraz.

Sormena babesteko

Sormen lanak babesteko helburuarekin sortu zuen Zumaiako Udalak beka berri hau, 2022an. Kultur sorkuntza bezala ulertzen dira artistaren imajinaziotik eratorritako edozein obra: literatura, antzerkia edo antzerki testuak, zinema eta ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak, eta bestelakoak. Proiektu zehatzak eta beharrezko sormen prozesua barnebiltzen ditu deialdiak.

Lehenengo deialdian Ibane Astigarragak eta Esti Curielek lortu zuten beka, bakoitzak proiektu banarekin: Astigarragak Julio Beobideren inguruko ipuin kontaketa bat prestatu zuen; Curielek, berriz, antzerki obra baten hastapen lanak egiteko baliatu zuen dirulaguntza. Iaz Migel Gutierrezek lortu zuen bekaren zenbateko osoa, basoa.wav proiektu musikala garatzeko.

Halako ekimenekin, Zumaiako Udalak herritarren parte-hartze aktiboa eta sormena sustatu nahi ditu, kultur sormenak gizarte osoaren ongizateari ematen dion balioa kontutan hartuta.